Eskoziatik Eskozia Berrira

Kaledonia Berriko Kongresuari urtebete geratzen zaio independentzia erreferendumerako deia egiteko. Hala egin ezean, Frantziako Asanbleari dagokio galdeketara deitzea, 2018. urtea amaitu baino lehen. Prozesuak luze iraun dezake, sei urte gutxienez, galdeketa hiru aldiz egiteko aukera baitute.

Eskoziatik Eskozia Berrira.
ander perez zala
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Caledonia latinetik datorren hitz bat da. Erromatarrak egun Eskozia denari izen hori jarri zioten, eta, Burdinezko Aroan, kaledoniarrak eremu horretan bizi ziren etniak ziren. Erromatarrek gorroto handia zieten, ez zutelako inoiz lortu lur hori konkistatzea, eta Ingalaterrako mugetan geratu ziren I. eta V. mendeen artean. Hamahiru menderen ondoren, Yorkshiren (Ingalaterra) jaiotako esploratzaile batek, James Cookek, espedizio bat abiatu zuen 1768ko abuztuan, beste ehun bat gizonekin batera. Helburua: Ozeano Barea esploratzea, zientifikoki eta militarki. Bigarren bidaia 1770eko hamarkadan egin zuen, eta Asia hego-mendebaldeko eta Ozeaniako hainbat irla aurkitu zituen, europarrentzat lehenengoz. Horietako bat berezia iruditu zitzaion, Eskoziaren antza zuelako, eta New Caledonia izena jarri zion: Kaledonia Berria. Ordea, ez ziren ingelesak izan irla kolonizatu zutenak, frantsesak baizik, 1853. urtean. Harrezkeroztik, 16.760 bat kilometrotara dagoen herrialde baten menpe egon dira kaledoniarrak, baina, pixkanaka, beren etorkizunaz erabakitzeko bidea egiten ari dira. Izan ere, independentzia erreferenduma egingo dute laster, datorren urteko azaroan beranduenez. Kaledonia Berriko Kongresuari urtebeteko epea geratzen zaio galdeketako data eta galdera finkatzeko; hala egin ezean, Frantziako Asanbleari dagokio erreferendumera deitzea, 2018. urtea amaitu baino lehen. Prozesuak, ordea, luze iraun dezake, sei urte gutxienez, hiru galdeketa egiteko aukera baitute. Kaledonia Zaharrak, Eskoziak, independentzia erreferenduma egin zuen 2014an; orain, Kaledonia Berriari dagokio.

Sei urte dira Hego Sudanek independentzia lortu zuela, eta, harrez geroztik, inork ez du halako erabaki politikorik hartu. Kaledonia Berriaren kasuan, independentziarako prozesua motela eta progresiboa izan da. Egun, Itsasoz Haraindiko Kolektibitatea da, lurralde autonomoa; ez du, ordea, nazioarteko harremanik, defentsarik ezta justiziarik ere. 1998an Frantziarekin sinatutako Noumeako Akordioari esker, zenbait eskumen bereganatu ditu, eta horren ondorio ere da independentzia galdeketa. Irlak ereserkia, dibisa, billeteen grafismoa eta kanak bandera ezartzea lortu zuen 2010ean, baina aurrerapauso gehiago espero dituzte irlan.

Erreferendumera deia egiteko, ganberako diputatuen %60ren babesa behar du Kaledonia Berriko Kongresuak. Ordea, 2014ko maiatzaren 11ko hauteskundeen emaitza ikusita, zaila dirudi hala gertatuko denik: kongresuko 54 diputatuetatik 29 independentziaren aurkakoak dira —loialistak deiturikoak—, eta gainontzeko 25ak independentziaren aldekoak. Alegia, gutxienez 32 ordezkarik egin beharko lukete galdeketarako deia, eta loialistek ez dute halakorik egiteko asmorik, orain arte adierazi dutena kontuan harturik. Dena den, galdeketa egin egingo da, kongresuak deitu ezean Frantziako Asanbleak egingo duelako, 2018. urtea amaitu baino lehen; Noumeako Akordioan jasotakoaren arabera, 2014. eta 2018. urteen artean egitekoa da erreferenduma.Egungo gobernua bost alderditako 11 politikarik osatzen dute; presidentea Philippe Germain da, CE Kaledonia Elkarrekin alderdi loialistakoa, eta Jean-Louis d'Anglebermes da presidenteordea, UC Kaledoniar Batasuna alderdi independentistakoa.

Hiru galdeketa

Galdeketa bat gutxienez, hiru gehienez. Hori da prozesuaren berezitasunetako bat. Lehen galdeketaren emaitza independentziaren aldekoa ala kontrakoa izanda ere, bi aldeek bigarren baterako deia egin dezakete, baita hirugarren baterako ere, hala adostu baitzuten Parisek eta Noumeak. Galdeketa bakoitza bi urteko epean egingo litzateke, eta, zoramen horren ondorioz, prozesuak sei urte iraun dezake gutxienez. Hiru galdeketen ostean ezezkoa gailenduko balitz, litekeena da irlak estatus berri bat izatea, autonomia osoa, baina betiere Frantziaren parte izanik. Alegia, Puerto Ricok AEBekin duen harremanaren gisakoa; Ozeano Barean ez litzateke lehen aldia izango, Cook uharteek eta Niuek estatus hori dutelako Zeelanda Berriarekiko.

