Sevilla eta Erroma sailkatu dira Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako

Ben Yederrek sartu ditu espainiarren bi golak Old Trafforden, 76. eta 77. minutuetan. Erromak Dzekok lortutako gol bati esker egin du aurrera
Sevillako jokalariak Ben Yederrek sartutako lehen gola ospatzen.
Sevillako jokalariak Ben Yederrek sartutako lehen gola ospatzen. PETER POWELL / EFE

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko martxoak 14
Sevillak ezustea eman zuen atzo Old Trafforden, eta Manchester Unitedi 1-2 irabazita, Txapeldunen Ligako final-laurdenetan da Montellaren taldea. Ben Yederrek sartu zituen bi golak, ia erreskadan: 76. eta 77. minutuetan. Beste kanporaketan Erroma gailendu zen, eta Dzekok sartutako gol bati esker, sailkapena lortu zuen.

Montellak 73. minutuan atera zuen zelaira Ben Yeder, ordura arte jokoa sortu eta ate aurrean asmatu ezinik ari baitzen taldea. Hala, zelairatu eta lau minutura aurrelariak bikain baliatu zuen Sarabiak egin zion pasea, eta erremate gogorra eta zehatza eginez, gol ederra sartu zuen De Gearen aurrean. Ia hurrengo jokaldian, guztiz erabakita utzi zuen kanporaketa Ben Yederrek berak. Bigarren zutoinean ondo errematatu zuen erdiraketa bat, eta De Geak gol arrastoaren barrutik atera zuen baloia. Lukakuk 1-2koa sartu zuen, partida amaitzeko zazpi minutu falta zirenean. Sailkatzeko Manchesterrek beste bi gol behar zituen arren, Sevillak sufritu egin zuen azken minutuetan. Lukakuk eta Rashordek aukera garbiak izan zituzten partida berdintzeko, baina ez zuten asmatu.

Azken hamabost minutuak bezala, entretenigarria eta lehiatua izan zen partida. Talde bakoitzak argi erakutsi zuen bere jokatzeko modua. Manchesterrek joko zuzena eta fisikoa egin zuen, aurrealdean Alexisen bizkortasuna eta bizitasuna, eta Lukakuren nahiz Rashforden abiadura aprobetxatuz. Sevillak, berriz, joko landuagoa egin zuen, batez ere zelai erditik aurrera. Baina espainiarrek denboraldi osoan zehar izan duten arazoa eduki zuen beste behin: antzu ibili ziren ate aurrean. Aurkariaren atera iritsi bai, baina aparteko arriskurik gabe.

Bi golak sartu bitarte, Murielek 28. minutuan egindako erremate bat izan zen De Gearen atera egindako jaurtiketa argi bakarra. Manchesterrek berriz, lehen zatian Fellainiren eskutik, eta bigarrenaren hasieran Alexisen eta Lukakuren bidez aukera argiak izan zituzten, baina ez zuten golik sartu.

Beste kanporaketan Erromak egin zuen aurrera. Shaktarrek 1-2ko errenta zuen joaneko partidatik, baina Dzekok 52. minutuan sartutako gol bati esker, italiarrek kanporaketa iraultzea lortu zuten.

Camp Nou, epaile

Gaur jokatuko dira azken bi itzulikoak. Istanbulen (Turkia), ezer gutxi dago jokoan, Bayern Munichek erabakita utzi baitzuen kanporaketa joanekoan, etxean, Besiktasi 5-0 irabazita. Bartzelonan, ordea, dena dago zehazteko, joanekoan bana berdindu baitzuten Chelseak eta Kataluniako taldeak Londresen. Bartzelonak bederatzi sasoi daramatza jarraian final-laurdenetaraino iristen. Ingalaterrako taldeak bolada hori eten nahi du, eta final-zortzirenen langa gainditu bost urte geroago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna