Espazioa ere gudu zelai

Nazioarteko Espazio Estazioaren eta AEBetako satelite militar baten arteko hurbiltzeak espekulazioak piztu ditu. Egun, halako 550 satelite daude, eta haiekiko mendekotasuna erabatekoa da.

NROL-76 satelite militarraren jaurtiketa,Space X enpresaren bitartez. SPACEX.
Juanma Gallego.
2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Hilaren 3an, ezusteko bisitaria izan zuten Nazioarteko Espazio Estazioan: estaziotik sei kilometro ingurura, satelite bat igaro zen. Lurretik sateliteen jarraipena egiten duten zaleei esker jakin da horren berri. Bisitaria AEBetako NROL-76 satelite militarra izan zen. Orain arte, inork ez du eman horren inguruko azalpen ofizialik. Estazioko tripulazioak ere ez du tutik esan.

Hurbilketa horren haritik, espekulazioak barra-barra zabaldu dira, eta hipotesi asko jarri dira mahai gainean: batzuek uste dute estatubatuarrek espazio estazioa erabili dutela beren sateliteko tresneria probatzeko, inori azalpenak eman gabe. Beste batzuek, ordea, hurbilketa eskupetik Errusiarekin hitzartu dela pentsatu dute; hori egin ezean, talka diplomatiko larria egongo zelakoan. Hirugarren aukera: kasualitate hutsa izatea.

Kontsultatutako adituak bat datoz: kasualitatea izan litekeela onartu dute, baina guztiek susmoa agertu dute. «Nahita izan bazen, satelitearen barruko sentsoreak eta bestelako teknologiak probatzeko izango zen, seguruenera», esan du Steven Aftergoodek, zeinak gobernuaren jarduera sekretuen jarraipena egiten duen AEBetako Zientzialarien Federazioan. Astronautikako aditu Daniel Marin astrofisikariaren esanetan, berriz, baliteke estatubatuarrek mezu bat bidali nahi izana. «Bestela, ez du zentzutik satelite sekretu baten inguruko arreta erakartzeak. Sentsoreak kalibratu nahi badituzte, espazio estazioaz gain, beste objektu asko daude aukeran». Norentzako mezua, ordea? «Agian Errusiarentzat, espazio estazioan parte hartzen duelako. Baliteke mezu adiskidetsua izatea, baina baita Errusiaren aurkakoa izatea ere. Kontuan hartu behar da Errusiak ez duela ezer esan, eta espazio estazioa nazioarteko egitasmo zibila dela».

Nazioarteko segurtasuneko aditu Gerald Stang analista ere zuhur agertu da. «Hori benetan hedabideek dioten moduan gertatu bada, niretzat sorpresa litzateke espazio estazioaren inguruan dagoen mugimendu bat kasualitatea izatea».

Datuak, argitara

Gertakariak agerian utzi du espazioa gerra zelaia dela oraindik ere, eta hor goian benetan gertatzen denaren inguruan ezer gutxi zabaltzen dela. Halere, eta mundu osoko zaleei esker, pixkanaka ateratzen ari dira argitara sekretupean aritzen diren objektu horien inguruko datuak.

«Teknologiaren garapena ikusita, eta espazioa gero eta objektu gehiago egonda, gertuko operazio horiek gero eta maizago izaten ari dira», azaldu du Stangek. Era berean, horrelako gertakariak gero eta gehiago azaleratzen direla dio adituak, «zerua eskaneatzeko teknologia gero eta sofistikatuagoa bihurtzen ari delako».

Teknologia horri esker jarraitu izan zaie X-37B espaziontziaren orbitei. Maiatzaren hasieran lurreratu zen, Floridan (AEB), espazioan 718 egun eman ondoren. Itxuraz, transbordadore baten antza dauka, baina txikiagoa da, eta autonomoa. Orain arte lau hegaldi egin ditu, baina inork ez daki zehazki zer egiten duen. Pentagonoaren arabera, teknologia berriak probatzeko tresna da ontzia. Marinek zalantzak ditu. «Tira, militarrek normalean ez dute esaten egia; behintzat, ez guztia. Bereziki, Pentagonoa izugarri trebea da egiak erdipurdika zabaltzen; eta, askotan, sekretu bat ezkutatzeko modurik onena guztien aurrean jartzea da». Ontziak soto txiki bat duela gogoratu du adituak: bertan sartzen dutena ezezaguna da.

Hala ere, Marinen arabera, Lurretik ontziaren jarraipena egin dutenek ez dute antzeman X-37B beste sateliteren batera hurbildu denik. «Ez dirudi, beraz, espioitza egiteko erabiliko dutenik. Izan ere, horretarako satelite mordo bat daukate. Tartean, komunikazio elektronikoak zelatatzeko sateliteak, ehun metro baino gehiagoko antenak dituztenak».AEBek ere GSAP satelite programa dutela gogoratu du, beste sateliteak zelatatzeko gai direnak. «Horiek, ordea, ez dute horrenbesteko atentzioa erakartzen».

Azken hilabeteotan beste satelite errusiar batek ere maniobra bitxiak egin dituela azaldu du adituak. «Halere, errusiarrek espaziorako duten aurrekontua ezin daiteke alderatu AEBek duten diru mordoarekin. Baina atzean ez geratzen saiatzen ari dira».

Estatubatuarren antzera, errusiarrek ere satelite interzeptoreak dituztela uste da, beste sateliteak zelatatzeko eta agian bertan behera uzteko ahalmena dutenak. Txinako espazio programa ezezagunagoa bada ere, herrialdearen rola ere gero eta garrantzitsuagoa da. Horren adibide da satelite bat txikitzeko 2007an egin zuten indar erakustaldia. Ordura arte, AEBek baino ez zuten garatua satelite bat akabatzeko teknologia. Estatubatuarrek 1985ean erakutsi zuten ahalmen hori, Soldwind izeneko satelite propioa birrindu zutenean. F-15 hegazkin batetik botatako misil bat erabili zuten. 2008an, bigarren aldiz egin zuten, USA-193 satelitea txikituz.

Urte bat lehenago txinatarrek erabilitako estrategia, ordea, bestelakoa izan zen: energia zinetikoa baliatu zuten. Funtsean, objektu bat jarri zuten orbitan, haien satelite batekin talka egiteko toki aproposean. Orbitan diren abiadurak hain dira handiak ezen, talka izanez gero, erraz txikitzen baitira.

Espazioan lortzen den abiadura bera ere, beraz, arma bat izan daiteke. Laserrak baino askoz eraginkorragoak, gainera. Izan ere, behar adinako energia duen laser arma bat lortzea ez da erraza. Militarrentzako aholkulari lanetan aritzen den RAND Corporation enpresak 2002an egindako estimazio baten arabera, arma gisa balio duen laser tramankulu bat eraikitzeko gutxienez 10 metro diametroko optika duen tresna bat beharko litzateke. Energia zinetikoak, aldiz, ez du horrenbesteko teknologiarik eskatzen.

Ahaztutako egitasmoak

Funtsean, objektu bat orbitan jarri eta jomuga baten aurka abiatzea da estrategia. Txinak egin zuen moduan, satelite bat txikitzeko erabili daiteke, baina proposamen zitalagoak jarri dira mahai gainean. Famatuena «jainkoaren makilak» izenekoak erabiltzeko egitasmoa izan zen. AEBetako Defentsa Estrategikorako Ekimenean —Ronald Reaganen «galaxien gerra» ezaguna— proposatu zuten hori. Wolframez egindako ziri handiak orbitan jartzea zen asmoa, Lurreko jomuga baten aurka erabiltzeko. Aurreikuspenen arabera, arma zinetiko horiek bonba nuklear txiki baten eragina izango lukete, baina kutsadura eragin gabe. Beste proiektu asko bezala, egitasmoa Pentagonoaren mahaietan geratu zen, eta, antza, horrelakorik inoiz ez da fabrikatu.

Gerra Hotzean espazioa armaz beteko zela uste bazen ere, gaur egun espazioaren militarizazioa inteligentzia eta komunikazioaren alorretara mugatu dela dirudi. Ideia hori azpimarratu du Aftergoodek. «Guk dakigula, oraindik ez da egon armatze bat espazioan». AEBetako sekretismoa gertutik ezagutzen du adituak. Izan ere, bera izan zen duela ia hogei urte aurrenekoz CIAren aurrekontuak argitara ateratzea lortu zuena. 2006an antzeko demanda bat irabazi zuen, kasu honetan, satelite espioiez arduratzen den NRO Miaketarako Bulego Nazionalaren programa sekretuak desklasifikatzeko. Esperientzia horretan abiatuta, eta beste hainbat herrialdetako espazio programekin alderatuz, programa estatubatuarrak «gardentasun pixka bat» baduela onartu du. «Errusiako eta Txinako programei buruz ez da horrenbesteko informazioa ematen». Sekretismoa egonda ere, nazioarteko kolaboraziorako aukera badagoela uste du Aftergoodek. «Inoiz baino beharrezkoagoa da, gainera. Espazio zaborraren aurka jotzeko eta esplorazio eta garapen komuna sustatzeko».

Radio Skylab podcastean eta Eureka blogean aritzen den Marin ez da hain baikorra. «Espazioa kolaboraziorako tresna bihurtu dela esatea gustatuko litzaidake. Baina potentziek gero eta dependentzia gehiago daukate sateliteekiko, eta horien aurkako edozein eraso gerra pizteko modukoa izan liteke». Dependentzia horretaz jabetuta, potentzia handiek horri aurre egiteko programa bereziak dituztela azaldu du astrofisikariak. «Haiensateliteak erasotuak izatekotan, AEBek eta Txinak komunikazio satelite berriak ahalik eta azkarren orbitan jartzeko programa zehatzak dituzte, kostu gutxiko suziriak erabilita. Bide horretan, komunikazioak berreskuratzeko aukera izango lukete, baita sistema goiztiarreko alertak berriro martxan jartzeko modua ere». Hori izan ezean, arazoak izango lituzkete. «Adibidez, soilik GPS sistemako bospasei satelite galduta, estatubatuarrek haien sistemetako zehaztasuna galduko lukete. Pentsa, GPSa ez da soilik erabiltzen nabigaziorako, kontinente arteko misilek edota gidatutako lehergailuek funtzionatu ahal izateko horren beharra dute».

Gardentasunerantz

Politika zehatzei dagokienez, Europako Batasunak eta beste potentziek espazioari lotutako segurtasuna bultzatu behar dutela dio Stangek. Europaren egoera gertutik ezagutzen du adituak. Izan ere, iaz gaiari buruzko txosten bat idatzi zuen EUISS Europako Batasuneko Segurtasun Instituturako. Analistak dioenez, «espazio jarduerei buruzko informazioa zabaldu behar da, gaizki-ulertzeak ekiditeko, istripuen aukera gutxitzeko eta espazioa gatazkarako eremua bihur ez dadin». Haren ustez, Galileo eta Copernicus satelite programei esker, Europa aktore garrantzitsua bilakatu da espazioaren arloan. Bertako jarduerak ezkutatzea gero eta zailagoa dela dio adituak. Ondorioz, «oinarrizko gardentasuna eta konfiantza eraikitzeko neurriak» beharrezkotzat jo ditu.

Ez dirudi erronka erraza denik: zenbakiak ikustea besterik ez dago. UNOOSA Nazio Batuen Espazio Gaietarako Bulegoaren arabera, 2017ko maiatzera arte, gizakiak 7.710 objektu artifizial jaurti ditu espaziora. Hainbatek mundu urrunetarako bidea hartu badute ere, gehienak Lurraren inguruan satelite gisa gelditzeko diseinatu dira: halako 4.486 objektu daude. Horietatik, 618 ez daude erregistratuta Nazio Batuek duten datu base ofizialean.

Espazio objektuen jarraipena egiten duen N2YO datu basearen arabera, 556 satelite militar daude zeruetan; askotan, ordea, izaera zibilaren eta militarraren arteko aldea oso lausoa da, eta zenbakia, hortaz, handiagoa izan liteke. Horietako edozein izan daiteke gatazka berrietarako aitzakia ala nazioarteko segurtasuna bultzatzeko tresna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.