Grezia. Hauteskundeen atarian

Tsipras gehiengo eske, duintasuna berreskuratzeko

EBZren erabakia txalotu du Syrizak, eta «beldurraren mezuarekin» bateraezina dela nabarmendu.«Aro berri bat» iragarri du Tsiprasek

Syrizako buru Alexis Tsipras, atzoko mitin jendetsuan. YANNIS KOLESIDIS / EFE.
Jon Fernandez.
Atenas
2015eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
«Gehiengo osoa behar dugu gizartea salbatzeko eta duintasuna berreskuratzeko». Alexis Tsiprasek aliantzen lotura barik gobernatu nahi du Grezian, bere programa bete ahal izateko. «Gehiengo osoa lortzen badugu, Greziaren autonomia lortuko dugu Europan», agindu zuen atzo iluntzean Syrizako hautagaiak jendez betetako Omonia plazako mitinean. «Aro berri bat» iragarri zuen Tsiprasek. Aldaketarako ilusioa bizi zuten plazan bildutako greziarrek. «Une historikoa da. Greziaren aldaketa hasieratik nahi dut sentitu», zioen Irinak (30 urte). «Beldurrik ez badugu, irabaziko dugu. Soilik esklaboek izaten dute beldurra».

Inkestak alde ditu Tsiprasek, baina ez dago argi ezkerreko koalizioak gehiengo osoa lortuko duen. Antonis Samaras lehen ministro eskuindarrari 4,5 eta 8 puntu arteko aldea ateratzen die inkestetan.

Beldurrik ez izateko eskatu zien Tsiprasek greziarrei: «Astelehenetik aurrera irain nazionala jasateari utziko diogu, eta atzerriko aginduei agur esango diegu». Besteak beste, zorra berregituratzea eta estatuak herritarren oinarrizko beharrizanak bermatzea proposatzen du Syrizaren programak. Astelehenean «egun handia» izango dela uste du jendarteab Tsiprasi begira zegoen Catyk. Lehen, Pasoki bozkatu zion; orain, Syirizari: «Tsiprasekin, behintzat, duintasuna berreskuratuko dugu».

Europako Banku Zentralak zor publikoa erosteko atzo hartutako erabakia ere ahotan izan zuen Tsiprasek, herritar askok egun osoan hartu zuten bezala. Mario Draghiren berria txalotu zuen, eta «beldurraren mezuarekin» bateraezina dela nabarmendu zuen. Samarasek, aldiz, baldintzatu egin zuen EBZren erabakia, eta mehatxu egin zuen neurri hori soilik NDk irabazten badu aprobetxatu ahal izango duela Greziak.

Tsiprasek Europako ezkerreko hainbat alderdiren babesa jaso zuen atzo Atenasen. Mitinean izan zen, adibidez, Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria: «Europan eragin handia izan dezake Greziako hauteskundeetako emaitzak, eta Europako Batasuneko agintariak horren beldur dira». Juaristiren ustez, austeritatearen aurkako aldaketa Grezian hasiko da. «Denon lana da gero hori Europa osora eramatea». Espainiako IU eta Podemoseko ordezkariak ere han izan ziren, baina soilik Pablo Iglesias Podemosko burua igo zen oholtzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.