Xabier Santxotena. Eskultore eta sukaldari ohia

«Egurra herentziaz datorkit; agoteak egurraren kolektiboa gara: odolean dugu»

Jorge Oteizaren eskutik eskulturan buru-belarri murgildu aurretik, Arabako jatetxe ezagunenetako batzuen burua izan zen Santxotena; bezeroekiko konfiantzak behartuta, nolabait, «menu estua eta luzea» asmatu zuela azaldu du.
JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2015eko azaroak 8
Goizeko hamarrak aldera ireki du Xabier Santxotenak tailerreko atea. Aurretik, goizero egin ohi duen moduan, inguruko basoetatik paseoa eman du. «Gai bat hartu, eta, oinez noala, bueltak ematen dizkiot», azaldu du. Santxotena Tailer Museoan izan da hitzordua, Artziniegan; tailerrean, eskulturen artean, eskala txikian egindako eraikin batzuk ageri dira. «Gabonak gerturatu ahala, jaiotzak prestatzeko lanetan gabiltza», azaldu du, bere emazte Teresa Lafragua margolariak egiten duen erakusketa gogora ekarriz. Egurrezko lan eta liburuz betetako gela batean erantzun ditu galderak, ondoan dagoen sukaldetik janari usaina sartzen dela.

Txikitan nolakoa zen garai horretan Bozaten bizitzea?

Bozate eta Arizkun artean bizi ginen. Ama sukaldaritzan aritzen zen, eta aita tailugilea zen. Horrez gain behiak-eta bagenituen. Bozaten zegoen gure sortetxea, Gorrienea. Umetan ez duzu problemarik ikusten... Hamar urte bete arteko garaia zoragarria izan zen.

Kaputxinoetan ikasi zenuen txikitan, Hondarribian eta Altsasun, ezta?

Hamar urte ingururekin sartu nintzen Hondarribian; Euskal Herriko haurrok bertan izaten genuen lehen urtea, egokitzeko nolabait. Seminario txiki bat zegoen bertan. 20-25 lagun egongo ginen. Lurreko paradisua zen! Altsasun, aldiz, kuartel gisako antolaketa zegoen; zeharo ezberdina. Bertako bizimodua ikusita erabaki nuen alde egitea.

Sorterrira?

Izpegira. Espainia eta Frantzia artean, mugan, bazen denda bat. Hiru edo lau urte eman nituen frantsesekin lanean. Lanpostua izatea gauza oso bikaina zen! Urte guztian egiten genuen lan, baina. Larunbat arratsaldean etxera jaitsi, eta igandean, meza entzun ondoren, berriro lanera. Ez egun librerik, ez oporrik, ez ezer!

Soldaduska egitean ere lanean jarraitu al zenuen?

Baztangook aldaba onak genituen: Aita Heliodoro, armadako kapilaua izango zela suposatzen dut... Iruñean instrukzioa egin, eta Elizondora pasatzen ginen gero. Etxean egongo bagina bezala; ordu batzuk egon bertan, eta gero etxera. Bitartean, lanera joaten nintzen, Izpegira. Aurreko urteetan atsedenik gabe lan eginda, motor bat ere banuen! Vespa bat izatea kategoria bat bazen!

Zergatik erabaki zenuen sukaldari izatea?

Soldaduska amaitzean ofizio bat behar nuela pentsatu nuen. Ama, amaren ama, amaren amonak... sukaldariak izan dira, oso ospetsuak gainera. Amak zirikatzen ninduen, sukaldean aritzeko eskua nuela. Orly hotelera joan nintzen ikastera, Donostiara, eta gerora Azaldegira; puntako sukaldaritza egiten zuten.

Noiz jarri zinen lehenengoz sukalde batean buru?

1969an ezkondu, eta jatetxe bat jarri genuen Ezkion, gasolindegian: Arantzazu jatetxea. Urte luze bat eman genuen, baina gogorra izan zen. Oso gogorra... Orbegozoko greba hasi zen; hasi berriak ginen, eta sei hilabeteko greba izan zen. Argantzundik eskaintza bat jaso genuen orduan, bertako Palacios jatetxetik.

Eta hartu zenuten.

Aurretik hiru bisita egin nizkion, erdi ezkutatuta... Kanpoan zeuden autoak zenbatzen nituen, barruan bazkaltzen zeudenak irudikatzeko-edo [barre egiten du]. Hura hartzea salbazioa izan zen. Orduan sortu genuen el menu largo y estrecho [menu estu eta luzea].

Nola izan zen hori?

Bazkaltzera zetozenekin segituan hartu genuen konfiantza: garraiolariak, foru aldundiko langileak... Bazkaltzera etorri, eta sukalderaino sartzen ziren. «Zer nahi duzu bazkaltzeko?» galdetu, eta «nahi duzuna» erantzuten zidaten. Hori zen hori konpromisoa! Sukaldean beti dituzu gauzak, eta bakoitzetik zerbait ateratzen hasi ginen... Babak, garbantzuak, zopa, mariskoa, arraina... denetatik apur bat. Txuleta eskaintzen genien amaitzeko. Horrela jarraituz ia patente bat egin genuen!

Ospea lortu zuen, behintzat...

Ikuskizun bat zen. Madrildik zetorren jendea... N-1 errepidearen ondoan zegoen, eta Bilbokoak edo Donostiakoak bertatik pasatzen ziren, ezinbestean. Ehiza garaian pentsa zenbat pertsona gelditzen ziren bertan, edo Athleticek kanpoan jokatzen zuenean! Kopako finalak izaten zirenean urteko egun ospetsuena zen! Xanpaina eta... izugarria zen! Hamazazpi lagun genituen lanean, pentsa!

Eta, azkenik, Gasteizko bihotzera mugitu zinen. Zergatik hartu zenuen El Portalon?

1980an El Portalon jatetxea ixtekotan zegoen. Aurrezki Kutxarena zen, eta Argantzunera etorri ohi ziren bazkaltzera. Derrigor hartu behar nuela esan zidaten. Azkenean hartu genuen, eta gutxira arrakasta izugarria lortu.

Eta, sukaldaritzan ari zinen bitartean, zura lantzen zenuen.

Hala da.

Esan izan duzu Jorge Oteizak zure eskultore lana baldintzatu zuela. Nola ezagutu zenuen?

Oteiza Arantzazun zegoen garai horretan, 1969an, apostoluak jartzen. Behin jatetxera sartu zen, eta, izenagatik galdetu zigun. Hor hasi ginen hizketan: gustuko genuela Arantzazu, joateko ohitura genuela... Orduan ikusi zituen egurrezko armarriak eta kutxak. «Nork egiten ditu?». «Nik», erantzun nion. «Zuk? Ba hau egiten baduzu eskulturak egiten ere badakizu!», eta hala hasi nintzen. Harrez gero, adiskidetasun izugarria egin genuen.

Nolakoa zen berarekin iritziak trukatzea?

Lanei kritikak egiten zizkien: «Bikaina iruditzen zait, baina forma parasito horiek kentzea ez al zaizu egokia iruditzen?». Pentsa zelako eskola izan zen niretzat... unibertsitatera joatea baino hobe! Gerora, 1993an-edo, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan hasi nintzen. Ofizioa ikasi nahi nuen. Oteiza ez zegoen erabat ados. «Ahaztu Arte eta Lanbide Eskola; horren gainetik zaude zu, eskultura hori baino gehiago da-eta, kontzeptu ezberdina: modernitatea...» Eta ni, nire baitan, ofizioa ikasi nahian.

Arte eta Lanbide Eskolak ase al zituen zure nahiak?

Lehenik eta behin ofizioa behar duzu, sukaldean bezala. Sukaldean sartzeko bide bat dago: eltzezain, sukalde laguntzaile... Prozesu bat da. Eskuak edo hankak egiteko neurriak behar dituzu eduki. Arte eta Lanbide Eskolak konfiantza ematen dizu. Horrez gain, izaten zen giro bat izugarria... Hortik pasa dira eskultore asko: San Miguel, Solano, Juanjo Egizabal, Fernandez de Garaialde...

Une batean zaletasuna zena ogibide bihurtu zenuen.

1997an jatetxeak eta dena alde batera utzi, eta Artziniegara etorri ginen. Hemen hemezortzi urte eman ditugu jada. Eskulturan sartuta nengoen leporaino. Horrez gain, Bozaten, Gorrienean, museo bat egiteko asmoa nuen. Txikitan ikusten nuen aldea zegoela auzokoen eta Arizkungoen artean. Etxea konpondu nuen, eta 1998an museoa antolatu genuen.

