Albistea entzun

Arraialdetik Atxostera

Atxoste aztarnategia ezusteko ederrak ematen ari da azkenaldion. Arraialdeko tontorretik igaro ondoren, astiro-astiro abiatuko gara milaka urtean zehar okupazioa ezagutu duen aterpe emankor hori ezagutzeko asmoz.
JOSEAN GIL GARCIA / EZEZAGUNA

Josean Gil-Garcia -

2016ko otsailak 16

Azazeta mendatetik jaitsita, Birgaragoienen ikusiko dugun jatetxearen aurreko zabalgunean utziko dugu autoa. Gasteiz aldera egingo dugu lehenik eta behin, asfaltoak ongi lagunduta. Lehen bihurgunean, errepidetik irten, eta ezkerraldean ikusiko dugun langa metaliko bat zeharkatuko dugu. Gero, eskuinera jo, eta gorantz abiatuko gara. Berehala, ezkerrera egitera behartuko gaitu bideak. Aldapa pikoari aurre eginda, hari elektrikoaren ondora iritsiko gara. Eskuinetik jarraituko dugu pitin batean, eta, aldatsa amaitzean, ezker-eskuin egin ostean, erkamezti trinkoan sartuko gara.

Paseo gozoan, Acallo ibarra ikusteko aukera paregabea izango dugu. Bizkar lerrotik jarraituko dugu, tamaina lodiko enborrek ongi inguratuta. Soilgunean, ezti-ezti segituko dugu, noranzkoa aldatu gabe. Ordoki honetatik, San Kristobal tontorraren gaineko ikuspegi ederra izango dugu. Bidebanatzean, ezkerreko bidea bazter egin, eta baso alderantz eramango gaituen bidea hobetsiko dugu. Iparralderako norabideari eutsita, Askarro aterpetxera iritsiko gara.

Arraialdeko tontorra

Etxolaren ondoko ur putzua inguratu, eta ezkerreko pistatik jarraituko dugu. Goratasuna hartzeko unea da orain, baita pagadira biltzekoa ere. Minutu batzuen buruan, Kapildui mendiaren gainean altxatutako radarra ikusiko dugu. Alanbre bat zeharkatuko dugu aurrerago, baita harresi xume bat ere. Pagadiaren babesean erreferentziarik gal ez dezagun, amildegiaren ondoko ertzetik jarraituko dugu, postontzira iritsi arte.

Ekialdeko mazelan behera eginez, goratasuna galtzeari ekingo diogu. Belarrez jantzitako bidearekin bat egitean, ezkerrera okertu, eta Azazetarako bideari eutsiko diogu. Laster batean, eskuinetik segitu, eta, bide behinena abandonatu gabe, Azazetara iritsiko gara.

Aztarnategiaren bila

Santiago kaletik behera eginda, errepidea gurutzatu, eta elizara joango gara. Tenplu aurrean, hegoaldera egin, langa metaliko bat zeharkatu, eta ezkerretik ekingo dugu. Ondoren, behera doan bideari muzin eginda, suabe doan bidetik jarraituko dugu. Bide harritsu batek lagunduko digu laster aldatsari aurre egiten. Gauzak horrela, aldapa amaitu ostean, pagadi txiki bat inguratu, eta gora joko dugu, beste behin. Hurrengo bidebanatzean, behera jo eta langa bat igaroko dugu. Birgaragoienerako bideari jaramon egingo diogu orain, bide-seinaleak dioenez. Bista ederrak ditugu orain Berron ibaiak ederki zizelkaturiko paisaiaren gainean.

Atxoste aztarnategi arkeologikoa behealdean dago, ibarrak estugunea sorrarazi duen leku gordean. Hesi metaliko batek estalia da gaur egun. Bestelako irudia izan zuen, ordea, orain dela hogei urte. Garai hartan, Alfonso Aldai EHUko irakasleak zuzenduta, hainbat indusketa kanpaina abian jarri ziren. Izan ere, Atxostekoa ez da nolanahiko bizilekua izan. Aterpe egonkorra eta iraunkorra izan zen 10.000 urtetan. Unai Perales EHUko ikerlariak ezagutzera emandako datuen arabera, kokaleku errentagarria izan zen Atxostekoa, bai Mesolitoan, bai Neolitoan. Adibide moduan, eta harritzekoa bada ere, errota baten 20 kiloko harri bat agertu zen aztarnategian, nonbait, Elgea-Urkilla mendilerrotik ekarria.

Bide nagusiari men eginda, adi ibiliko gara Birgaragoienera iristeko; izan ere, errekastoaren gainetik igaro baino 50 metro lehenago, ezkerretik doan zidor bati ekingo diogu. Errekastoa ondoan daramagula, Kanpanoste Beheko aztarnategiaren ondotik igaroko gara. Errepidera irtetean, herrian sartu, eta, santutxoan eskuinera eginda, gasolindegiaren aurreko aparkalekura iritsiko gara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

San Mamesen jokatutako azken partidako irudi bat. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Partida harmailan eta zelaian

Haritz Gallastegi

Athleticeko zuzendaritzak kontuak aurkeztuko ditu bazkide konpromisarioen batzarrean. Taldea, berriz, Vila-reali irabazten ahaleginduko da, San Mamesen

Osasuna B eta Añorgako jokalariak, karolina Sarasuaren aldeko pankartarekin, Taxoaren, partida hasi aurretik ©OSASUNA

Irain eta mehatxuen kontrako protokoloen beharra, agerian

Edurne Elizondo, Nafarroako Hitza

Osasuna B-ko jokalari Karolina Sarasuak jasotako irain eta mehatxuek agerian utzi dute kirolean matxismoa badela, oraindik ere. Gisa horretako erasoei aurre egiteko protokoloak behar direla nabarmendu dute zenbait eragilek, erasoa jasan duenak salatzeko ardura hartu behar ez izateko.

 

 ©BOPB

«Ez genuen espero sailkapenaren azken postuan egotea»

Iñaki Berastegi

Ligako azken lau partidak galduta, Lonca jokalariak aitortu du Miarritze garai «zailean» dagoela. Halere, «ziur» dago taldeak «hobera» egingo duela. Brive taldearen aurka jokatuko dute gaur (15.00), Aguileran.
<b>Joselu Alaveseko jokalaria, etsita, Betisen aurkako partidan, Mendizorrotzan, ligako bederatzigarren jardunaldian.</b> ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Egarriak akabatzen dago

Eñaut Agirrebengoa

Alavesen krisiak zerikusi handia du golak sartzeko ezintasunarekin: bi besterik ez ditu sartu sasoiko lehen zortzi partidetan, bat penaltiz eta bestea kornerrez. Aukerak sortu eta baliatzeko arazoei irtenbidea aurkitu nahi die gaur, Cadizen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.