Gezurrak buztana ez hain labur

Albiste faltsuei —edo faltsuak izan daitezkeenei— nola aurre egin obsesio bihurtzen ari da hainbat gobernurentzat eta enpresarentzat. Txekiako Gobernuak talde bat jarri zuen martxan urte hasieran. Facebookek Alemanian estreinatuko du bere iragazkia, aurki. BBCk lantalde berezi bat sortu du.
BERRIA

Urtzi Urkizu -

2017ko urtarrilak 17
Albiste faltsuen bitartez zenbait hauteskunde prozesutan eta gatazkatan kanpoko parte hartzea egon daitekeelako, neurriak hartzeari ekin diote estatuek eta enpresa handiek. Igandean, Facebookek iragarri zuen Alemania izango dela aurreneko herrialdea albiste faltsuen aurkako iragazki sistema jartzen. BBCk, bestalde, lantalde berezi bat sortuko du, albiste faltsuei «mozorroa kentzeko». Fenomenoa ertz ugaritan ari da zabaltzen. Ez da kontu berria, ordea.

Gezur bat mila aldiz errepikatua, egia bihurtzen da. Baina, zenbaitetan, gezur hori hankaz gora jartzen da. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak, Europako beste gobernu batzuen laguntzarekin, gezur bat sortu zuen 2002an, Irakek suntsipen handiko armak zituela zabalduz txosten baten bidez. Horrekin justifikatu zuen 2003ko Iraken inbasioa. «Kasurik larrienetako bat da. Baina ez zen praktika berria, munduko ia gobernu guztiak albiste faltsuez baliatzen baitira beraiek parte hartzen duten gerrak justifikatzeko», azaldu du Marian Gonzalez-Abrisketa EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko irakasleak. Kazetaritza ikerketa batek azaleratu zuen gezur hura. «Baina gertaera haietan, egia-ostea nagusitu zen», dio Diego Sequerak, Venezuelako Mision Verdad komunikabideko kazetariak. Post-truth kontzeptua Oxford hiztegiak jaso du berriki. Egoera berezi bat da egia-ostea, gertakari objektiboen gainetik emozioak eta sinesmen pertsonalak lehenesten dituena iritzi publikoa moldatzeko garaian.

Egia-ostea, albiste faltsuak, eroskeria. Udo Ulfkotte Alemaniako kazetariak Gekaufte Journalisten (Kazetari erosiak) liburuan (2014) kontatu zuen AEBetako informazio zerbitzuek ordaindu egin ziotela albiste faltsuak zabaltzeagatik eta NATOren aldeko propaganda egiteagatik. Juanlu Gonzalez Ojos Para La Paz kolektiboko ekintzailea da, eta analisiak egiten ditu hainbat hedabidetan —Hispan TV, Russia Today, Rebelión...—. Haren ustez, Ulfkottek azaleratutako informazio politikak Gerra Hotzaren «azken astinduak» dira: «Ez da kasualitatea Alemania izatea ardatza Europako desinformazio gerrazalean. Hori hala izan da II. Mundu Gerra amaitu zenetik. Era berean, ez da kasualitatea gaur egun gerra mediatikoak piztea, Errusia geopolitikaren eremura iritsi denean». Errusiako «propaganda» ari dira salatzen batzuk. 2015eko martxoan, Europako Kontseiluak East Strat StratCom lantaldea sortu zuen. Hauxe da haren helburua: «Komunikazio estrategikoari buruzko akzio plan bat martxan jartzea, Errusiako desinformazio kanpainei aurre egiteko. Europako Batasuneko estatuekin eta erakundeekin elkarlanean egingo da hori».

Aurten, urteko lehen egunean, Txekiako Barne Ministerioak hogei adituko talde berezi bat jarri zuen martxan, «albiste faltsuen aurka jotzeko» eta bereziki «Errusiako desinformazio kanpainen» beldur. Urrian hauteskunde orokorrak dituzte Txekian, eta horiekin kezkatuta azaldu da gobernua. Halako erabakiekin oso kritiko azaldu da Gonzalez: «Errusofobia muturrera eramaten ari dira Europako ekialdeko herrialde batzuetan. Gatazka geopolitikoko gune bero batzuetan, informazioaren kontrola oso garrantzitsua da». Ekintzaileak larritzat du Txekiako erabakia: «Balio demokratikoei dieten mespretxua egungo erabaki estrategikoei batu zaio, eta Txekiakoaren gisako zentsore polizial ilunak sortzen dituzte. Azpiegitura militarrekin eskutik doaz, gainera».

Interneteko sare sozialetan zabaltzen dira XXI. mendean albiste faltsuak errazen eta bizkorren. AEBetako herritarren %44rentzat Facebook da lehen albiste iturria, eta, azken hauteskundeen atarian, zer esana eman zuten sare sozial horretan zabaldutako hainbat albiste faltsuk —sonatuena izan zen Frantzisko aita santuak Donald Trump babestu zuela—. Buzz Feed News hedabideko Craig Silverman eta Jeremy Singer-Vine kazetariek ikerketa bat egin zuten, eta, argitaratu zutenaren arabera, Interneteko 43 atarik 750 albiste faltsu baino gehiago atera zituzten udazken partean —ez denak politika arlokoak, asko baitziren herri txiki batera iristen ziren aktore ospetsuenak—.

«Azeriak oiloak zaintzen»

Facebooken eragina gero eta handiagoa da, eta Marck Zuckerbergen enpresa albiste faltsuei aurre egiteko sistema bat ari da prestatzen. Alemanian, datozen asteetan abiaraziko dute. Iragazki bikoitz bat sortuko dute: lehenean, erabiltzaileen salaketa egongo da; eta, bigarrenean, fast cheking-ean (informazioaren egiaztatzea) adituak direnek parte hartuko dute. Correctiv erakunde ustez independentean ariko dira aditu horiek. Bi metodoek arazoak dituztela iruditzen zaio Gonzalezi: «Denok ezagutzen ditugu Facebookek behin-behinean zigortzen dituen aktibisten orrialdeak. Bestalde, fact checking-eko kazetari adituak komunikabideetako gezurrak egiaztatzen jartzea azeriak oiloak zaintzen jartzea bezala da». Facebookek berak «zalantzazkoak» jotzen dituen edukiak partekatzen direnean, erabiltzaileak ohartarazpen bat jasoko du. Facebooken asmoa da sistema datozen hilabeteetan beste herrialde batzuetan martxan jartzea. Alemanian neurria goiz hartu dute, zio zehatzengatik; Angela Merkelen gobernuak duela hilabete iragarri zuen Facebooki milioi erdiko euroko isunak jartzeko asmoa zuela, sare sozialak eduki faltsuak zabaltzen bazituen.

Sequeraren arabera, albiste faltsuen fenomenoak AEBetako boteregune bat du oinarri: «Botere multzo bat dago Washingtonen, Wall Streeten eta Pentagonoaren talde batean». Venezuelako kazetariak garrantzitsutzat jo du iazko azaroaren 19an The New York Times-ek argitaratu zuen editorial bat. Horretan, egunkariak kargu hartu zion Facebooki, Errusiak ustez landutako «propaganda estrategia baten» erresonantzia-kutxa lanak egiteagatik. Sequerak aipatutako «botere politiko federalean» sartzen ditu CNN katea, Washington Post, The New York Times eta The Daily Beast. «1990eko hamarkadatik, Bill Clinton presidente izan zen lehen legealditik, AEBetan agindu duen botere liberal-totalitarioaren ardatza dago hor». Francisco Francoren «dena lotuta eta ondo lotuta» uzteko kontzeptua AEBetako egoerarekin alderatu du kazetariak: «Kontrol narratiboaren mekanika bat sortu dute. Akzio plan bat dago informazio mailan, baita ekonomiaren alorrean eta militarrean ere. Botere globalean aurrera egiten jarraituko dute, tokiko egitura guztiak gaindituz». Halaber, kazetariak ohartarazi du boteregune horietatik Russia Today, Sputnik News eta ikuspuntu kritikoa duten hedabide guztiak ari direla «deabrutzen».

