Errusiako Munduko Kopa. E multzoa. Brasil

1958koa berriz egitera

1958koa berriz egitera.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Europan jokatu diren Munduko Kopa guztietan, Amerikako selekzio bat behin bakarrik izan da txapeldun: Brasil, 1958an. Futbolaren historiako selekziorik loriatsuenak Pele gazte-gaztea zela lortu zuen txapelketa hura: Munduko bost titulu dauzka, eta ez du behin ere hutsik egin, denetan aritu baita. Aurtengo txapelketa Errusian izanik, Europan, batek baino gehiagok iragarri du ez duela irabaziko Europakoa ez den selekzioren batek, historikoa dela madarikazioa, eta abar. Brasilek gaia du, baina, duela 60 urte egindakoa berriz lortzeko.

Tite entrenatzaileak suspertu egin du selekzioa, sekulako zaplaztekoa hartu eta gero duela lau urteko Munduko Kopan, etxean. Futbolaren historian ondo gordeta dago Alemaniak finalerdietan eman zion astindua (1-7).

Tite duela bi urte izendatu zuten entrenatzaile, eta lortu du taldea indarberritzea. Ohi bezala, oso jokalari onez hornitua dago selekzioa, eta hor daude Neymar, Marcelo, Gabriel Jesus eta abar. Azkenera, Dani Alvesek min hartu du, eta eskuin hegaleko atzelariak ezingo du jokatu. Zulo handia utziko du.

Zuloak betetzeko baliabide falta da, hain zuzen, Brasilen hutsune handienetakoa, ez baitu titularren maila bereko jokalaririk aulkian. Partida guztiak eta minutu guztiak ezingo ditu hamaika jokalarirekin jokatu, eta aldaketak egitean antzeman dezake gabezia, beste selekzio indartsu batzuek ez bezala. Hala ere, hautagairik handienetakoa da txapelketa irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.