Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Hasi da mobilizazio sorta

Publizitatea

Ekonomia

Macronen lan kodea. Protestak

Hasi da mobilizazio sorta

Frantziako Gobernuaren lan kodearen erreformaren kontra 4.000 pertsona batu dira Baionan, antolatzaileen erranetan. Hurrengo mobilizaziorako eguna ere jarri dute: irailaren 21a
Sindikatuak banaturik badira ere, milaka herritar batu ziren, atzo, Baionako karriketan
Argazkia: ISABELLE MIQUELESTORENA

2017-09-13 / Eneko Etxegarai Urain

Mobilizazio sozialen urte hasiera izan zen atzokoa Ipar Euskal Herrian. Baionan, 4.000 pertsona batu ziren Emmanuel Macronen gobernuaren erreforma anitzen kontra. Azken urteetan ohikoak egin dira manifestazioak Parisek onartu erreformen kontra. Baina bazen aldaketa bat atzokoan: Santu Ispirituko zubia itxia, eta Henry Grenet zubi gorritik pasatu zen manifestazioa. Aukera baliatu eta hamabost minutuz zubia blokeatu zuten manifestariek, auto ilara luzeak sortuz Biarritz, Angelu eta Baiona arteko bide sarean.

Antolatzaileak pozik agertu dira atzoko manifestazioarekin. Grebarako deialdiarekin bat ez zuten egin ez CFDTk, ez eta FOk, eta CFE-CGCk ere. CGT eta Sud-Solidaire ziren Frantzian grebara deitu zuten bakarrak. LABk Ipar Euskal Herrian mobilizatzeko deia zabaldu zuen. Gainera, irailaren 21ean Edouard Philippe lehen ministroa Hendaian (Lapurdi) izateaz baliaturik, ekintzak iragarri ditu sindikatu abertzaleak: 11:00etan autopistako ordainbidea dohainik egingo dute, eta arratsaldean zubia blokeatzeko deialdia zabaldu dute. Intersindikala «interpelatuko» dutela adierazi zuen atzo Eñaut Aramendi sindikatuko kideak.

Atzoko mobilizazioa

«Duela urtebete El Khomri legea pasarazi zutenean karrikara atera ginen, orain Macronen lege berri hau... hamaikagarren eraso neoliberala dela argi dugu», adierazi zuen Aitor Servier Aitzina gazte erakundeko bozeramaile eta Fronte sozialeko kideak. Haren erranetan, «gazteon geroa kolokan jartzen dute lege honekin, geroz eta gehiago prekarizatu nahi gaituzte». Baionako hautetsi abertzale bakarra ere manifestarien artean zegoen. Macronek ordenantza bidez pasarazi nahi dituen moldaketek zer ekarriko duten argi du hark ere: «Nehork ezin du pentsatu langileen eskubideak azkartuko dituenik, alderantzizkoa izan daiteke soilik, langileen eskubideak ahulduko ditu». Marie Pierre Etxebarne Baionako ospitaleko CGTko kideak honela laburbildu zuen egoera: «Gizarte aldaketa bat da proposatzen zaiguna». Eta bi aukera aipatu zituen: «Edo onartzen dugu XIX. mendera itzultzea, edo progresistak gara eta XXI. mendean aurrera egiten dugu, kalitatezko eta populazioaren heineko eskubide sozialekin. Gaur herriak erabaki behar du». Bere lankide Meyeura Martinek gehitu zuen irabazitako eskubideak direla, «irabaziak norbaitek borrokatu dituelako, eta borrokatu dira gizarteari zerbait ekartzen ziotelako».

Manifestazioak balio ote?

El Khomri legearen kontra hilabeteetan mobilizatu ondoren, 49.3 artikuluaren bidez pasarazi zuten, zapore berezia utziz manifestariei. Joan den astean CGTko zerbitzu publikoetako departamenduko ordezkari Sandra Pereirak, bere izenean, salatu zuen ezer irabazi ez duen belaunaldia dela berea: «galdu besterik ez dugu egiten».

Bada, atzoko mobilizazioen eraginkortasunaz bere iritzia eman du 35 urteko Greg Seror paristarrak: «Ez dut pesimista izan nahi, baina lizeoan nintzen 1990eko hamarkadan, astearte eta osteguneko manifestazioak nire bizitza guzian ezagutu ditut. Zintzoki, ez dut ikusi aurrerapen handirik». Ekintza zuzenagoak aipatu ditu, ELBk autopista dohainik egin izana, edota iaz Mugerreko (Lapurdi) pleita gunea blokeatzearen antzekoak, «memento baten buruan stop erran beharko da, ezberdina den zerbaitera pasatu beharko da».

Belaunaldi baten «elkartasun faltari» egotzi dio Etxebarnek urteetan eskubideen «defendatzearena». Zergatik? «Despolitizatuak izan baitira jaso dugun hezkuntzagatik». Zerbait optimistagoa da Meyeura lankidea «gazteek ezberdinki eginen dutela uste dut, denbora utzi beharko zaie bereganatu dezaten, baina mugimendu bat bada gazteen artean». Haren aburuz, ezin zaie dena bizkar gainean eman, «Hor gara, ez diegu dena utziko, elkarrekin egon behar dugu».

Alternatibarik bada

Aramendik atzo oroitarazi zuen badela alternatibarik Macronen erreformarentzat, eta, halaber, sindikatuaren helburua badela Ipar Euskal Herriko negoziazio esparrua sortzea. «Hemengo patronalarekin adostuko genuke zer egin daitekeen, eta, noski, normen hierarkia ber integratuz». Iriarteren hitzetan, «hori da landu behar duguna, alternatibak beharko dira xerkatu». Zorrotz begiratu zion egoerari: «Zoritxarrez, lege proiektua pasako da, ez da dudarik, beraz, alternatiba hori jorratu beharko dela».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak