Brasilgo Munduko Kopa. C multzoa. Boli Kosta

Beste aukera bat

Beste aukera bat.
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Handia zetorren Boli Kostako jokalari multzo hau: Didier Drogba (Galatasaray), Yaya Toure (Manchester City), Salomon Kallou (Lille), Gervinho (Erroma), Emmanuel Eboue (Galatasaray)... Denak batu eta sekulakoak egin behar zituzten. Baina usteak erdia ustel. Ez dute ezer irabazi, ez Afrikan, ez Munduko Kopan. Izan ditu hainbat entrenatzaile urte gutxian, eta alferrik. Talentu teknikoa nahi beste daukate jokalariek, baina elkar hartzeko garaian, ez dira hain emankorrak. Afrikan ohikoa den gabezia du Boli Kostak: oreka taktikoa falta du. Ordenarik ez du talde gisa, ez da taldea zelaian. Brasilen, beste azterketa bat dauka ikasgai hori gainditzeko, eta ematen du orain arteko notarik onena atera dezakeela. Sabri Lamouchi entrenatzaileak, Auxerreko jokalari ohiak, aurkitu du azterketa gainditzeko metodoa; hala ematen du behintzat. Itxaropentsu heldu dira Brasilera, behingoagatik talde izaera osatu dutelakoan. Gero, beti bezala, zelaian erakutsi beharko du hala den edo ez. Lamouchik kezka barra du: Yaya Toureren sasoia. Manchester Cityko erdilari indartsuak giharretako mina dauka eskuin izterrean, eta ikusteko dago igandean Japoniaren aurka joka dezakeen edo ez. Lehen partida oso garrantzitsua izan ohi da, eta horretan taldeko izarrik gabe aritu behar izatea zama handia izan daiteke. Hala ere, Yaya Tourek direnak eta ez direnak egingo ditu prest egoteko. Dena, behingoz kolpea emateko, selekzioaren hirugarren parte hartzean aspaldi espero dena emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.