Albistea entzun

Bateraezinak dira

«Azken egunetako giro bortitza ikusirik» Manu Merin Baionako presidenteak Miarritzerekin bateratzea gelditu duela iragarri du, negar malkotan.
Bateratzearen aurkako pankartak, Baionaren bulegoetan.
Bateratzearen aurkako pankartak, Baionaren bulegoetan. BOB EDME

Eneritz Zabaleta -

2015eko maiatzak 19

Oso hunkituta agertu zen atzo Manu Merin Baionako presidentea prentsaurrekora. Negarra begian eta eztarria unatua, denek itxaroten zuten albistea eman zuen. «Hurrengo sasoian bi talde profesional egonen dira Euskal Herrian: Baiona eta Miarritze». Lehenago, baina, azken egunetako giro ozpindua aipatu zuen. «Mehatxuak jaso ditut. Nik, nire enpresak eta nire familiak. Nire enpresaren atean segurtasun zaindariak jarri ditut. Nire autoari harriak bota nahi izan dizkiote. Kalean gelditu naute. Nire 8 urteko ilobengana joan dira, garrasika».

Oso hunkituta zegoen Baionako presidentea. Haren hitzetan, «azken egunetako giro bortitzak» bultzatu du erabakia hartzera. Gisa honetan bukatu zuen prentsaurrekoa: «Capbretonera goaz biltzera, eta ez joan haraino guri potroak ukitzera!».

Merinen adierazpen hauek bukaera eman diote bi aste iraun dituen psikodrama bati. Aipatzekoa da Miarritzen isiltasuna izan dela bizkitartean legea. Iragan sasoiaren antzera, zaleen kexuek eta gehiegikeriek bertan behera utzi dute proiektua. Alta, aldi honetan bateratzeak inoiz baino gertuago zirudien.

MARTXOKO BILERA ETA 'L'EQUIPE'-REN ALBISTEA

Hautsak harrotu zituen lehen hedabidea L'Equipe Frantziako kirol kazeta izan zen. Maiatzaren 2ko edizioan, bi taldeak bateratzeari buruz hizketan ari zirela iragarri zuen. Serge Blanco eta Manu Merin bi taldeetako presidenteek informazioa ukatu zuten, «zientzia fikzioa» aipatuta. Egun batzuk berantago, baina, jakin zen bi presidenteak, babesle nagusiak eta bi hirietako auzapezak martxoan bildu zirela bateratzeaz hitz egiteko. «Etorkizunaz aritu ginen. Agian, euskal errugbi probintzia bat sortzeaz. Baina ez zen inoiz erran hurrengo sasoian Baiona eta Miarritze desagertuko zirenik. Nola har dezaket horrelako erabaki bat nik bakarrik ? Nola?», adierazi zuen Merinek atzo.

ZALEEN MANIFESTAZIOA ETA BILERA

Ordutik, Miarritzen isiltasuna izan da nagusi. Baiona, berriz, zaleen ordezkariekin bildu zen iragan asteazkenean. Atean 500 Baionako zale —eta Miarritzeko gutxi batzuk— zeuden bilduta, manifestazio inprobisatu batean bateratzea arbuiatzeko. Giro gaiztoa ikusita, Merinek ez zuen adierazpenik egin. Zaleen ordezkariak gaindituta agertu ziren. Euskal probintziaren ideia aipatu zutela zehaztu zuten. Horrek are sutu zituen zaleak. Are gehiago: bitartean, Frantziako hedabide batzuek bateratzea bulegoetan aitzina zihoala aipatu zuten. Txostenak jada prest omen zeuden, eta ekainaren 30erako dena argituko omen zen. «Gezur hutsa da hori», azpimarratu zuen Merinek, haserre. Baionako zaleek, gauzak atzetik eta isilka egiten ari zirela prentsatuz, bateratzearen aurkako banderak atera zituzten Bordelen, eta bertako segurtasun enpresako langileekin liskarrak sortu.

JARRERA ALDAKETA ETA ETORKIZUNA

Baionako Administrazio Kontseiluko kide batzuen jarrerak ere ez zuen lagundu. Philippe Neys taldeko administrari eta presidente ohiak adierazpen sinestezinak egin zituen. «Merinek bere burua salbatzeko onartu du bateratzea. Alain Afflelouren akzioak erosi ditu boterea gordetzeko —martxo bukaeran saldu zituen bere akzioak Afflelouk—. Baina taldea diru beharrez baita, fusioa egin nahi du, eta Serge Blancori jokoa egin dio».

Giro narras horren erdian, Baionako hainbat administrarik bateratzea bertan behera uztea erabaki dute asteburu honetan. Administrarien sostengurik gabe, Merinek atzoko prentsaurrekoa antolatu zuen. Bitartean, galderak dira nagusi. Baiona eta Miarritzeren finantza egoera larria da oso: Miarritzek 1,7 milioi euroko zuloa omen dauka, eta Baionak, bi milioi eurotik gorakoa. Taldeko babesle nagusiak zirenek —Alain Affleouk eta Serge Kampfek— bi euskal taldeak bateratzea eskatu dute zuloa estaltzeko baldintza gisa. Ikusi beharko da orain zer gertatuko den. Bizkitartean, Baionak arrisku handia du larunbat honetan maila galtzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Manuel Neuer Alemaniako selekzioko atezain eta kapitaina, ostadar koloreko besokoarekin, larunbatean, Portugalen aurkako partidan. ©Philipp Guelland / POOL / EFE

Munich LGTBIfobiaren aurkako aldarri bihurtuko da asteazkenean

Edu Lartzanguren

UEFAk baimena eman dio Alemaniako kapitainari ostadarraren besokoa eramateko, eta estadioa ere LGTBI banderaren koloreekin argiztatu nahi dute Hungaria eta Alemaniaren arteko partidarako.

Jon Rahm, atzo, txapelketa irabazi ostean. ©EFE

Jon Rahmek irabazi egin du AEBetako Irekia

Ainara Arratibel Gascon

Duela aste batzuk Memorialetik erretiratu egin behar izan zuen, COVID-19arekin kutsatu zelako, baina gogor bueltatu da orain Barrikako golf jokalaria.

Chimy Avila, eztabaida sortu duen kamiseta soinean duela. ©BERRIA

Chimy Avilak haserrea piztu du Voxen kamiseta bat janzteagatik

Paulo Ostolaza

Osasunako aurrelariak barkamena eskatu du: «Hanka sartu dut. Ez dakit asko politikaz, ez zait interesatzen. Ez zen nire asmoa inor haserraraztea, eta barkamena eskatu nahi dut», idatzi zuen sareetan.

Rezusta, Altuna eta Artola, gaur, Bizkaia pilotalekuan. ©Monika del Valle / Foku

Altuna III.a, buruz buruko txapeldun bigarren aldiz

Jon Eskudero

Perfekziotik gertu jokatuta, Jokin Altunak 22 eta 5 irabazi dio Beñat Rezustari. Magiaz gain, gatza eta sendotasuna eman dizkio bere jokoari, eta, 25 urterekin, bigarren aldiz jantzi du txapel preziatua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna