Ikusle eta protagonista

Abian da Bilboko Mendi Film jaialdia, ostiraletik. Euskal herritarrak, antolatzaile eta ikusle izateaz gain, jaialdiko protagonista ere badira neurri batean. 51 filmetatik zortzitan parte hartzen dute zuzenean edo zeharka. Horietako bi dira eskaladako 'Al otro lado de la cuerda' (Sokaren beste aldean) eta 'Zortzi Yukon', Alaska eta Kanada artean izandako abentura bat kontatzen duena
'ZORTZI YUKON'

Unai Ugartemendia -

2017ko abenduak 12

«Oraingoz, espero genuen baino urrutirago iritsi gara»



Arkaitz Iurrita eta Eli Azurmendi

'Al otro lado de la cuerda' filmaren ekoizleetako bat eta marrazkilaria

Gaur egungo eskalatzailerik garrantzitsuenetako batzuk elkartu dituzte, eskaladako etikari, balioei eta izaerari buruz hitz egiteko. Haien artean dira Arkaitz Iurrita, Ekaitz Maiz, Mikel Zabalza, Eneko Cesar eta Unai Mendia euskaldunak, ahoan bilorik gabe hitz egiten, Pirinioetako eskaladaren alderik ezkutuena azaltzeko. Filmaren ekoizleetariko bat da Arkaitz Iurrita (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1979) eta filmerako marrazkiak egin ditu Eli Azurmendik (Donostia, 1965). Etzi emango dute, Golem zineman, 20:00etan.

Nola sortu zen dokumentala grabatzeko aukera?

ARKAITZ IURRITA: Javier Valero zuzendaria paretako eskaladari buruzko grabazio lanetan murgilduta zegoen. 2013an, nire berri zuela eta, zerbait grabatzea eskaini zidan. Orduan bururatu zitzaidan Pirinioetako zenbait txokotan gauza ederrak egin dituzten eskalatzaileak elkartu eta zerbait grabatzeko aukera.

Eta zuri, Azurmendi, nondik iritsi zitzaizun dokumentalerako ilustrazioak egiteko aukera?

ELI AZURMENDI: Arkaitzek berak eskaini zidan proiektu honetan parte hartzea. Hasiera batean bideoaren krokisak egiteko, eta, gero, begiradak eta beste margolan gehiago egin nituen. Buru-belarri sartu nintzen proiektuan. Betidanik izan dut dokumental bat edo liburu bat ilustratzeko ideia.

Asko kostatu al zaizue lana aurrera ateratzea?

A.I.: Hiru urte eta erdi. Totem MT Friend marka hernaniarraren diru laguntza izan dugu, baina, horretaz gainera, ez dugu diru laguntzarik izan. Jendearen borondate onak atera du aurrera proiektu hau.

Nolakoa izan da eskalatzaileekin lan egitea?

E.A.: Oso erraza izan da haiekin lan egitea. Gehienak aurretik ezagutzen nituen, eta denek lagundu dute azkar batean.

Zuri, Yurrita, lagunekin grabatzeak gauzak asko erraztu al dizkizu?

A.I.: Bai, noski; lehenik eta behin zein egunetan grabatu behar duzun adosteko tarte gehiago baituzu, eta, eguraldi txarra izanez gero, grabaketetan laguntzeko jendea bilatu ahal izateko…

Orokorrean, zer erakusten du dokumentalak?

A.I.: Nire ikuspuntu batean oinarrituta dago. Bertan azaltzen dira eskalatzeko niri gehien gustatzen zaizkidan lekuetako bide esanguratsuenak. Era berean, bide horiek zabaldu dituzten pertsonen ikuspuntua, ideiak, eskaladarekiko etika eta bizipenak ere azaltzen saiatu gara. Bai iraganean, bai gaur egun, Pirinioetako eskaladaren parte diren pertsona horien alderdi ezberdinak islatzen saiatu gara.

Azurmendiren kasuan, erraza izan al da argazkiek erakusten zutena marrazki bihurtzea?

E.A.: Niretzat erronka bat izan da. Alde batetik, haien begiradak ikusita, pertsona bera ezagutzea; alegia, begiradan pertsonaren ezaugarriak islatzea. Bestetik, krokisek ere badituzte beren gauzak: oso zehatza izan behar duzu bideak marraztean, baina bidearen izena irudikatu beharra dago; hori izan da niretzat zailena eta interesgarriena. Eskalatzaileekin hitz egiten nuen lanean hasi aurretik, izen hori zergatik jartzen zioten jakin nahi nuelako. Ondoren, nire irudimenari lan egiten uzten nion.

Bideak irekitzea berez da lan zaila, zer esanik ez, grabaketak tartean sartzen direnean. Arrisku handiak hartu al dituzue grabaketetan?

A.I.: Batzuetan bai, eskaladak berak eskaintzen dituenak. Baina hor dago koska, ea nola kudeatzen duzun arrisku hori. Bestalde, Jabier Valero zenbait lekutan zintzilikatzea grabaketak egin ahal izateko, arriskutsua ez, baina ikusgarria izan da.

Azurmendiren ilustrazioek balio erantsia eman al diote dokumentalari?

A.I.: Dudarik gabe. Elik akuarelen bidez eskaladako bideei buruz egindako marrazkiak izugarri politak dira, eta, gainera, zenbaitetan bidearen izena oso ondo irudikatzen dute. Eliren lanaz gain, ez nuke ahaztu nahi Luis Caminoren musika. Bien artean balio handiago bat eman diote dokumentalari.

Dokumentala ikusi dutenek ilustrazioen garrantzia aipatu dute.

E.A.: Poz handia ematen dit. Gaur egun ia dena teknologiaren kontua da, eta eskulanak estimatzeak asko betetzen nau.

Zer-nolako harrera izan zuen Frantzian estreinaldiak?

A.I.: Justu-justu aurkeztu genuen, frantsesera itzuli beharra baitzegoen. Eskerrak Ihintza itzultzailearen lanari! Nire aldetik eta Javi Valeroren aldetik, harrera ona izan genuela sentitu genuen. Horretaz haratago, Pirinioei buruz oso jantziak dauden pertsona batzuen iritzi onak jasotzeak indarra ematen digu. Era berean, noski, asko poztu gintuen dokumentalean bertan erakutsi ditugun eskalatzaileak gustura ikusteak.

Zure aldetik, Azurmendi, zer espero duzu dokumentalaz? Gustura zaude egindako lanarekin?

E.A.: Dokumentala jendearengara iristea; alegia, transmititzea. Hori da nire helburua. Lanarekin, berriz, oso gustura gelditu naiz, gehienbat eskalatzaileak ere oso gustura gelditu direlako.

Zer da zuentzat Bilbokoaren moduko mendi jaialdi bateko Sail Ofizialean egotea?

A.I.: Pasioz eta borondate handiarekin egindako jende pila baten lana saritzea. Gero gerokoak, oraingoz espero genuena baino urrutirago iritsi gara. Ea jendeak gustuko duen.

«Jendeak duen erreakzioa duela ere, oso pozik nago hau argitara ekarri izanaz»



Mattin Zeberio 'Zortzi Yukon' filmaren zuzendaria

Alaska eta Kanada arteko lurralde urrunetan, Yukonera (Kanada) urre bila joan ziren haien bideari jarraitu dio 16 eta 64 urte bitarteko zortzikote batek, oinez eta kanoaz. Tartean zen Josu Iztueta bidaiari tolosarra ere. Duela ehun urte egin zituzten haien urratsei segituta, norberak bere esperientzia biziko du, gazteenetik zaharrenera. Mattin Zeberio gaztea izan da filmaren zuzendaria (Tolosa, Gipuzkoa, 1999). Larunbatean emango dute, Bilboko BBK aretoan, 15:30etik aurrera.

Noiz hasi zinen filmaren editatze lanetan?

Duela urtebete baino gehixeago, bidaiatik itzuli eta segidan, baina, ikasketak zirela medio, askotan ezin izan nion nahi adina denbora eskaini.

Nondik datorkio Zortzi Yukon izena filmari?

Lurraldearen eta ibaiaren izena da Yukon, eta Zortzi Yukon izena, berriz, bakoitzaren bidaia pertsonaletik dator. Iztuetak dio bakoitzak bide berean bidaia desberdina bizitzen duela, eta, hortaz, zortzikoteko kide bakoitzarentzat esperientzia ezberdin bat denez, bidaia berean zortzi Yukon bizi genituela zen ideia.

Zenbat egun igaro zenituzten bertan? Zein izan zen egin zenuten ibilbidea?

Hilabete oso bat pasatu genuen bertan. Alaskan hasi ginen, Skagway herrian, eta handik Chilkoot Pass zeharkatu genuen Bennetteraino. Gero, Bennettetik Whitehorserako tartean tranpa egin genuen trenez, eta falta ziren 790 kilometroak Yukon ibaian behera egin genituen kanoaz, Whitehorsetik Dawson Cityra.