Agoteen historia ezagutarazteko baliabide bihurtu zenuen.

Agote hitza ere ez zen ezagutzen. Beti egon da baztertuta. Hiru liburu izan nituen gaiari buruz, eta horrekin hasi nintzen. Grina aurretik banuen, baina garai horretan banituen datuak eta ziurtasuna... Gorrienean nik egiten nituen bisita gidatuak. Arrakasta izugarria izan zen.

Eta babes horrekin beste museo egitasmoak abiarazi zenituen, ezta?

Gorrienean aparkaleku eskasa genuen. Handitzeko leku bila hasi ginen, eta 35.000 metro koadroko eremuarekin amaitu genuen! Teresak [Lafraguak] esan zidan: «Zergatik ez dugu egiten parke bat?». Eta horrela hasi ginen gerora 2003an ireki genuen Parke Museoa izango zena pentsatzen. Azkenik, 2010ean Tailer Museoa ireki genuen Artziniegan, prozesua erakusteko.

Sortzeko prozesua ikusteak zer eskaintzen die bisitariei?

Parisko Pompidou zentroan, aurrean, plaza batean, Atelier Brancusi dago: Constantin Brancusiren tailerra. Hura ikusita txoratuta etorri nintzen, eta... zergatik ez egin? Jendeari asko gustatzen zaio. Azalpen guztiak ematen dizkiogu, nola sortzen den artelan bat. Horrez gain, umeekin ere tailerrak egiten ditut. Poliestireno zatiekin eta zotzekin gauza politak egiten dituzte. 4-9 urte bitartean jenio-mentalitatea dutela esaten zuen Oteizak, eta hala da. Gero konplexuak agertzen dira, perfekzioa nahi dute...

Arteari ateak irekitzea falta al zaio?

Artistek, normalean, ez dute prozesua erakusten. Baina merezi du egiten duten hori erakustea.

Egurra aipatu duzu behin eta berriz. Zer du material horrek?

Egurra herentziaz datorkit. Agoteak gara, egurraren kolektiboa, eraikuntzarena. Aita zurgina zen, aitonak ere... Odolean dugu.

Nola abiarazi zenuen agoteei buruzko ikerketa?

Espainian ez da ezagutzen, erlijioaren partetik zetorrelako. Lehen herejeak izan ginen. Zain bat bisigodoa dugula diote ikerlariek, eta beste bat bikingoa. XII. mendean Bulgaria ingurutik catarismoa heldu zen Frantziako zenbait eremura. Kristautasun berezi bat zen, eta 1200. urtearen bueltan pertsona pobreak sinesmen horien alde egin zuen, oro har. Vatikanoa, oso aberatsa, catarismoa desegiten saiatu zen. Hor sortu zen lehen heresia. Jazarpenetik ihesi, Bozatera heldu ginen. Are gehiago, Pirinio guztietan agoteen auzoak egon dira.

Ordea, bazterkeria mantendu zela aipatu duzu. Nola irudikatzen zen hori?

Agoteek elizan sartzeko ate propioa zuten, baita ur bedeinkaturako ontzi eta bataiarri berezia ere. Arizkunen 1954an itxi zuten atea! Hilerrian ere bedeinkatuta ez zegoen zatian lurperatzen zituzten, aberrigabe, ijito, judutar, emagaldu, atzerritarrak eta bere buruaz beste egin zutenekin.

Agoteen ospe txarra egunera arte heldu dela aipatu izan duzu.

AEBetako euskal diasporako pertsona batek, Santxotena abizenduna, galdetu zidan behin: «Ni ez naiz agote, ezta?». Apalen arten apalenak ginen, baina lan asko utzi ditugu. Pirinioetako elizen teilatuak agoteek egin behar zituzten. Ikusgarriak dira, batzuk iraulitako itsasontziak bezala...

Hortaz agoteak baztertuak izan ziren sinesmen ezberdina eta pobreak izateagatik...

Ez dugu gehiegi ikasi, ez. Berdin-berdin jarraitzen dugu. Zer egiten dugu guk orain?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna