Korsika. Manifestazioa

Indar erakustaldia kalean ere

Nazionalistek deituta, manifestazio arrakastatsua egin dute Ajaccion, Macroni eskatzeko negoziazio politikoak abia ditzala. Herritarrek gutxi espero dute irlara egingo duen bisitaz

Charles De Gaulle plazan amaitu zen manifestazioa. ANDER PEREZ ZALA.
ander perez zala
Ajaccio
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Zalantzak zeuden Korsikako mugimendu nazionalistako sektore batzuetan. Ez ote zen goizhalako mobilizazio bat egiteko, duela bi hilabete Korsikako Legebiltzarrean gehiengo osoa lortu izana nahikoa zelakoan Paris estutzeko. Apustua arriskutsua zen, baina Gilles Simeoni Korsikako presidenteak eta Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidenteak deituriko manifestazioak aurreikuspen guztiak hautsi zituen. Ajaccio hiriburuan 22.000 pertsona inguru elkartu ziren atzo, antolatzaileen arabera —6.000 inguru, prefeturaren arabera—, Emannuel Macron Frantziako presidenteari mezu argi bat bidaltzeko: negoziazio politikoak hasteko garaia da. Macroni dagokio orain erantzuna ematea, etzi Mediterraneoko irlara egingo duen bisitan. Hauteskundeetan erakustaldia egin ondoren, Korsikako nazionalistek kalean ere eman zuten indar erakustaldia: «Inoiz ez bezalako manifestazioa izan da», laburbildu zuen Simeonik, mobilizazioa bukatzean.

Demucrazia è rispettu pè u populu Corsu (Demokrazia eta errespetua Korsikako herriarentzat) lelopean manifestatzeko iritsi ziren hiriburura milaka herritar. Astebete lehenago iragarri zituzten dozenaka autobus, batzuk doan, eta %50eko murrizketa treneko bidaietan, ahalik eta pertsona gehien hurbil zedin.

Batzuetan euria eta kazkabarra egin zuen arren, eguraldiak ez zuen oztopatu mobilizazioa arrakastatsua, alaia eta nazionalisten aldarrikapenen aldeko oihuz betea izatea: preso politikoen amnistia, autonomia estatutua eta hizkuntzaren koofizialtasuna.

15:00 aldera abiatu zen martxa Geltokiko plazatik. De Gaulle plazarako bidea hartu baino lehen, Edmond Simeoni buruzagi historikoak BERRIAren galderei erantzun zien: «Gaur Ajaccion gaude gure herriaren emantzipazioaren alde, borrokak oraindik jarraitzen duelako». Macronen bisitari buruz, berriz, gutxi espero duela adierazi zuen Simeoni aitak: «Guk ez dugu ezer espero, gu borrokatzen gara eta proposamenak egiten ditugu. Ez dugu ezer espero, Frantziako hainbat gobernuk ez dutelako inoiz kontuan hartu Korsikako auzi politikoaren dimentsio osoa. Garaia heldu da, aurrerapauso demokratikoak egin dira, eta negoziazioetarako eta elkarrizketarako garaia da».

Bide osoan, Korsikako banderak ikusi ziren, eta, kolore zuri eta beltz horien artean, ikurrin bat zegoen. Helene Zubizarreta eta Elizabeth Zubizarreta ahizpena zen; Bilbokoak dira jatorriz, eta 1962az geroztik bizi dira Ajaccio ondoko herri batean: «Jatorriz gu Bilbokoak gara, baina ez gara inoiz han bizi izan. Elkartasunez etorri gara gaurko manifestaziora, Korsikako herria ere berezia delako». Zubizarreta ahizpek, Simeoni aitak bezala, ez dute itxaropen handirik jarri Macronen bisitan: «Gutxi espero dugu, ezer ez dugula espero ez esatearren. Hala ere, beti izan behar dugu itxaropen puntu bat».

«Botoak errespetatzea»

Gazte eta heldu andana elkartu ziren manifestazioan, batzuk antolaketaz eta segurtasunaz arduratzeko. Horien artean zegoen Jean-Louis gaztea: «Boto demokratikoak egon dira Korsikan, eta eskatzen dugu boto horiek errespetatzea, demokrazia errespetatzea, eta kontuan hartzea Korsikako egoera politiko berria. Hori egin beharko luke Parisek».

Atzoko mobilizazioak are gehiago estutu du Macron. Korsikako egoera politikoaren auzian, Frantziako Gobernuak iritzi orokorrak eman ditu soilik, eta oraingoz buruzagi nazionalistek ez dute Macronen iritzia ezagutzen. Etzi izango da Ajaccion, eta ikusmin handia sortu du haren bisitak; ez dago argi, ordea, Simeoni presidentearekin eta Talamonirekin elkartuko ote den. Negoziazio politikoak abiatzeko deia egitea nahi dute nazionalistek, eta hori eskatu zuten manifestariek ibilbidearen amaieran, festa giroan Dio vi salvi Regina ereserkia abestu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.