Zer kontatzen du filmak?

Oinarrian, 16 eta 64 urte bitarte dituzten zortzi lagunen bidaia da, duela 100 urte baino gehiago urre bilatzaileek eginikoaren atzetik. Nire begietatik grabatuta eta nire ahotik kontatuta dago; izan ere, nahiz eta bakoitzak bidaia ezberdin bat bizi, nik nirea kontatzeko baliabideak besterik ez nuen, ez bainuen besteen bizitzetan gehiegi sartu nahi. Hala ere, talde berezi bat ginen, eta uste dut hori nabaritzen dela filma ikustean. Horretaz gainera, zeharkatzen aritu ginen paisaiaren historia kontatzen dut bertan, Dawson Cityrako bidean atera ziren urre sukarrak itsuturiko 100.000 lagun haien espedizio basati hura.

Zuk, bereziki, zein oroitzapen duzu bidaiaz?

Bereziki bakearen oroitzapena dut. Momentu gogorrak izan genituen, nahiz eta ez dauden horrenbeste filmean, kanoatik behatz izoztuekin grabatzea ezinezkoa gertatu zitzaidalako; baina, arratsaldero sutondoan eserita, beti itzultzen zen bakea. Izugarri azkar desagertzen zen eguneko nekea, sufrimendua eta esfortzua kafea edaten hasten ginen momentuan. Isiltasun une luzeak, elkarrizketa lasaiak, ibaiaren soinua... Berdin zuen goizean zer pasatu zen, arratsaldeak dena bere lekura ekartzen zuen.

Zer aurkitu zenuten bertan?

Kanpotik, historiaz kargaturiko paisaia primitibo bat; barrutik, ordea, hutsune erraldoi bat, baina ez modu negatibo batean, pentsatzeko hutsune bat, erritmoa jaisteko eta gozatzeko hutsune bat.

Josu Iztueta bidaiariarekin bidaiatzeak zer erakutsi dizu?

Pribilegio bat izan da harekin bidaiatzea, hura bezalako gutxi baitaude munduan, eta daudenak aurkitzen zaila delako, beti alde batetik bestera dabiltzalako! Antolakuntzaz gain, kideen arteko dinamika nola zaintzen zuen ikustea oso positiboa izan zen. Ingurukoengan pentsatzeko era berezia du, mundua ezagutzen aritu den urteetan horrenbeste jenderekin ibili ondoren, trikimailu guztiak dakizki, bidaia psikologo bat da. Horrez gain, dokumentalaren prozesu guztian oso gertu egon da, ni animatzen eta posible zuen moduan beti laguntza emateko prest. Ez dakit zer ikusiko zuen nigan bidaia honen parte izateko eskatu zidanean, baina pribilegio bat izan da.

Nondik etorri zen Mendi Filmen aurkezteko aukera?

Duela urte batzuetatik hona, beti joan izan naiz Tolosako Mendi Tourrera jaialdiko film esanguratsuenak ikustera, eta beti ateratzen nintzen motibatuta. Mundu honetarako ate bat izan zen, eta ziur nengoen aurkeztuko nintzen lehen jaialdia hau izango zela, logikoa zen niretzat. Txikia sentitzen naiz Zortzi Yukon-en inguruan dauden produkzioen ondoan, baina ohore bat da aurtengo Sail Ofizialean parte hartzea.

Zer esan nahi du zu bezalako gazte batentzat Bilboko Mendi Filmeko Sail Ofizialean izateak?

Pertsonalki, oso aukera berezia da; esan bezala, niretzat mundu horretako erreferente bat delako jaialdia. Horretaz gainera, honen aurretik bideogintzan ibili naiz, baina sekulako jauzia da lehen aldiz pantaila handian lan luze bat erakustea. Proiektu honetan horrenbeste ordu pasatu ondoren, ez dakit ondo filma perfektua edo ahula atera den, baina jendeak duen erreakzioa duela ere, oso pozik nago hau argitara ekarri izanaz.

Ikusi dutenek zer esan dizute filmaz?

Hainbat bertsio landuz joan naiz, baina azkena ikusi dutenek erantzun positiboa eman didate behintzat. Ea zer dioen jendeak.

Etorkizunerako beste proiekturik ba al duzu esku artean?

Seguruenik, zerbaitekin lotuta bukatuko dut azkenean, baina nire plana datozen hilabeteetan irakurtzea, filmak ikustea, musika entzutea eta ideiak biltzea da. Ez dut presarik beste proiektu batean buru-belarri sartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna