Katalunia. Errepublika

«Gobernu legitimoa», babesgabe

Puigdemontek Espainiaren jazarpena salatu du Bruselan, eta «bidezko» prozesu judiziala izateko «bermeak» eskatu ditu. Fiskalak akusatutako hogeiak biharko eta etziko deitu dituzte deklaratzera

Carles Puigdemont Generalitateko presidentea, atzo eguerdian, Bruselako Prentsa Klubera iristean. Ikusmin handia piztu zuen agerraldiak. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
jon olano
Brusela
2017ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Asiloa eskatzera ez, baina itzultzeko presarik gabe joan zen astelehenean Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea Bruselara. «Belgikako hiriburura» ez, «Europako Batasunaren bihotzera», Puigdemonten beraren hitzetan, Espainiako Estatuaren jokabideaz ohartarazteko eta Europan «agerian uzteko Kataluniako arazoa». Mezu argia bidali baitzion EBri: «Erreakzionatu».

Erredakzio hau ixteko orduan informazio kontrajarriak zabaltzen ari ziren. Iturri batzuen arabera, Puigdemontek berak eta kontseilari batzuek Bartzelonara itzultzeko hegazkina hartu zuten gauean. Beste iturri batzuek zioten kontseilari batzuk bai, itzuliko zirela, baina Puigdemont ez, Bruselan jarraituko zuela.

Nolanahi ere, ikusmin handia sortu zuen Puigdemonten agerraldiak atzo. Ordu eta erdi lehenagora arte ez zen jakin non zen egitekoa prentsaurrekoa. Belgikako Gobernuaren eraikin batean egitea zen asmoa, baina hark utzi ez, eta Bruselako Prentsa Klubean egin zuten; areto txiki batean, 200 bat kazetari, lekua hartu ezinik. Han zeuden Kataluniako eta Espainiako hedabide ugari, baina baita beste hainbat herrialdetakoak ere: Austria, Alemania, Bulgaria, Italia, Erresuma Batua, Frantzia...

Irrati, telebista nahiz prentsa idatziko langileen ahotan, zalantza bat: asiloa eskatzera ote zihoan Puigdemont. Harekin batera agertu ziren sei gobernukide: Joaquim Forn Barne kontseilaria, Meritxell Borras Gobernazio kontseilaria, Antoni Comin Osasun kontseilaria, Dolors Bassa Lan, Gizarte eta Familia kontseilaria, Meritxell Serret Nekazaritza kontseilaria eta Clara Ponsati Hezkuntza kontseilaria. Hitzaldian ez zuen asilo eskaerarik aipatu Puigdemontek, baina, kazetarien galderei erantzunez, argi utzi zuen ez zuela horretarako asmorik, eta «askatasunez eta segurtasunez» jarduteko joana zela Bruselara.

Zergatiak hitzaldian azaldu zituen, katalanez, gaztelaniaz eta frantsesez, Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak bezperan aurkeztutako kereila gogora ekarrita. Salatu zuen matxinada, sedizio eta beste akusazioek ez dutela «oinarri juridikorik» eta idatzian gertaera politikoak aipatzen direla: «Ideia bati jazartzean oinarritzen da, pertsona batzuei jazartzean, ez delitu batean». Eta erantsi zuen: «30 urteko espetxe zigorra eskatzen dute hauteskunde programa betetzeagatik».

Puigdemontek argi utzi nahi izan zuen ez duela Belgikako Gobernuari ezer eskatzeko asmorik, baina ez zuen argitu zenbat denbora emango duen Bruselan: «Europako herritar naizen aldetik, mugimendu askatasuna dut». Eta «bermeak» eskatu zituen: «Bidezko tratua eta epaiketa izango dudala ziurtatuz gero, berehala itzuliko ginateke».

Generalitatearen eta Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide subiranisten aurkako ekinbide judizialez harago, Madrilen «gogortasuna» kritikatu zuen, eta hari lotu ostiralaz geroztik Generalitateak izandako jarrera. «Kontrastatutako iturriak» aipatuta jakinarazi zuenez, «Espainiak erasoaldi oso oldarkorra eta Katalunian aurrekorik gabea» egiteko asmoa zuen, «gobernu legitimoarekiko leialak» ziren funtzionarioak jomugan jarrita. Egoera horretan, Kataluniako Gobernuak «zuhurtzia, segurtasuna eta moderazioa lehenetsi» zituen: «Gobernuak perspektiba horretatik hartu ditu neurriak, eta koherenteak dira bakearen, pluraltasunarekiko errespetuaren eta administrazioaren neutraltasunaren balioekin».

Puigdemonten hitzetan, Generalitateak «nahiago» izan du «bermatzea» ez dela indarkeriarik egongo: «Jarrera horren prezioa bada errepublikaren ezarpena moteltzea, arrazoizko prezioa da XXI. mendeko Europan».

Bartzelonan eta Bruselan

Gobernu erdia Bruselan zela, beste erdiak batzar bat egin zuen Bartzelonan, asteartez, gobernu kontseilua biltzen den egunean. Argazki bat sareratu zuten, «jarraitzen dugu» esaldiarekin, eta bertan ageri ziren Oriol Junqueras presidenteordea, Jordi Turull bozeramailea, Raul Romeva Atzerri kontseilaria, Josep Rull Lurralde kontseilaria eta Carles Mundo Justizia kontseilaria. Generalitateak «lan plana egokitu» duela adierazi du Puigdemontek, eta lau zeregin lehenetsi dituela: Belgikan daudenean izango da Espainiako Justiziaren «politizazioa» salatzea EBn; Katalunian daudenean, berriz, «jarduera politikoa» egiten jarraitzea «gobernu legitimo» gisa: «Inola ere ez dugu gobernua utziko; mugak muga, lanean segituko dugu». Bestalde, 155. artikuluaren ezarpenari aurre egiteko egitasmo guztiak babestuko ditu Generalitateak.

