Julia Sallabank. Londresko SOAS Unibertsitateko irakaslea

«Hizkuntza kontrolatzeari utzi behar zaio»

Hizkuntzaren biziberritzeak eskolatik komunitatera igaro behar duela uste du Julia Sallabankek. Nabarmendu du ez dagoela konponbide tekniko eta teknologikorik: «Guk biziberrituko dugu gure hizkuntza».

Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen hainbat arlo lantzen ditu Londresko SOAS Unibertsitateko Linguistika Sailak: hizkuntza horien artxiboa osatu du, biziberritzeko politikak aztertu ditu, hizkuntzalariak prestatu ditu lan ildo aproposak abiaraz ditzaten... Julia Sallabank (Amersham, Ingalaterra, 1960) aipatutako unibertsitateko irakaslea da, Hans Rausing Arriskuan dauden Hizkuntzen Programan. Iragan asteazkenean Gasteizen izan zen, Oihaneder Euskararen Etxean. Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloan aritu zen, Guernsey irlako hizkuntzari buruz: guernseyera.

Zure amak guernseyera zekielako hasi zinen hizkuntza ikasten. Nolakoa izan zen prozesua?

Ama ez zegoen guernseyeraren alde. Harro zegoen hizkuntza ez hitz egiteaz. 1950eko hamarkadan, modernoa izatea modan zegoen, eta ingelesa zen hizkuntza modernoa; hala ere, guernseyera entzun nuen, txikitan. Nagusitan hizkuntza ikasteko grina nuen, baina denborarik ez. Goi mailako ikasketetan aurrera egin ahala, guernseyeran zentratu nintzen, alor soziolinguistikoan. Funtsean, jendearekin hitz eginez ikasi nuen hizkuntza. Hizkuntza jarrerez egin nuen doktoretza.

Guernseyeraren eskutik hasi al zenuen arriskuan dauden hizkuntzen ikerketa?

Bai. Beste hizkuntza batzuk bilatu nituen, nire hizkuntzarekin alderatzeko: jakin nahi nuen beste ereduetatik zer genuen ikasteko, zeintzuk ziren alde nagusiak, parekotasunak... Hizkuntza politiken estrategietan nuen interesik handiena.

Hitzaldian azaldu zenuen hizkuntzen biziberritzearen teorizazioa nahiko gaztea dela. Nola ekin zenion zure lanari?

Duela hogei urtera arte ikerketak hizkuntzen gainbeheran jarri ohi zuten arreta, ez hizkuntzen biziberritzean. Ikerketa batzuk bazeuden, baina deskriptiboak ziren; ez ziren teorian sartzen. Testuinguru horretatik abiatuta, mehatxatutako hizkuntzak, soziolinguistika eta hizkuntza jarrerak ikertu ditugu. Jarrerak alda daitezke. Jendeak pentsatzen du hizkuntza batenganako jarrera ezkorra ezin dela aldatu, baina etengabe aldatzen da. Hizkuntzaren aktibistek lan handia egiten dute zentzu horretan. Beharrezkoa da hori, baina ez da nahikoa. Jarrera ez da hitz egitea.

Zein etorkizun dute hizkuntz gutxituek mundu globalean?

Pertsona batzuek pentsatzen dute erabilgarriagoa dela hizkuntza handiak hitz egitea, baina ez dut uste horrela denik. Mundu globalean, tokiko ezaugarriek aldea eragin dezakete. Jendeak sentitzen du bere ezaugarri bereizgarriak galtzen dituela globalizazioak indarra hartu ahala; testuinguru horretan, hizkuntza jarrerak aldatzen dira. «Hizkuntza hau hemen baino ez denezhitz egiten, ez du ezertarako balio» pentsatzen zuten askok, baina, orain, «hemen baino ez da hitz egiten, hortaz, bakarra da munduan» pentsatzen dute.

Hizkuntzen biziberritze prozesuan adibide nagusirik al dago?

Leku askotan eskoletan jarri da arreta. Dena den, hizkuntza erabiltzen duten heldurik ez badago, ikasleek ez dute eskolatik kanpo erabiliko. Fokua helduengan jarri behar dela uste dut. Man uhartearena adibide egokia da. Azken manera hiztun zaharra 1974. urtean zendu zen. Dena den, heldu talde bat lanean hasi zen: haien kabuz ikasi zuten hizkuntza, seme-alabei transmititu zieten, irakasle gisa prestatu ziren, zenbaitek ibilbide politikoa abiarazi zuten, hizkuntza bertatik sustatzeko...

Gizarte bat elebidun bihurtzen denean, posible al da bi hizkuntzak orekan elkarbizitzea?

Joshua A. Fishmanek horri buruz hitz egin zuen. Azaldu zuen hizkuntza ezberdinak asmo ezberdinekin erabiltzen zirela. Zehaztu behar da mundu gehiena eleanitza dela, eta leku gehienetan ondo kudeatzen dela. Baina tokiaren arabera egoera alda daiteke.

Adibidez?

Leku batzuetan, zenbat eta ahalegin handiagoa egin bi hizkuntzak maila berean jartzeko, orduan eta gutxiago hitz egiten du jendeak. Garrantzitsuena da hizkuntza komunitatean erabiltzea. Horretan jarri behar da arreta.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haurren gehiengoak euskarazko ereduan ikasi dute, baina erabilerarako jauzia falta dela hausnartu da.

Galesen eta Irlandan egoera bertsua gertatzen da. Arreta eskoletan jarrita, erabilera eremuak aldatu dira. Etxeko eremuan erabiltzetik eskola eremura pasa da: eremu akademikora.

Nola orekatu daiteke?

Euskara dakiten gurasoen konpromisoa behar da; horien jarrera aldaketa. Asmo soziala eman behar zaio hizkuntzari. Hasieran sortuko diren testuinguruak artifizialak izan daitezke, baina hizkuntzaren erabilera erreala da.

Prozesu horretan, hizkuntza gutxitua ezagutzen ez dutenek zer egin behar dute?

Jarrera funtsezkoa da: ez ditzatela hizkuntza gutxituen hiztunak baldintzatu. Kasu batzuetan, hizkuntza gutxituak mehatxatzen dituela sentitzen dute pertsona horiek. Ez da logikoa, baina gertatzen da: gaztelera ez da inoiz euskarak mehatxatuta egongo. Garrantzitsua da zehaztea eleaniztasuna ez dela hizkuntzen trukaketa bat: balioa gehitzean datza.

Bi hizkuntzen arteko berdintasun ideia faltsuak motibazioa baldintzatu dezake, hizkuntzak biziberritzeko prozesuan?

Ohikoa da hori. Beste leku batzuetan ikusi da. Baltzuetan nolabaiteko deskonexioa dago belaunaldien artean. Galesko irakasleek esaten zuten: «Gazte hauek ez dakite nola zegoen egoera, zenbat borrokatu behar izan dugun»; eta gazteek erantzuten zieten: «Berriro historia horrekin, ezagutzen dugu!» [Barre egin du]. Zer egin daitekeen? Ez dakit. Irudimena baliatzea da onena.

Adibiderik bururatzen al zaizu?

Manic Street Preachers musika taldeari esker, bada galeserara gerturatu denik. Taldea ez omen da oso eredugarria hizkuntza kalitatearen ikuspuntutik, baina... Hizkuntza kontrolatzeari utzi behar zaio. Hizkuntza guztiak aldatzen dira, eta aldatuko dira. Geldiezina da. Ondo egiten ez duen jendea kritikatzen baduzu, ez du hitz egingo. Hitz egitera behartzen badituzu, ez dute nahiko.

Zein rol izan dezakete teknologia berriek?

Garrantzitsuak dira, baina erotu gabe. Jendeak itxaropena jartzen du konponbide tekniko eta teknologikoetan: eskolak konponduko du, teknologia berriek konponduko dute... Ez. Guk biziberrituko dugu gure hizkuntza. Erraza da ardura beste norbaiten esku uztea; aldiz, zailena norberaren jarrera aldatzea da.

Zein da administrazioak izan behar duen ardura?

Funtsean, babes ekonomikoa eman behar du. Halaber, erakundeen babesa neurri egokian kudeatu behar da: administrazioak ez du jendea behartu behar, ezta ekintzaileen ekimena estali ere. Jendeak izan behar du kontrola.

SOAS Unibertsitateko Hizkuntza Gutxituen Sailean egiten duzuen lanak zein eragin du hizkuntzak biziberritzerakoan?

Ezagutza sortzen ari gara, baina kaleko jendeak ez ditu irakurtzen artikulu akademikoak. Ezagutzak partekatu behar ditugu toki bakoitzeko pertsonekin. Bultzada eman behar diegu, inspirazioa, lanean jarrai dezaten. Gure sailetik politikariak pasatu dira, baita ekintzaileak ere.

Azken urteetan paradigma aldaketarik nabaritu al duzu hizkuntza politikan eta hizkuntzak biziberritzeko testuinguruan?

Fishmanek komunitatean jarri zuen arreta, familian; beste hainbatek, ordea, hezkuntzan. Nire ustez, ondo legoke jendeak Fishmanek esandakoa jarraitzea. Bestetik, berriki gertatutako gauzarik handiena hiztun berrien mugimendua izan da.

Zertan datza?

Hiztun berriak hizkuntzaren etorkizuna dira. Horren bitartez, hein batean, aitortzen da ezin izango dela berreskuratu gure hizkuntzaren garai bateko erabilera soziala; nahi ala ez, eleanitzak izango gara. Onartu behar dugu hizkuntza aldaketa erreala dela, eta arriskuan dauden hizkuntzetan aldaketa hori azkarragoa dela. Ez dugu aldaketaren beldur egon behar. Hizkuntza ez bada aldatzen, ez da biziko; aldatzea haztea da, eta, haztea, bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.