Estatus aldaketa zehazteke dagoela, urteak dira gatazka sortu duela erreferendumeko hautesle erroldak. 273.000 biztanle ditu Kaledonia Berriak: populazioaren %40 inguru dira kanakak —autoktonoak—, eta ez-kanakak, gehienbat europarren ondorengoak, %29 inguru dira. Galdeketan 145.000k izango dute bozkatzeko eskubidea; erroldaren arabera, 65.000 kanakek eta 80.000 ez-kanakek. Oro har, kanakak independentziaren aldekoak dira, eta ez-kanakak aurkakoak, salbuespenak salbuespen.

Hiru hautesle errolda

1988an Frantziarekin adostutako Matignongo Akordioak hiru hautesle errolda zehaztu zituen bozetarako: zerrenda orokorra, probintziako berezia eta galdeketakoa. Lehenengoan egon daiteke gutxienez 18 urte dituen eta gutxienez sei hilabetez irlan bizi izan den edonor; Frantziako bozetan, Europakoetan eta tokikoetan bozka dezakete.

Bigarren zerrendan daudenek Kaledonia Berriko Kongresurako bozetan eman dezakete botoa. Lehen zerrendan daudenen artean, 1980ko urriaren 31 baino lehen jaiotakoak edo uhartera 1988ko azaroaren 8a baino lehen iritsitakoak daude bigarrenean; baita data horren ondoren jaiotakoak ere, gurasoetako bat zerrenda horretan badago. Irlara 1988 eta 1998 urte bitartean iritsi ziren eta lehen zerrendan daudenen artean, justifikatu behar dute hamar urtez bizi izan direla irlan, 2008. urtea baino lehen. Eta, nahasmen hori gutxi balitz, galdeketarako zerrenda ere desberdina da. 1988an hautesle izandako edonor, eta lehen zerrendan dagoen eta kanak estatusa duen edonork du boto aukera; baita bigarren zerrendan dagoen eta irlan jaiotako edonork ere.

Ordea, arazoak daude bi aldeen artean, zerrenda horrek ez dituelako denak kontuan hartzen. FLNKS Nazio Askapenerako Fronte Kanak Sozialistaren batzorde politikoak argudiatu du 25.000 kanak inguru zerrendatik kanpo geratu direla, kanak estatusa duten 90.000 herritarren laurdena ez dagoelako lehen zerrendan; eta, FLNKSren arabera, zerrenda horretan egon behar dira. Horren ondorioz, bi aldeen arteko diferentzia aldatu da: 145.000 herritar daude hirugarren zerrendan, baina, 90.000 kanak izan beharrean, 65.000 inguru dira. Alegia, gehiengo ziren, eta gutxiengo bihurtu dira. Konponbide gisa, Rock Wamytan buruzagi independentistak proposatu du kanak guztiak automatikoki izatea galdeketako zerrendan.

Zerrendak ez ezik, balizko independentziak ere eztabaida piztu du uhartean. Loialisten artean, argudio nagusia da independenteak izanda herrialdea pobretuko dela, «Vanuatu eta Papua Ginea Berriarekin gertatu bezala». Uste dute Kaledoniaren garapenaren gakoetako bat dela metropoliak ematen dion laguntza ekonomikoa —mila milioi euro, urtero—. Independentistek, ordea, uste dute laguntza hori pixkanaka amaituko dela, eta, horren ondorioz, Kaledoniako sistema «suntsituko» dela. Horretarako, beren baliabideen kontrolaren alde egin nahi dute.

Horietako bat da nikela, irlaren aberastasun handiena. Mundukoerreserben %25 inguru dago irlaren azpian,—seigarren ekoizlea da—, eta hori Frantziarentzat nahikoa arrazoi da independentzia ez babesteko. Txina da inportatzaile nagusia, eta ekoizpenaren parte handia Frantziako enpresen esku dago.

Gatazka horien erdian, etorkizuneko herrialdea antolatzeko proiektuak aurkezten ari dira. UC Kaledoniar Batasuna alderdiak prestatu du dagoeneko «gizarte proiektua», eta nikela jarri du herrialdearen motor ekonomiko gisa, BERRIAri azaldu dionez. Hamahiru zatitan banatu du UCk etorkizuneko herrialdearen antolaketa; besteak beste, herrialdeko sistema politikoa errepublika izatea proposatu du, eta kongresuak hautatzea presidentea.

Etorkizun politikoari buruz erabakitzeko data gerturatzear dago. Frantziak, dituen interesen ondorioz, independentziaren aurka egingo du nazioartean. Hain justu, independentistek nazioarteari dei egin diote, beren jarrera zabaldu eta irlaren egoera ezagutarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.