Abenduaren 21eko hauteskundeak izango dira gobernuaren beste lan ildoetako bat: «Erronka demokratikoek ez digute beldurrik ematen, kontrakoa baizik: Espainiako Estatuak plebiszitu bat egin nahi izan badu 155.a eta bere politikak zilegi egiteko, guk erronkari helduko diogu». Hala ere, konpromisoak eskatu zituen Puigdemontek atzo: «Guk emaitzak errespetatuko ditugu, beti egin dugun bezala. Gauza bera egingo al dute Espainiako Gobernuak eta 155.aren blokeak?». Kataluniako herritarrei mintzatu zitzaien hurrena: «Prestatu bide luze baterako. Aurrean dugu soilik indarraren arrazoia ulertzen duen estatu bat, eta erabaki duena indarkeria eta jazarpena erabiltzea gure proiektu politikoa bazter uzteko. Ez dute lortuko».

Bere herrialdean bertan gaiak interesa piztu duela-eta, Puigdemonten inguruan aritu zen Belgikako lehen ministro Charles Michel adierazpen ofizial batean: «Puigdemont jauna ez dago Belgikan gobernuaren gonbidapenez edo ekimenez. Schengen eremuak ahalbidetzen dio Belgikan egotea, bestelako tramiterik gabe. Puigdemontek Europako beste herritarren eskubide eta betebehar berak ditu; ez gehiago, ez gutxiago». N-VA Flandriako alderdi abertzaleko buru eta Anberesko alkate Bart de Weverrek, berriz, esan zuen «laguna» dela Puigdemont eta «beti ongi etorria» izango dela.

Espainian bestelakoak izan ziren erreakzioak. Barne Ministerioak Puigdemonti ihardetsi zion Espainian «inor» ez dela jazarria bere ideia, sinesmen edo iritziengatik, «legez kanpoko ekintzengatik baizik». Enric Millo Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak, berriz, Ministroen Kontseiluan atzo hartutako erabakien berri eman zuen. Puigdemontek abenduaren 21eko bozak «onartu» izana «inportantea» dela ere nabarmendu zuen. Generalitatearen funtzionamenduaz ere mintzatu zen, eta esan zuen «normaltasun osoz» ari direla.

Fiskalaren idatzia, onartuta

Espainiako Justizia, bien bitartean, bere bidea egiten ari da. Konstituzionalak ostiraleko independentzia deklarazioa bertan behera utzi zuen atzo. Eta Generalitateko hamalau kideren eta Kataluniako Parlamentuko Mahaiko seiren aurkako kereilak aurrera doaz, matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita. Espainiako Gobernuak ez dituenez mahaiko kideak kargugabetu, forudunak dira oraindik, Kataluniako Auzitegi Nagusian epaitu beharko lituzkete, beraz; baina egozten dizkieten delituek Espainiako Estatu osoan eragina dutelakoan, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago auzia. Auzitegiak atzo onartu zuen tramiterako fiskalaren idatzia, eta, auzia onartzeko idatzian argitaratu zuenez, baliteke matxinada akusazioa murriztea eta «matxinatzeko konspirazioa» leporatzea. Pablo Llarena magistratua izango da instrukzio epailea, eta sei ikertuek bihar eta etzi joan beharko dute deklaratzera, goizeko bederatzietatik aurrera.

Generalitateko presidente edo kontseilari izateagatik kargugabetutakoek, ordea, forudun izaera galdu zuten, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak ikertuko ditu horien aurkako salaketak. Lamelak atzo onartu zuen fiskalaren kereila, eta parlamentuko mahaikideen egun eta ordu bererako jarri die hitzordua Generalitateko auzipetuei. Fiskalaren eskaria onetsita, epaileak 6,2 milioiko bermea ezarri die, eta kontuak bahituko dizkie hiru eguneko epean diru hori ematen ez badute.

Puigdemontek iluntzean jakinarazi zuen, Bruselako hoteletik atera berritan, ez zuela zitaziorik jaso: «Prentsaren bidez izan dut horren berri».

Auzia bere gain hartzeko eskumena duela argudiatzeko autoan, Lamelak bere egiten ditu fiskalak akusazioan idatzitakoak: ikertutako ekintzen helburua zela «Espainiaren lurralde antolaketa apurtzea» eta, beraz, bat datorrela Espainiako gobernu eraketaren aurkako atentatu delitu batekin. Areago, uste du fiskalaren idatzitik ondoriozta daitekeela akusatuek «estrategia bat» prestatu zutela urriaren 1eko autodeterminazio erreferenduma eta urriaren 27ko independentzia deklarazioa egiteko, eta horretarako «antolatuta» zegoela «mugimendu sezesionista osoa, rolak banatuta zeudelarik gobernuko agintarien, parlamentarien eta erakunde independentisten artean». Epailearen esanetan, fiskalaren idatziak modu «serio, arrazional eta zentzuzkoan» aurkezten ditu matxinada eta sedizio delituak salatzeko arrazoiak.

Epaileak fiskalaren kereilara erantsiko du Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart Kataluniako Biltzar Nazionaleko eta Omnium Culturaleko presidenteen aurkako auzia. Hamasei egun daramatzate preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.