Errusiako Munduko Kopa: A multzoa. Errusia

Selekzio bat gehiago

Selekzio bat gehiago.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Itzali bezala egin da Errusiako futbola azkenaldian. Sekula ez du izan Europako liga handienen sona, baina duela urte batzuk, diruaren bitartez, indartu egin nahi izan zuten. Jokalari onak sosekin erakarrita saiatu ziren hori egiten, baina orain, Zenit San Petersburgo da bakarrik indarraldi horri eusten diona. Pentsa zitekeen bertako futbolaren loraldiak selekzioari mesede egingo ziola, baina 2008ko Eurokopan finalerdiak harrapatu bazituen ere, ordutik gainbehera joan da selekzioa ere.

Txapelketa hau etxean jokatzea aukera ona izan zitekeen selekzioaindartzeko, baina ez da horrelakorik gertatu. «Birrinduta dago selekzioa», esan zuen 2016an Kirol ministroak, Futbol Federazioko buruak, duela bi urteko Eurokopan multzoko azkena izan eta gero, Gales, Ingalaterra eta Eslovakiaren atzetik. Emaitza txar horien eraginez, Leonid Slutski entrenatzailea lanetik kendu, eta Stanislav Txertxesov da ordutik taldeko buru. Atezain izandakoak bi urte izan ditu etxeko txapelketa prestatzeko, baina berme onik gabe jardun behar izan du, erabat txikituta zegoen jokalari multzoa berriro osatzea izan baitu lehentasun.

Etxean aritzeak ere ez dio aparteko indarrik ematen Errusiari, ez dauka izar erabakigarririk taldean, eta zeukan bakanetakoa, Kokorin aurrelaria, ez da ariko, lesio larria izan baitzuen belaunean martxoan. Azkeneko Konfederazio Kopan emandako maila txukuna eta multzoan Arabia Saudi eta Egipto ustez talde ahulagoak tokatu izana ditu itxaropen izpi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.