Zelai Nikolas eta Jon Arribas. Gure Esku Dago taldeko idazkaritzako kideak

«Urte honetan herri kontsulten protokolo bat landuko dugu»

Erabakitzeko eskubidearen kontzeptua gizarteratzen segituko du Gure Esku Dagok, Zelai Nikolas eta Jon Arribasek diotenez, baina kontsulten metodologia ireki bat ere landuko du.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Bilbo
2014ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gure Esku Dago taldeko idazkaritzako kideek aitortzen dute duela urtebete baino lasaiago daudela, urte politiko berria diseinatuago eta bermatuago ikusten dutelako. Haietako bi kide dira Zelai Nikolas (Barrika, Bizkaia, 1968) eta Jon Arribas (Gasteiz, 1994). Datozen hilabeteetako gako batzuk azaldu dizkiote BERRIAri, Bilbon. Oraingoz, hurrengo ekinbidea azaroaren 8an izango dute, mosaiko erraldoi bat prestatuko baitute Donostian.

Urtebetean zenbat egin duaurrera Gure Esku Dagok?

ZELAI NIKOLAS. Erabakitzeko eskubidearen kontzeptua lokatzetan zegoen, gatazka sorrarazten zuelakoan zegoen jende asko, eta guk horri buelta eman nahi genion. Urtebetean lan ikaragarria egin da, jarrera positiboa eta eraikitzailea izanda, eta Euskal Herrian sentsibilitate desberdinez osatutako sare bat eratzea lortu dugu. Mobilizazio handi bat ere egon da. Zerbait badelakoan gara.

Lehen ere jorratu izan da erabakitzeko eskubidea Euskal Herrian. Zergatik da hau garai egokia bukaeraraino iristeko?

JON ARRIBAS. Europako trenaaipatzen dugu: Eskozia, Katalunia.. Horra igotzeko unea da hau.

Z.N. Euskal Herrian autodeterminazio edo erabakitzeko eskubidea azken hamarkadetan presente egon da, beti askatasunari lotuta. Europan berriro ireki da estatu berriak normaltasunez eta modu demokratikoan sortzeko aukera, eta orain erabakitzeko eskubideak lehen baino indar handiagoa hartu du Euskal Herrian. Garai historiko honek horregatik du garrantzia, baina aurreko belaunaldietan egindako lan eskergan oinarritzen gara guztiok ere.

Jende ez-abertzaleak erabakitzeko eskubidea Euskal Herriaren independentzia lortzeko tresna gisa ikusten al du?

J.A. Haietako askok bai, eta uste dute erabakitzeko eskubidea gizartea zatitzeko tresna dela. Guretzat ez da horrela. Haien iritzia aldatzeko lan egitea dagokigu.

Bakegintzako kontuak oraindik konpondu gabe direla, euskal politikagintzan lehentasuna al da erabakitzeko eskubidea?

Z.N. Garbi dago baldintzak ereiten segitu behar dela, eta lan hori egunero egin behar da. Erabakitzeko eskubidearen egikaritzeak hainbat tresna eskatzen ditu: batzuk erakunde publikoen esku daude; beste zenbait, alderdi politikoen esku; eta beste parte garrantzitsu bat gizartearen esku dago. Gizarteari tokatzen zaio kultura demokratiko bat izateko lan egitea. Eskozian egin ahal izan dute galdeketa. Katalunian, estatuak trabak jarri arren, gizartearen indarragatik eta ekimenagatik, azkenean, herritarrek bozkatu ahal izango dute. Ez dago ezer betiko. Gizarte baten borondate demokratikoak ezartzen ditu aldaketak eta erritmoak.

Baita Espainiako Konstituzioa gainditzeko ere?

