Katalunia. Polizia operazioa

Erresistentzia zibilaren txanda

Auzitegi Nazionalak CDR errepublikaren defentsarako batzordeen kontrako operazioa abiatu du. Terrorismoa eta matxinada egotzi, eta lagun bat atxilotu dute. Alderdiek gogor salatu dute neurria

Bartzelonan CDR errepublikaren defentsarako batzordeen alde atzo iluntzean egindako elkarretaratzearen irudia. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako judizializazioan, ordezkari politikoen ostean, erresistentzia zibilean ari den herriaren txanda etorri da. Espainiako Auzitegi Nazionalak CDR errepublikaren defentsarako batzordeen kontrako operazioa abiarazi zuen atzo, eta, lehen aldiz, judizializazioan beste langa bat saltatuz, terrorismo akusazioa ere egin du. Fiskaltzak duela astebete jakinarazi zuen ikertu egingo zuela batzordeek egindako ekintzetan matxinada deliturik ba ote dagoen, baina auzibidean, matxinadaz gain, terrorismoa egitea ere leporatu diete protesta ekintzen bidez kalean errepublika independentea babesten ari diren herritarrei.

Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiak agindu du operazioa, fiskaltzaren salaketa bera oinarri hartuta; Diego de Egea epaileak zuzentzen du areto hori, eta bi lagun atxilotzeko agindua eman zion atzo Guardia Zibilari.

Horietako bat, eguerdian atxilotu zuten, Viladecansen. Emakumezkoari Aste Santuko itzulera operazioan izandako protesta ekintzak sustatzea egotzi diote, zehatz-mehatz, ordainlekuetan ez ordaintzeko kanpainaren inguruko azalpenak eta estrategiak zabaltzea; audio bat grabatu zuen eta hura sare sozialetan zabaldu. Bideoan Mercabarna Bartzelonako elikagai saltokia eta hiriko portua kontrolpean hartzera ere deitzen du ekintzaileak, hala nola astebeteko greba egitera.

Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen emakumezkoa. Esplugues de Llobregateko pisu batean bilatu zuten beste ekintzailea, baina haren pisua miatu bazuten ere, ez zuten gizonezkoa aurkitu. Operazioa, hala ere, zabalik da, eta ez dute baztertzen datozen ordu eta egunotan atxiloketa gehiago izatea.

«Bide onetik goaz»

Errepublikaren defentsarako batzordeek hainbat ekintza antolatu dituzte azkenaldian, bereziki martxoan, politikari independentisten kontrako neurri judizialak salatzeko. Carles Puigdemont presidente ohiaren atxiloketaren eta hainbat politikariren espetxeratzearen ondoren ekintzen kopurua areagotu dituzte, errepideak moztuz, ordaintokietan boikota eginez eta tren geltokietan barrikadak jarriz.

CDRk, ohar baten bidez, operazioa «espero» zuela jakinarazi zuen atzo: «Egunak dira gisa honetako ekintza bat iragartzen ari zirela». Sarearen iritziz, operazioak berak adierazten du «bide onetik» doazela, eta, alde horretatik, iragarri dute «borrokan jarraituko» dutela: «Urriaren 1eko erreferendumaren kontrako jazarpenetik sortu ginen, erresistentzian, eta eraso honi ere aurre egingo diogu; sendotuta aterako gara, inoiz baino sostengu zabalagoarekin». Kalera irteteko arrazoia irmo defendatu dute ere: «Autodeterminazio eskubidea ukatzen duen, politikariak bere ideiengatik kartzelatzen dituen eta erakundeak bahituta mantentzen dituen inposizio faxista gainditzea».

Fiskaltzaren ikerketan ere euren jarduna «kriminalizatzeko» ahalegina ikusi zuten, aurreko astean argitaratutako komunikatu batean ohartarazi baitzuten ez dutela «estatu zapaltzaile eta faxistaren aurrean» amore emango: «Ez gaituzte geldituko!».

Errepublikaren defentsarako batzordeek urriaren 1eko erreferenduma babesteko sortutako taldeetan dute jatorria. Erreferenduma babesteko batzordeak uztailean eratu ziren, eta ezinbestekoak izan ziren galdeketa egin ahal izateko; izan ere, hautetsontziak gordetzeaz eta garraiatzeaz eta hauteslekuak babesteaz arduratu ziren, beti indarkeriarik gabeko erresistentziaren mezua zabalduz. «Kalean egiten den borroka» gisa definitu dute euren jarduna, sarea kriminalizatzeko «kale borroka» terminologia erabiltzen dutenen aurrean.

Neurri handi batean, ia klandestinitatean egiten dute lan, sare sozialen bidez elkarren berri izanez, eta askotariko soslaiko herritarrek osatzen dute sarea. Egun Katalunian 350 eta 400 batzorde inguru daudela uste da. Ipar Katalunian ere badute ordezkaritza. Eta Lisboan, Berlinen, Bruselan eta Espainiako hainbat hiritan ekintzaileak babesteko taldeak eratu dira.

Erreakzioak

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak «300 indarkeria ekintza baino gehiago» egitea egotzi die batzordeei. Operazioa «berandu egin izana» ere justifikatu du, esanez «hierarkiarik» ez duten talde «horizontalak» direla; «Kubako Errepublikako defentsa batzordeen antzeko antolaketa daukate».

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak aurreko astean adierazi zuen jarrera «biolentoa eta larderiazkoa» dutela, eta gobernuak aurre egingo diela eskura dituen «polizia baliabideak eta bide judizialak» erabiliz.

Kataluniako alderdi independentistek, aldiz, gogor salatu dute operazioa, eta adierazi batzordeen kontrako «errepresioa» zerbaiten erakusgarri dela; «demokrazia espainiarra gaixorikdagoen erakusgarri». JuntsPerCatalunya, ERCk eta CUP alderdiek, elkarrekin emandako prentsaurrekoan, oinarrizko eskubideak urratzea egotzi zioten Espainiari. «Soilik estatu autoritario batek pareka ditzake protesta bakezaleak eta demokratikoak matxinada eta terrorismoarekin».

PSCk eta En Comuk, berriz, ez dute oinarririk ikusten batzordeei «terrorismoaren kontrako legea» ezartzeko, sozialistek euren ekintzak «politikoki» salatuagatik. En Comuk «izugarrikeriatzat» jo du inputazioa, eta «terrorismoa ez banalizatzeko» eskatu.

Rafael Ribo Kataluniako Arartekoak ere neurriz kanpokotzat jo du terrorismo akusazioa, eta gogorarazi «adierazpen eta manifestaziorako askatasunak oinarrizko eskubideak» direla.

Kalean ere erantzun irmoa izan du polizia operazioak. Bartzelonan, Gironan, Lleidan, hiriburuetan, eta hainbat hiritan egindako elkarretaratzeetan milaka lagun elkartu ziren atzo iluntzean.

Mossoek, bestetik, sei lagun atxilotu zituzten goizean, urtarrilaren 30ean izandako protestekin lotuta. Kataluniako Parlamentuan Carles Puigdemonten hautagaitza babesteko elkarretaratzeak egin zituzten egun hartan, eta poliziaren segurtasun lerroa hautsi eta atariraino joateagatik, autoritatearen kontrako atentatua eta desordena publikoa egitea egotzi diete. Sei atxilotuak aske utzi zituzten eguerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.