Grezia. Hauteskundeen atarian. Antonis Liakos. Historia irakaslea

«Greziak hausnartzera darama Europa, politikak berriro aztertzera»

Greziako krisia «europar esperimentu bat» dela uste du Liakosek, eta gizartea geldialditik aterako duen «berrabiarazte» bat derrigorra delakoan dago

JON FERNANDEZ.
Jon Fernandez.
Atenas
2015eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Amaitzen ari den aro baten eta sortzear den beste baten artean kateatuta ikusten du Grezia Antonis Liakosek. Baita Europa ere. Historia Garaikideko irakaslea da Liakos, Atenasko Unibertsitatean, eta interes handiz segitzen ari da «Greziaren europar unea eta Europaren greziar unea» deitzen duen hau.

Zergatik nabari da Greziako kalean itxaropena baino etsipen handiagoa?

Krisiak ondorio handiak dituelako. Jende askok galdu du lana, denda asko daude itxita... Duintasun galera bat ere badago. Hezkuntzan ere murrizketa handiak egon dira. Irakasle gabeko eskolak daude, eta ikasle kopuru bikoitza geletan. Ospitaleetan egoera benetan ikaragarria da. Jendea hiltzen ari da, ospitalean sartu ezin delako. Batetik, estatuaren eta zerbitzuen antolaketa falta bat dago, eta, bestetik, klaseen politikara bueltatzen ari gara.

Klaseen politikara?

Krisiaren aurretik, greziarren %25 ziren pobreak; orain, %35 dira. Krisi aurretik, aberatsenen %1ek herrialdeko aberastasunaren %45 zeukan; orain, %55 dauka. Pentsa horrek zelan eragiten duen gizartean. Gurea ez da soilik zorraren krisia, mekanismo sozialen krisia ere bada. Greziako gizartean geroz eta desberdintasun sozial handiagoak daude.

Horregatik dago itxaropen falta.

Jakina. Baina zorrarena ere arazo izugarria da. Handiegia da, eta ezin da dena pagatu. Argi dago. Horregatik egin dituzte historian zehar gizarteek zor kitak. Biblia edo antzinako Greziaren historia irakurtzen baduzu, ikusiko duzu 70 urtean behin, bi belaunalditik behin, zergen kitak egiten zituztela gizartea berrabiarazteko. Neurri oso jakintsua da, esperientzia handiaren ondorioa.

Grezia berrabiarazteko unearen atarian dago?

Argi eta garbi behar dugu berrabiarazte bat. Horixe da Syrizaren mezua.

Tsiprasek esan du astelehenean aro berri bat hasiko dela.

Hori erretorika da. Ezkerra gobernura iritsiko dela esan nahi du. Nik esaten dudan berrabiaraztea sakonagoa da, adostasunez zorrak barkatzea. Berrabiaraz ditzagun Europako gizarteak.

Sei urte beteko ditu krisiak. Esperimentu bat izan da bereziki Greziakoa?

Europar esperimentu bat izan da, gizarte bat zelan aldatu ikusteko. Europa hegoaldean estatu sozialaren hedapen garai bat izan genuen, iparraldean baino ahulagoa bazen ere. Gizarte modua aldatu egin da; oraingoa, merka- tuetan oinarritzen da. Europako gizartearen aldaketa ordaintzen ari gara orain katastrofe antzeko honekin. Kontua da: zelan aldatu norabidea?

Baduzu erantzunik?

Syriza da galdera horren ondorioetako bat. Lehen %4ko babesa zuen, eta, orain, %40koa. Baina krisi honetan esku hartzea ez da erraza. Ez da bakarrik herrialdeko politika aldatu behar, Europako politika nola aldatu ere jakin behar da. EBko politikan kontserbadoreek eta neoliberalek agintzen dute. Ez da erraza errotuta dagoen pentsamolde neoliberal hori aldatzea.

Hauteskunde hauek aukeraketa politiko bat baino gehiago direla diozu.

Ez dago jokoan soilik alderdi bat edo beste aukeratzea. Benetako aldaketa bat behar dugu. Geldialdi honetatik atera behar dugu.

Greziaren une europarra dela esana zara, eta aldi berean Europaren une greziarra dela.

Neurri batean, Syriza eta hauteskundeok Europak krisiari emandako erantzunaren ondorio bat dira. Grezia txinparta bat da, ikusteko zein den Europako Batasuna politiken emaitza hegoaldeko herrialde batean. Greziak hausnartzera darama Europa, politikak berriro aztertzera. Eta ez soilik hegoaldean, Alemanian ere pobre asko dago.

Domino efektu bat espero duzu EBn Syrizak irabazten badu?

Again, bai. Espainian, Podemos indartuko du. Italian, ezkerrera bultzatuko du zentro-ezkerra, eta Portugal eta Irlandan ere eragingo du. Frantzian ere bai. Hollande desilusioa izan da sozialistentzat, baina mugitu behar du, bestela Le Pen dator.

Zer beldur indartu dira hauteskundeetan?

Beldur nagusia eurogunetik eta EBtik kanporatzekoa da.

EBtik kanpo zer legoke?

Gerra Hotzaren lehen zatian ekialdearen eta mendebaldearen artean egon zen Grezia, baina ez zen arrisku erreala. Orduko komunistek ere ez zuten ekialdearekin lerrokatu nahi, neutral izan nahi zuten. Orain ez gaude dikotomia horretan. Grezia Europako zati integrala da. Europa ez da Berlin-Paris-Londres triangelua soilik. Balkanak, Polonia, Espainia eta Grezia ere Europa dira. Hala ez balitz, ez ziren bi mundu gerrak izango.

Krisiaren erru banaketan, zer dagokie greziarrei?

Greziako oligarkiak badu errua. Baina troikak ere oligarkiaren politika berdinak ezarri ditu. Oligarkak nonahi daude gizartean. Ez da kapitalismoa, kleptokrazia da.

Posible da orain oligarkia hori ezeztatzea?

Posible da, ezkerrak aldatu nahi badu; baina zaila da, indartsuak direlako oligarkak. Arazoa da Syrizak ez daukala estrategia politikarik gai hauen inguruan. Ekonomian eta erreskate sozialean zentratu dira, baina ez dute politika landu bat, hezkuntzan adibidez. 1990etik gaur arte asko aldatu da orain dugun aroa, gizarte hitzarmenak aldatu dira, eta horrek erakunde zaharrak aldatzea eskatzen du. Krisiari aurre egiteko modua aro aldaketara moldatzeko modua ere bada, gizarte arlo guztietan. Krisien itsasoan nabigatzen ari gara, baina kontua ez da soilik ekaitza saihestea, norantz joan nahi duzun jakitea baino.

Eta Syrizak ez daki nora jo?

Arlo batzuetan argi dauka; beste batzuetan, ez. Erreskate soziala da haien politika nagusia, baina beste alderdi asko ez dituzte landu. Halere, beste inork ere ez du egin. Proposamen berriak falta dira aro berri baterako.

Norekin gobernatuko du Syrizak gehiengo osoa lortzen ez badu?

Ez da aliantzarik izango. Syrizak gehiengo osorik lortzen ez badu, bigarren hauteskundeetara joango gara. Ezinezkoa da Pasokekin edo To Potamirekin aliantza egitea, politika erabat ezberdinak proposatzen dituztelako.

Zer gertatuko litzateke bigarren itzuli batean?

Syrizak babes handiagoa lortuko luke, zalantza barik. NDk oso zail du zentrotik botoak eskuratzeko, eta are zailago eskuin muturretik. Neonazien jarraitzaileek ez diote NDri emango botoa, Egunsenti Urrekarako buruak kartzelatu dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.