Erasorik gabeko tratuaren alde

Hego Euskal Herriko osasun sistema publikoek argitara eman dituzten azken datuen arabera, iaz 910 eraso jakinarazi zituzten osasun zerbitzuetako langileek. Kezka areagotzen ari da halakoen inguruan; igoera agerikoa da, eta profesionalek neurriak nahi dituzte erasoen kontra.

Bi langile, Urdulizko ospitalean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
arantxa iraola
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Martxoaren 15a izan zen osasun arloko profesionalen kontrako erasoak salatzeko eguna, eta horren harira datuak eman zituzten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Osasun Departamentuak: 2017an Osakidetzako eta Osasunbideko beharginek 910 eraso jakinarazi zituzten. Datuetan igoera izan dela onartu behar izan zuten, gainera, osasun zerbitzu bietako arduradunek. 2016koekin alderatuta, Nafarroan %2 urritu dira erregistratutako eraso fisikoak, baina ahozkoak %40 ugaritu dira. Osakidetzan 151 eraso gehiago erregistratu dira orotara: %31ko igoera. Eta profesionalen arabera, datu horiek benetan jazo ohi diren erasoen kopuru txiki bat besterik ez dute erakusten. Askoz ere gehiago direla diote, baina ezkutuan daudela sarri. «Gustatuko litzaidake aurkitzea profesionalen bat ez duena bere lan ibilbidean zehar inoiz erasorik jasan». SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuko kide Maria Alonso mintzo da, arduratuta.

Izan ere, sindikatuan kezkatuta daude gaiarekin, eta kanpaina bat martxan dute: Ezerk ere ez du eraso bat justifikatzen da leloa. Horregatik, egunotan #StopErasoak jartzen duten eranskailuak paparrean jarriak dituztela ari dira lanean erizain asko. Azken datuen azterketa egin nahi dute: atzean zer dagoen argitzeko. «Ez dakigu benetan zer den. Orain arte erasoak ez dira deklaratu, eta orain deklaratzen dira? Sentsibilizazioa handitu al da? Guk uste dugu azken hori izan daitekeela. Urteak daramatzagu gai honekin lanean; lan osasuna oso garrantzitsua da gure lan ildoan, eta urtero ari gara sentsibilizazio honekin. Pentsatzen dugu horrek eramango zuela jendea gehiago salatzera», azaldu du sindikatuko ordezkari Amalia Gonzalezek.

Osasunbideko Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuko arduraduna da Jorge Pascual. Hark ere uste du erasoen erregistroa ugaritu dela, horien gainean informatzeko beharra gero eta argiago ikusten dutelako langileek. «Erasoak jakinarazi behar direla esanez informazio lan handia egin da, iraunkorra, gainera, hainbat bidetatik; bai osasun zerbitzuko zuzendaritzetatik, bai sindikatuetatik, baita profesionalen elkargoetatik ere. Jardunbide horien helburua izan da jakinarazi gabe geratzen diren kasuen kopurua apaltzea».

Aldagai asko ditu auziak. SATSEk martxan duen kanpainarekin, esaterako, mezuak zuzendu nahi dizkiete hiru kolektibori. Batetik, pazienteei: badakite usu osasun kontuekin larrituta, edo senide gaixoen lagun, aski ataka zailetan daudela, baina erasorik ezin da inoiz onartu. «Errespetuzko tratu bat eskatzen dugu», azaldu du Gonzalezek. Bestetik, administrazioari egin nahi diote dei: «neurri prebentibo gehiago» nahi dituzte erasoen aurka. «Ez dugu nahi halakoetarako ezarrita dagoen protokolora itxarotea; protokoloa da ja erasoak gertatu direnerako». Langileei ere zuzentzen ari zaizkio kanpainan: «Izan ere, muturreko egoeretan lan egitera ohituta gaude, eta estres egoera horietan, joera eta jarrera jakin batzuk onartzen ditugu. Aldiz, profesionalei ulertarazi behar zaie zenbait gauza ez direla onargarriak».

Baliabide gehiago

Estresa. Maiz agertzen da berba erizainen hitzetan. Izan ere, aldagai horrek areagotu egiten du erasoak gertatzeko arriskua. Sarri agertzen da kontsultetan, ospitaletako geletan: «Esaterako, notizia txarrak ematen dituzunean». Edo osasun sare publikoak pazienteen nahiak ezin dituela ase agerian geratzen den aldietan. «Edo itxaron zerrendak asko luzatzen direnean. Bada jendea tratamendu baten zain dagoena, eta automobil bat konpondu ezin izatea gauza bat da, baina zu halako prozesu batean bazaude, edo zure familia ezin badute artatu... Egoera zailak izaten dira horrelakoak», onartu du Gonzalezek. Azken aldagai horri lotuta, administrazioari ere dei egiten diote. «Izan ere, prebentzioa da, halaber, estres egoera horiek sortzen dituzten faktoreak urritzea. Pixkanaka ikusten dugu egoera ekonomikoa hobera ari dela, eta baliabideak ere hobetu daitezkeela ematen diren zerbitzuetan».

Ikusten dute zertan hobetua: «Adibidez, pertsonala handitzen, eta trebakuntzan ere bai: egoera zailetan nola erreakzionatu, hor langileei baliabideak ematea garrantzitsua da». Gaiari buruzko informazio osoagoa ere nahi dute. Esaterako, behatoki bat du eratua Osasun Sailak gaia aztertzeko, baina eraginkortasun urria ikusten diote. «Geratuta dago. Gaiaren gaineko informazioa lantzeko benetako foro bat sortu beharko litzateke», azaldu du Gonzalezek.

Babesa ere nahi dute erasoen berri ematen dute langileentzat: «Askotan gertatutakoa jakinarazten duzu, baina bakarrik zaude. Gero, ateratzen zara lanetik, eta zu zaude batera eta bestera begira, pentsatzen hor egon daitekeela mehatxu egin dizun pertsona. Azkenean, bakarrik sentitzen zara». Ikusi izan ditu Alonsok horrelako kasuak: «Horregatik, SATSEtik eskatzen ari gara halakoak jakinarazten dituzten profesionalei babesa emateko. Ez dago jarraipen bat, eta bada oso gaizki pasatu duen jendea. Esate baterako, badira zer egoeratan zeuden azaldu, eta pazienteren bat artatzera ertzainekin joan behar izan duten profesionalak. Imajinatu egoera!». Horretarako eratuta dituzten protokoloei atxikita, babes juridikoa ematen duela adierazi dute osasun zerbitzu publikoek, erasoei buruzko datuen berri ematearekin batera, baina harago egin behar dela uste dute langileek. Gonzalez: «Gutxienekoa da hori. Babes juridikoak ez dizu ematen babes psikologikoa edo lasaitasun fisikoa».

Aurrera egiteko, kasuak «jakinarazteko» kontzientzia pizten jarraitzea ezinbestekoa dela adierazi du Pascualek. Erasoa jasan duten pertsonei «arta psikologikoa» jasotzeko modua ere ematen zaiela adierazi du, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.