Ekainaren 10eko giza katea. Azken datuak

Zapia, eskuetatik lepora

Gure Esku Dago-k 100.000 lagun bildu nahi ditu etziko giza katean; 84.000 lagunek izena eman dute jadanik, eta orain helburua «harago» joatea dela diote. BERRIAk luze eta zabal emango du igandeko giza katearen berri

Gure Esku Dago-ko Alex Zenarruzabeitia, Karmele Olabarrieta, Andoni Mikelarena eta Jone Amonarriz, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Lau egunen faltan, 84.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean parte hartzeko —atzoko datuak dira—. Hortaz, esan daiteke antolatzaileek esku-eskura dutela hasieran ezarritako helburua lortzea, hau da, 100.000 herritarren langa gainditzea. Eta, hori ikusita, beste erronka bat jo dio GED Gure Esku Dago-k bere buruari: «harago» joatea. Hasieran, zapien bidez osatu nahi zuten giza katea, parte hartzaileen arteko lotura zapi horiekin eginez, eta, orain, zapia lepoan jarri, eta katea eskutik helduta egin ahal izateko beste jende bildu nahi dute.

Etzi izango da erabakitzeko eskubidearen alde GEDek antolatutako giza katea, eta, itxura guztien arabera, «mobilizazio historikoa» izango da, GEDeko kide Andoni Mikelarenak esandakoaren arabera. Antolatzaileek badakite herritarrak ez daudela ohituta izena eman behar izatera horrelako mobilizazioetan parte hartzeko; horregatik, izena emateko deia berresteaz gain, hori egingo ez dutenei ere mezua bidali diete: «Ez dadila inor etxean gera izena eman ez duelako».

Izan ere, aurtengo giza kateak Donostia, Bilbo eta Gasteiz zeharkatuko ditu, eta antolatzaileek pentsatzen dute hiriburu horietan izena eman ez duen herritar asko bilduko dela giza katera, eta oso jendetsua suertatuko dela.

Autobusak 10:00etan iritsiko dira bakoitzari dagokion kilometrora, eta giza katea hasi aurretik animazioa egongo da leku gehienetan. Katea 12:00etan lotuko da, eta 12:30 arte iraungo du loturik. Tarte horretan, 12:15ean, mezua irakurriko dute GEDeko arduradunek azken kilometroan, Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren atarian.

Paulo Muñoa izango da giza kateko lehenengo katebegia, Donostian; 78 urte ditu, eta denbora luzea eman du GED dinamikan lanean, diruzain. Giza katearen beste muturrean, hari akabera emateko, Aroa Arrizubieta 16 urteko gaztea egongo da. Bi mutur horien artean, milaka eta milaka herritarrek lotuko dituzte eskuak katea osatzeko.

Horietako asko ospe eta itzal handiko pertsonak dira: zerrenda ez dute guztiz osatu, baina GEDekoek konfirmatu dute han izango direla Gabriel Rufian ERCko diputatua —Donostian, lehenengo kilometroan—, Eneko Goia, Gorka Urtaran eta Juan Mari Aburto alkateak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Pili Zabala (Ahal Dugu) eta Arnaldo Otegi (EH Bildu), Xabier Euzkitze eta Andoni Aizpuru kazetariak, La Basu, Zuriñe Hidalgo eta Mikel Urdangarin abeslariak eta beste asko. Bilbon, Kataluniari elkartasuna adierazteko kilometroa egingo dute, eta han izango dira Elisenda Paluzie (ANC), Ignasi Termes (Omnium) eta Mireia Boya (CUP).

Giza katea baliatuko dute Herritarron Ituna aurkezteko: «Erabakitzeko arrazoien bilduma», Karmele Olabarrietak esan duenez. «Gure estatus politikoa erabakitzeko bideak adostu» egin nahi ditu GEDek, eragile politiko eta sozialekin batera: «Erabakitzea da gure azken helburua»

Independentistak sareak ere giza katean parte hartzeko deia egin du. Diotenez, euskal herritar gehienak erabakitzeko eskubidearen alde daude, eta «gehiengo hori erabatekoa izatea» da ezarri duten hurrengo helburua.

ELAk eta LABek ere bat egin dute giza katearekin, eta parte hartzeko deia egin diete langileei, «eredu sozial eta ekonomikoa» ere erabaki ahal izateko.

BERRIAk luze eta zabal emango du egun osoko ekintzen berri bere webgunean eta sare sozialetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.