Euskara eta estatugintza. Jardunaldiak Iruñean

Estatua erdian, euskara erdian

Euskara eta estatugintza, eta bien arteko harremana; horiek jorratu dituzte Julen Arexolaleiba, Mario Zubiaga, Jule Goikoetxea eta Joxe Manuel Odriozolak 'Jakin' aldizkariaren eta UEUren jardunaldian

Ezkerretik, Joxe Manuel Odriozola, Jule Goikoetxea, Julen Arexolaleiba eta Mario Zubiaga, atzo, Katakraken. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Gai bera, baina ikuspuntu ezberdinak. Eztabaida piztu zen atzo Iruñeko Katakrak espazioan, Jakin aldizkariak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatuEuskara naziogintzaren eta estatugintzaren erdian izenburuko jardunaldiaren harira. Naziogintzaz eta estatugintzaz mintzatu ziren Jule Goikoetxea EHUko irakaslea, Julen Arexolaleiba soziolinguista, Mario Zubiaga EHUko irakaslea eta Joxe Manuel Odriozola idazlea, Andoni Eizagirrek zuzendutako mahai inguruan. Eizagirrek jarri zuen mahai gainean eztabaidaren mamia laburbildu zuen galdera: «Eta euskara, zer?».

Agerian gelditu ziren iritzi ezberdinak, batzuen eta bertzeen lehentasunak, bai eta naziogintza edo estatugintza ulertzeko modu diferenteak ere. Odriozolak eta Arexolaleibak hizkuntzari eman zioten garrantzia, batez ere. Hizkuntza komunitatea jarri zuten eztabaidaren erdian; euskara jo zuten auziaren mami nagusitzat. Goikoetxeak eta Zubiagak, berriz, estatugintza; prozesu baten gisan aurkeztu zuten, gainera. Eguneroko urratsen bidez egiten den bidetzat. Euskarak duen garrantzia ukatu gabe, atzean dauden prozesu politikoak nabarmendu zituen Zubiagak, eta adibide bat jarri zuen: «60ko hamarkadatik euskarak izan duen bilakaera ezagutzeko, ezinbestekoa da prozesu politiko horiek kontuan hartzea; hizkuntza komunitatea euskaltzaletasunetik sendotzea inportantea da, baina ez da gako bakarra».

Behin baino gehiagotan adierazi zuen ideia bera Zubiagak, ildo horretan: «Mobilizazioa eta instituzionalizazioa etengabeko elkarrizketan daude». Goikoetxeak ere argi utzi zuen estatugintzak duen garrantzia. Euskal estatu feminista jo zuen helburu gisa, eta nabarmendu zuen estatu hori tresna inportantea izan daitekeela hizkuntzari ere mesede egiteko.

Euskal estatu feminista

Goikoetxeak argi erran zuen estatu feministak ekarriko duela estatu demokratikoa. «Euskal estatu feministak bakarrik inposa dezake berdintasun sozioekonomikoa», azaldu zuen. «Estatugintza eguneroko praktika bilakatu behar dugu».

EHUko irakasleak argi utzi zuen euskal estatu feminista horretan herritar guztiak ez direla hobeki biziko: «Sexistak eta aberatsak ez dira hobeto biziko; orain ere badira beste zenbait baino okerrago bizi direnak».

Goizean Joxe Azurmendik egindako hitzaldiarekin lotu zuen Goikoetxeak arratsaldeko mahai inguruko bere solasaldia une batean. Eta hainbat aldiz entzun ahal izan zen hitza jarri zuen mahai gainean: subalternitatea. «Nik ez dut hitz hori tristurarekin, biktima izatearekin edo konplexuak izatearekin lotzen; subalternitatea posizio bat da, eta erlatiboa. Nik, gainera, grinarekin lotzen dut; euskaldun eta emakume gisa borrokatzeko grinarekin, adibidez».

Azurmendiri erantzun zion Goikoetxeak, eta Arexolaleibarekin ere izan zuen eztabaidarik. Soziolinguistak hizkuntza jo zuen subjektu politiko gisa, eta nazio linguistikoa nabarmendu zuen. Goikoetxeak hainbat artikulutan erabilitako hitza ekarri zuen gogora Arexolaleibak: «Min egiten dit euskarak euskaldun egiten gaituela esateagatik esentzialista deitzeak», erran zion EHUko irakasleari.

Ez zuela horrelakorik erran argitu zion Goikoetxeak Arexolaleibari: «Zerk egiten gaitu euskaldun?», galdetu zion, eta esentzialista, haren hitzetan, definizio bakarra bere esku duela uste duena dela erantsi zuen. «Jende askok jotzen du bere burua euskalduntzat euskara jakin gabe; gatazka bat dago, prozesu bat, ikuspuntu ezberdinak».

Estatugintzari eta euskal estatuak bete dezakeen rolari buruz, galdera egin zion Arexolaleibak Goikoetxeari: «Orain arte egin ez den zer egin dezake euskal estatu batek?». Goikoetxeak ahalmen politiko gehien metatu duen erakundetzat jo zuen estatua, eta, ondorioz, euskal estatu batek gehiago egin ahal izanen lukeela erantzun zion: «Adibidez, euskal eskola publikoa ezartzeko aukera izango genuke; baliabide gehiago izango genuke helburu hegemonikoak lortzeko».

Estatugintzaz hitz egiterakoan, prozesuaren eta dinamikoa denaren ideia horrekin bat egin zuen EHUko irakasle Mario Zubiagak: «Euskal nazioaren bilakaera euskal kontzeptuaren definizioaren araberakoa izango da, eta hori ez da inoiz finkoa». Azken hamarkadetan euskalgintza izan da naziogintzako eta estatugintzarako tresna nagusia, Zubiagaren hitzetan. «Euskal naziogintzak aurrera eta atzera egin du, baina prozesu bat da, eta hasia dago».

Burujabetzaren kontzeptua ere mahai gainean jarri zuen EHUko irakasleak. «Argi izan behar dugu naziogintza eta estatugintza ez direla amaitzen inoiz; euskal herritar gisa, biharko helburu izan behar dugu atzo baino burujabeago izatea».

Eskubideez eta betebeharrez ere mintzatu zen Zubiaga mahai inguruan: «Erabakiak askatasunez hartzeko eskubidea erabakiak askatasunez hartzeko betebeharra da».

Kezka euskararekin

Hizkuntzarekin lotu zuen gehiago Joxe Manuel Odriozolak bere hitzaldia. «Ni euskalduntasun politikoaren aldekoa naiz. Nazio linguistikoak politikoa behar du, eta politikoak, berriz, estatu bat. Estatua edo nazioa, zer lehenetsi? Euskaltzaleak nazioa lehenesten du, erakusten duelako baliorik handiena, Euskal Herriari dagokionez», azaldu zuen.

Euskararen egoeraz kezka agertu zuen, eta zalantzan jarri zuen D ereduko eskolak euskaldunak sortzeko duen gaitasuna. «Gutxitua dagoen hizkuntza bat ikas daiteke? Ueman [Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean] dagoen herri batean ez bada, eskolak sor ditzake euskaldunak? Normalizazioan ez gara abiatu ere egin».

Bertze hainbat galdera jarri zituen idazleak mahai gainean: «Eusko Jaurlaritza noiz hasiko da D ereduko haurrei euskaraz sozializatzeko aukera ematen?». Uemako herrietan hainbat hilabeteko egonaldiak egitea proposatu zuen, adibidez, haur horientzat. Jaurlaritza ez dela euskararentzako Jaurlaritza gaineratu zuen, baina euskal guneak sortzeko beharra berretsi zuen, hiztunek gaitasun ez-formalak garatu ahal izateko.

Ildo horretan, ikastolak herritarrek sortu zituztela gogoratu zion Arexolaleibak Odriozolari: «Eusko Jaurlaritzak ez badu hori egiten, ezin du beste norbaitek hartu ardura hori?», galdetu zion.

Eztabaida beroa izan zen atzoko mahai inguruan, hainbat unetan. Ez bakarrik parte hartzaileen artean; entzuleen artean ere aldeko eta kontrako iritziak eragin zituzten hizlari batzuen eta bertzeen solasaldiek.

Arexolaleibak, adibidez, estatugintzaren bidez feminismoan edo ekologian eragiteko aukeraz aritu zirenean, hizkuntza jarri zuen lehen lerroan: «Feminismoaren alde edo kontra hizkuntzarekin egiten da; ekologismoaren alde edo kontra hizkuntzarekin egiten da». Entzuleetako batek gogoratu zion euskaraz ere hizkuntzaren kontra egin izan dutela anitzek.

Hizkuntza, feminismoa, ekologismoa. Goikoetxeak eraginkorrago izateko estrategiak zabaltzeko beharra aipatu zuen, eta baten bidez bertzeari eragiteko aukera: «Prozesu eraikitzaile bat da hau; estatua izan edo ez, prozesu eraikitzailea da, guk egiten dugu, eta etengabe aldatuz doa, gainera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.