Z.N. Interpretazio kontua da erabakitzeko eskubidea legezkoa den ala ez ebaztea. Estatuak gure eskubide historikoak bestelainterpretatuko balitu, gauzakaskoz errazago lirateke; hor dira xedapen gehigarriak horretarako. Estatuak ez du borondate demokratikorik auzi hau bideratzeko, baina, Espainia Nazio Batuen Erakundeko kidea denez, haren lehen ardura barne aniztasuna kudeatzea da. Orain debeku neurriak baino ez ditu ematen, eta horregatik da hain garrantzitsua katalanak egiten ari direna: amore ez eman, bide baketsu eta demokratikoak erabiliz galdeketa egin nahia, nazioarteko harremanak... Funtsezko da ideia honetan tinko sinistea eta, gero, gai izatea hura kudeatzen.

Kataluniako prozesua gaizki ateratzeko balitz, zer eragin izango luke Euskal Herrian?

J.A. Euskal herritarrok erne ari gara jarraitzen hango prozesua, erreferentzia bat baita. Dena dela guk geure prozesua daukagu.

Z.N. Ez genuke zertan frustratu Kataluniako prozesua ez balitz aterako. Gauzak antsietatez bizi ditugu. Haiengandik egin behar duguna da ikasi.

Izaera plebiszitarioko hauteskundeak erabakitzeko eskubidearen aplikazio bat al dira?

J.A. Lehen helburua legezko galdeketa bat egitea da. Katalunian saiatu dira, eta estatuak ez die utzi. Ondorioz, baliteke hauteskunde plebiszitarioak egitea,azkeneko aukera gisa. Beraz, galdeketa bat izango da.

Z.N. Hainbat modutara gauzatu daiteke erabakitzeko eskubidea. Eskoziakoa izan da modu bat. Kataluniako hauteskunde plebiszitaroen aukera beste bat izan daiteke. Izan ere, zer bilatzen dugu erabakitzeko eskubidearekin? Herri borondatearen argazkia,jakiteko zer nahi den, gero egin behar diren aldaketak egiteko. Ondorioz, egoera zehatz batean baleko tresna dira izaera plebiszitarioko hauteskundeak.

Lurraldetasuna definitua izateak zenbateraino azkartu dezake erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozesua?

J.A. Erraztu egiten du, batez ere.

Z.N. Gure Esku Dagok «herri bat gara» dio. Euskal Herria irudikatzen dugu, jakinda hiru eremu administratibo daudela. Haietako herritar guztiek erabaki ahal izateko baldintzak sortu behar dira. Gero ikusiko da non egin galdeketa eta nola kudeatzen den. Herri borondatea jasotzea da gakoa.

Nola hartu behar dira halako prozesuak?

Z.N. Pazientziarekin. Katalunian hamar urte pasa daramatza prozesuak, 2003 aldera estatutu berria lantzen hasi zirenetik; gero etorri ziren Konstituzionalaren epaia, herri galdeketak, ANC, kontsultako galderak eta data... Eskozian 2007an hasi ziren galdeketaz hizketan. Euskal Herrian noiz? Lanketa bat dago egiteko.

Gutxienez, alderdi abertzaleen arteko akordioa beharko da...

J.A. Gure Esku Dagon sentsibilitate abertzale denetako jendea dago. Alderdiak ere erabakitzeko eskubidearen inguruan ados jar daitezke, hortaz.

Apirilean egin zen independentziari buruzko lehen herri galdeketa: Etxarri Aranatzen. Arrankudiagan azaroaren 2an egingo dute. Nola ikusten dituzue?

Z.N. Gure Esku Dagok herri galdeketei buruzko pedagogia lan bat egin nahi du. Etxarri Aranatzen egin zuten lan hori, Arrankudiagan ere ari dira, baina, oro har, eta galdeketa zeure herrian ez badago, jendeak ez daki zer den kontsulta bat: nola eta zergatik osatzen den errolda bat, zergatik eskatzen diren eskakizun tekniko batzuk, zergatik bozka dezaketen 16 eta 17 urteko herritarrek ere... Urte honetan herri galdeketen protokolo bat landuko dugu.Herritarrek demokraziaz gehiago jakingo dute.

Zer jasoko du protokoloak?

Z.N. Nazioarteko arau estandarrak zeintzuk diren kontuan hartuta egingo dugu, eta haiek nola bete behar diren zehaztu nahi da. Metodologia bat finkatzea izango da. Baldintza politikoak azalduko ditugu, batetik: zer den erabakitzeko eskubidea, zergatik den onuragarria... Galdeketa egiteko baldintza juridiko edo bermatzaileak zein diren ere aipatuko ditugu. Baita baldintza teknikoak ere. Ez da protokolo itxi bat izango,oinarri bat baizik, gero tokian- tokian garatzeko edo egokitzeko.

Herrietako galdeketen antolaketa sustatuko al du Gure Esku Dagok?

Z.N. Ez. Herrietatik atera beharko dira horiek, propio sortutako plataformetatik, Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan bezala. Gure Esku Dagoren lana kultura demokratiko bat lantzea da. Gainera, pentsatzen dugu bizikidetza sustatzen ari garela, topagunehonetan sentsibilitate desberdineko herritarrak elkarrekin hizketan jartzen ditugulako.

Baina babesten al dituzue herri galdeketak?

Z.N. Guk erabakitzeko eskubidea ez dugu nahi kristalezko bolabatean sartuta izaterik, herritarrek erabiltzeko baizik.

Herri batean kontsultarako adostasun zabalik ez badago, egin behar al da galdeketa?

Z.N. Aniztasuna kontuan hartu behar da galdeketa bat egiteko, hori da ardatzetako bat. Herri batean kontsultak liskarra sortzen badu, uste dugu ezer zehazten hasi aurretik giro hobea izateko lanean segitu behar dela.

J.A. Lortu behar dugu erabakitzeko eskubidea herritarrak batuko dituen tresna izatea. Orduan leudeke baldintzak galdeketa bat egiteko.

Gure Esku Dagoren batzarretan partaideek eskatu al dute galdeketak antolatzea?

Z.N. Herri batzuek aipatu dute.

J.A. Gure eginkizuna protokolo bat egitea da.

Kontsulta batek zenbat galdera jaso behar ditu?

Z.N. Galdetzen denak argia eta zalantzarik gabekoa izan behar du, Europako Batzordeko Veneziako lantaldeak zehaztua duen moduan. Erantzun aukerek erezehatzak izan behar dute.

Eta emaitzak?

Z.N. %51 nahikoa da.

Parte hartzeak?

Z.N. Montenegron gutxienez %60koa izatea eskatu zuten. Hori tokian-tokian adostu beharreko gaia da, emaitzari zilegitasuna emateko.

EAEn Eusko Legebiltzarrak Kontsulta Legea onartu zuen 2008an. Konstituzionalak baliogabetu egin zuen etaez zen ezer pasatu.

J.A. Ibarretxe zen tira egiten zuena. Gizartea ez zuen atzetik eta ez zegoen adostasun politikorik.

Z.N. Gizartea ez zegoen egituratuta. Sozialki artikulazioa badago, politikariak bidetik ez ateratzeko berme da gizartea, eta haiei laguntzen die.

Hau dena zuei luze egiteko kezkarik ba al daukazue?

Z.N. Oraingoz, behintzat, ondo goaz. Neu iaz, garaiotan, kezkatuta nengoen, ezer ez genuelako martxan. Orain, berriz, urtebete pasako bide bat egina daukagu eta jendea jarrera onarekin sumatzen dut. Prozesua luzatuko da, baldin eta herritarrok ez badugu bultzatzen. Hark abiadura hartzea gure esku dago.

Espainiako Estatuaren jarrera itxiak ere laguntzen al du kontzientziak pizteko?

J.A. Laguntzen du herritarrak eta eragileak mugitzen. EAEko autogobernuaren arloan, adibidez, Gernikako Estatutua ez dagobeteta, eta dagoeneko badira 35 urte estatutua erreferendumean onartu zela. Gainera, hango eskumenak urratzen ari da estatua, auzitegien edo gobernuaren bidez. Estatuak Euskal Herrian ere gai honi ez badio garaiz heltzen, arazoak izan ditzake. Kataluniako auzian, esate baterako, Rajoyk duela bi urte ez zion kasurik egin Masen itun fiskalaren proposamenari, eta orain daukana dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.