CNN sartu du Venezuelako kazetariak botere multzo horretan, eta, hain zuzen ere, Donald Trump AEBetako presidente hautatuak kate horren aurka jo zuen joan den astean: «CNN erabateko kolapsoan dago, bere albiste faltsuekin, ikusle datuek beherantz egin dutelako hauteskundeetatik hona. Haren sinesgarritasuna aurki amaituko da». Buzzfeed webaren aurka ere jo zuen Trumpek, presidente hautatuak Kremlinarekin ustez izan zituen harremanak argitaratzeagatik.

Komunikabideen neurriak

Badira komunikabideak azkeneko urteetan albiste faltsuei aurre egiteko tresnak martxan jartzen ari direnak. Libération egunkariaren Desintox tresna da horietako bat, 2008tik gertaerak egiaztatzeaz arduratzen dena. AEBetan, Factcheck.org eta PolitiFact webguneak daude. Azken hori izan zen aitzindaria: 2007tik ari da fact-checking journalism izenekoa egiten (gertakizunen egiaztatze kazetaritza). Tampa Bay Times egunkariaren enpresarena da. Gune horietan oinarrituta, Le Monde egunkariak Les Decodeurs taldea sortu zuen 2009an —egun hamahiru langilez osatua dago—. Datu base bat sortu nahi du orain Le Monde-k, faltsuak diren orrialdeekin eta egiaztatuta daudenekin. Egunotan, halaber, Erresuma Batuko BBC talde publikoak albiste faltsuen alorrean lan egiteko lantalde berezi bat sortu du. «Ezin gara Interneteko poliziak izan, baina ezin gara gelditu besoak gurutzatuta», adierazi du James Harding BBCko albistegietako zuzendariak. Facebookekin harremanetan dagoela iragarri du, «istorio faltsuak ikustean zuzenketak argitaratzeko».

Abrisketak positibotzat jo du albisteen egiaztatze taldeak eta egiazko informazioaren inguruko interesa egotea. «Baina arazoa da zeinen eskutan dauden talde horiek. Komunikabideek sinesgarritasuna galdu dute, eta helburu ekonomikoak gailentzen dira». Gonzalezen ustez, teknologia enpresa handiak komunikabide bihurtzen ari dira. Testuinguru horretan koka daiteke Google enpresak sustatutako First Draft News proiektua. Komunikazio talde handiekin eta sare sozialekin elkarlanean ari da garatzen. Hedabideetan nabigatzeko gida bat eskaintzen dio hartzaileari, eta, argazkiak eta bideoak egiaztatzeko NewsCheck tresna ere sortu du. Sequera ez da fio: «Arreta ematen du First Draften sustatzaile nagusiak albiste faltsuak ari direla zabaltzen». Gonzalezek ohartarazi du First Draftek ez duela galarazten Google Newseko sistemetan egunero milaka albiste faltsu zabaltzea. Abrisketaren arabera, tentuz ibili behar da Interneteko plataforma handiekin: «Haien atzean dauden horiek ez dute bakarrik informazioa kontrolatzen, baizik eta gure bizitzako gustuak, gastuak eta bizimoduak».

Gonzalezek salatu du estatuak eta teknologia enpresa multinazionalak ez direla fidatzekoak «egiaren bermatzaile» gisa. Hala ere, uste du ez dela etsi behar: «Hedabide konbentzionaletan milaka albiste faltsu zabaltzen dira. Zergatik ez dizkiete haiei kontrol sistemak jartzen? Sare sozialak libreagoak izan daitezke, traba egin, eta horregatik kontrolatu nahi dute Internet. Hedabide alternatiboekin eta independenteekin, kolokan jar daiteke boteredunen eredua».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna