Udal eta foru hauteskundeak. Alderdien kanpaina

PSE eta PPren aurka itunak egiteko prest dago Aralar

«Inoiz baino zerrenda gehiago» aurkeztu ditu Aralarrek bozetara, eta emaitzei buruz baikor hitz egin du Jon Abrilek

Iñaki Aldekoa, Mikel Basabe eta Jon Abril, atzo, Gasteizen. ARALAR.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Beste alderdiekin akordioak egiteko, eskua luzatu du Aralarrek, PPk eta PSE-EEk eskura ez ditzaten diputazioak eta udalak. Alderdiaren koordinatzaileordeak, Jon Abrilek, adierazi du «kosta ahala kosta» saihestu nahi dutela Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek akordioak egin eta udalen eta diputazioen ardura hartzea. «Ekidin nahi dugu PPren eta PSE-EEren ituna beste erakundeetara zabaltzea. Aurre egingo diogu Madrilen estrategiari».

Datorren igandean lor ditzaketen emaitzei buruz «baikor» azaldu da Abril. «Inoiz baino herri gehiagotan aurkeztu gara, eta gure proiektua sendotzeko aukera handiak ditugu, nahiz eta udal hauteskundeak beti diren zailak». Emaitzek alderdien estrategiak baldintzatuko dituztela azaldu du Aralarreko ordezkariak. Gasteizen, Judimendi auzoan, hitz egin zuen atzo Abrilek, ondoan Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkidea eta Iñaki Aldekoa Arabako hautagaia zituelarik.

Erakundeen arteko itunak izan zituen hizpide Aintzane Ezenarrok, Donostiako hauteskunde ekitaldian. Langabeei laguntza emateko erakundeek akordioak egin behar dituztela aldarrikatu zuen. «Langabezia saria amaitu dutenei erantzun osoa emateko, hitzarmenak behar ditugu». Rebeka Uberak ere itunak eskatu zituen, garraio txartel bakarraren alde «benetako apustua» egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.