Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak

Amona baten patxadaz

Miren Amurizak irabazi du Zallako kanporaketa, ariketa guztietan zerbait polita utzita. Oholtzan oso lasai sentitu dela nabarmendu du bukaeran. Puntuetan zertxobait jaitsi arren, saio ederra izan da.
Miren Amuriza eta Eneko Abasolo <em>Abarkas</em>, puntuazioa jaso ostean, atzo, Zallako bertso saioan.
Miren Amuriza eta Eneko Abasolo Abarkas, puntuazioa jaso ostean, atzo, Zallako bertso saioan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Miren Garate

2017ko urriak 8
Saioan izandako sentipenei buruz galdetuta, «trankil ibili naiz» nabarmendu zuen Miren Amurizak; «denetan eduki dut zerbait utzi izanaren sentsazioa».Ikusleek ere igartzen zuten tenple onean ari zela berriztarra. Goitik beherako saioa egin zuen: ariketa guztietan ibili zen fin, seguru, eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Ofizioetan bikain aritu ziren Jone Uria (662) eta Odei Barroso (650) ere, baina hurrengo saioetako puntuen zain egon beharko dute aurrera egingo duten edo ez jakiteko. Onintza Enbeitak (640,5) hamarreko txikian utzi zituen alerik onenak; Eneko Abasolo Abarkas-ek (615,5), zortziko handian; eta Oihane Pereak, (591,5) puntua erantzun beharreko ariketan.

Lehen aldia zen: aurrez inoiz ez zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio bat egin Zallan (Bizkaia), eta, hasierako agurretan, emandako pauso hori nabarmendu zuten bertsolariek. Itxura oso polita hartu zuen Mimetiz pilotalekuak; 655 lagun bertaratu ziren, eta giro beroa jarri zuten.

Zortziko nagusian hasten dira saioak fase honetan. Ez ziren askorik nabarmendu bertsolariak. Alabaina, zortziko txikian, Amurizaren lehen kolpe sendoa etorri zen. Barroso zuen kantukide, eta gaia hau: «Zu, Odei, turismo gidaria zara. Astebete daramazu atzerritarrez osatutako erretiratu talde batekin Euskal Herrian barrena. Miren erretiratua ez da zure ondotik mugitzen egun osoan». Ondoan egoteagatik ez zuela kobratuko esanez zabaldu zuen bidea urruñarrak, eta «ondoan ez banauzu/ euki nahi jo ta ke/ zure gainean pozik/ jarriko nintzake», erantzun zion Amurizak. Jarraian, Barrosok: «Eta uste dut jakin/ beharra duzula/ hortarako adina/ pasa zitzaizula». Eta Amurizak berriro erantzun: «Lehenengo probatu/ nire eginahalez/ ta gero esan adina/ pasa zaidan ala ez». Azken bertsoan, gidaren banderatxo urdina berak eramateko proposatu zion Barrosok: «Aizu enazazu hartu/ inuzente legez/ gorputzak eskatzen dit/ martxa berez-berez/ ta komunera noa/ gozatzera nerez/ amaitzen dudan arte/ itxaron mesedez».

Bertsoaldi horrek eman zuen zeresana hurrengo ariketetan ere. Amuriza bera, kartzelakoan, andre zahar baten azalean jarri zen. «Jendea harri eta zur utziko lukeen argazkia atera berri duzu; zalantzan zaude gorde edo zabaldu», zen gaia. Saioa bukatutakoan azaldu zuenez, hasieratik izan zuen argi zein bide hartu: «Segituan etorri zait. Bertsoak hobetzeko modukoak izango ziren, baina gai hori aspalditik darabilt buruan, eta zortziko txikian egindako lanaren ostean, segituan etorri zait. Banekien besteek seguru asko Katalunia edo gerra- edo aipatuko zutela, eta ez, nik ez neukan gogo handirik horiei buruz kantatzeko». Txalo zaparrada jaso zuen egindako lanak, bertsoak onak zirelako alde batetik, baina, seguru asko, baita hartutako bideagatik ere. Honela deskribatu zuen argazkia bigarren bertsoan:

Nabaritzen da azala

nola aldatu zaidan aldez

nola dauzkadan bularrak

tinkotasunaren galdez

aluan ez dut ilerik

besapeetan, bi, trabes

ta izterretan barizek

xume hartzen dute babes

neure muga bat hautsi dut

erretratu hau eginez

ta gorputzari begira

liluratua naiz zinez

ta gorputzari begira

liluratua naiz zinez

niretzat ederra bada,

besteentzat zergatik ez?

Atzo arteko beste hiru saioetan ez bezala, puntuak erantzun beharreko ariketan, hiru bertsoak onak ez izanda ere, bertsolari guztiek bota zituzten ale politak. «Tatuaje bat egin/eta betirako», kantatu zion Idoia Anzorandia gai-jartzaileak Abarkasi, eta haren erantzuna : «Lekua oso ondo/ hautatu beharko/ nik egin ditut eta/ ez nabil hain txarto/ ispilu aurrean beti/ ikusten naiz guapo». Enbeitak, berriz, honela erantzun zuen «Sekretua omen da/ gutxi gastatzea» puntua: «Eskaparatetatik/ itsu pasatzea/ tabernako atea/ ere zarratzea/ baina holan zaila da/ batek gozatzea».

Puntu-erantzunen ariketaren ostean, hamarreko txikian aritu behar izaten dute bertsolariek. Ariketa horretan ere bi bertsoaldi on izan ziren. Elkarrizketa bete-betea osatu zuten Amurizak eta Uriak. Zortzi urteko haur baten gurasoak ziren. Uriak ohitura hori aldatzea nahi zuen, umea bere ohera joatea. «Zeren joaten bada/ gu nola epeldu/ ja e'nuke jakingo/ zuri nondik heldu», esan zuen Amurizak, eta honela erantzun Uriak:«Orain bota duzunak/ ai ze beldur kutsu/ lehenik heldu eskua/ joan pausuz pausu/ lasai ze berehala/ oroituko duzu».

Nabarmentzekoa izan zen Enbeitak eta Barrosok egindako lana ere. «Duela urtebete amaitu zenituzten irakasle ikasketak. Onintza, Odei urduri etorri zaizu esanez ospe txarra duen ikastetxe batetik deitu diotelako lanerako», zioen gaiak, eta hauek izan ziren, hurrenez hurren, Enbeitaren eta Barrosoren bigarren bertsoen amaierak: «Zuk egizu zeurea/ suabe-suabe/ ta zuk aldatu eurek/ zu aldatu gabe» eta «baina ni nola lotu/ eskolan gudari/ kasu egiten ere/ ez bazaizkit ari/ ezin zaio eman jaso/ nahi ez duenari».

Gaur, Zumaian

Saioa irabazi duenez, Durangoko finalaurrekorako zuzenean sailkatu da Amuriza. Azaroaren 12an izango da, eta dagoneko jakinekoa da Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran behintzat izango dituela kantukide. Puntuazioz 2., 7. eta 10. egiten duten hiru bertsolariek osatuko dute finalaurreko hori.

Hain zuzen, final-laurdenen fasea amaitzeko bi saio bakarrik falta dira jada. Gaur bertan izango da horietako lehena, Zumaian, Aitzuri pilotalekuan. Arkaitz Oiarzabal Xamoa-k, Asier Otamendik, Ibon Ajuriagojeaskoak, Miren Artetxek, Nahikari Gabilondok eta Nerea Ibarzabalek kantatuko dute, eta Marta Ugarte izango da gai-jartzailea. Bukatuta daude sarrerak. Abenduaren 17an izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen, eta egun horretarrako sarrerak ere astelehenean jarri zituen salgai Bertsozale Elkarteak. Oso azkar ari dira saltzen, eta baliteke laster amaitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria