Hauteskundeak Grezian. Erreakzioak

Berlingo harresia jo du Atenasek

Zorra barkatzeari ezetz esan dio Alemaniak, baina ez maileguen baldintzei buruz hitz egiteari
Syrizako jarraitzaileak, Angela Merkeli 'gabon' esaten, hauteskunde gauean.
Syrizako jarraitzaileak, Angela Merkeli 'gabon' esaten, hauteskunde gauean. ORESTIS PANAGIUTU / EFE

Iker Aranburu -

2015eko urtarrilak 27
Hasteko, Alexis Tsiprasek ezezko bat jaso du handira jotako apustuan. Greziako lehen ministro kargua jaso aurretik ere erakutsi zioten Europako kontseilukide izango dituenak ez dizkiotela gauzak erraztuko. Greziaren zorraren zati handi baten barkamena errotik baztertu zuten Alemaniak, Finlandiak eta euroaren eremuko beste herrialde batzuek. «Ez dut uste eurogunean sostengu askorik duenik zorraren balioa jaisteko proposamenak», laburtu zuen Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak. Hori bai, txikira jokatzeko prest daudela esan zuten, eta maileguen baldintzen inguruan negoziatzeko aukerak egon badaudela onartu zuten.

Greziak, 315.000 milioi euroren zorretik, %62 inguru ditu euroguneko beste kideekin, ESM Europako erreskate funtsaren bidez edo zuzeneko maileguen bidez. Beste hartzekodun handiak dira Europako Banku Zentrala (%8) eta Nazioarteko Diru Funtsa (%10). Azken bi horiek argi utzi zuten atzo ez direla barkamen operazioetan sartuko. «Lege aldetik ezinezkoa da guk zorra barkatzea», gogorarazi zuen Benoit Couere EBZko kontseiluko kideak. Christine Lagarde NDFko buruak ere ezinezkotzat jo zuen Greziari zorra barkatzea, hari barkatzekotan erakundeko kide diren beste herrialdeak diskriminatuko lituzkeelako.

Baldintzen biguntzea

2010eko udaberrian Greziari emandako lehen erreskateak (110.000 milioi) epe motz eta interes zigortzaile batzuk izan zituen, beste herrialdeek erreskate bat eskatzeko tentaldirik izan ez zezaten. Akats handia izan zen, asko handitu zuelako Greziaren zorraren zama, eta 2012ko bigarren erreskatearekin batera onartu zuten maileguen epea luzatzea (hamasei urtekoa da batez beste, eta interesik ez du pagatu behar Greziak 2018ra arte), eta interesak txikitzea (%2,4 batez beste, Alemaniak berak baino gutxiago).

Negoziazioak laster hastekoak dira, eta mahai gainean izango da epe horiek gehiago luzatzea eta interesak gehiago jaistea, maileguen trukeko baldintza batzuk biguntzearekin batera. Baina arazoa da horrekin Greziak aurreztuko duena ez dela kopuru izugarria izango, eta aukera gutxi emango diola Tsiprasi nahi duen politika soziala egiteko.

Baina gaur egun ezinezkoa dirudi Greziari zorraren zati bat barkatzea, aukera hori tabua delako Europa iparraldean eta, batez ere, Alemanian. Horregatik, Greziako hauteskundeak deitu zirenean, Alemaniako Gobernuak ere handira jokatzera erabaki zuen, eta Der Spiegel-en bidez egindako filtrazio baten bidez zabaldu zuen ez zuela arazorik Grezia eurotik kanpo uzteko. Aste batzuk igaro dira eta orain ate horrek itxiago dirudi, EBko beste kideek ez dutelako arrisku handi hori hartu nahi. Erreskateek eragindako domino efektua dute gogoan, eta ez dute jokatu nahi hurrengoa nor izango da joko arriskutsura.

Baina presiorako karta hori gabe ere, nekez egingo du atzera Angela Merkelek zorra ez barkatzeko posizioan, Alemaniako iritzi publikoan Die Linke ezkertiarra soilik ausartzen delako hori eskatzera; gainontzekoek irmoki defendatzen dute Greziak austeritate eta erreforma dosi gogor bat merezi duela, eta dirua horren truke utzi dietela gogorarazten dute. Atzo ildo horretan sakondu zuten Steffen Seibert Berlingo gobernuko bozeramaileak —«ulertu nahi dugu Greziak onartu dituen baldintzak ez direla desagertu hauteskundeen ondoren»— eta Wolfgang Schaeuble Finantza ministroak — «akordioak eta arauak daude»—.

Alemanian oso zabalduta dago Grezian dirutza galtzen ari den ideia, nahiz eta jarri dituen 65.000 milioi euroetatik bakar bat ere ez duen galdu orain arte. Alemaniako iritzi publikoak erreskateei dien uzkurtasuna nola edo hala gainditzea lortu du orain arte Merkelek, baina badaki ezinezkoa lukeela orain Bundestagek sostengurik zorra barkatzeko. Gainera, hori iradokitze hutsak bere eskuinean sortu den AfD Alemaniaren Aldeko Alternatiba alderdi euroeszeptikoa gehiago indartuko luke.

Finlandiaren ezezkoa

Alemania ez da jarrera hori duen bakarra. Ezin argiago mintzatu zen Alexander Stubb Finlandiako lehen ministroa: «Gure lehentasuna da esandakoa betetzea, hau da, ez dugu inongo zorrik barkatuko». Beste argudio bat eman zuen Guenther Oettinger EBko Digitalizazio komisarioak: «Greziari zorra kenduz gero, seinale okerra emango genieke Portugali edo Irlandari, Zipreri edo Espainiari».

 Jarrera malguagoa erakutsi dute beste batzuek, haien artean Italia. «[Greziaren] Bozketaren ostean, aukera berriak izango ditugu Europan hazkundea eta inbertsioak bilatzeko, eta langabeziaren aurka borrokatzeko», esan zuen Sandro Gozi Atzerri ministroak. Haren nagusi Matteo Renzi eta François Hollande Frantziako lehendakaria saiatu dira eurogunearen transatlantikoa austeritate osoaren bidetik pixka bat mugitzen, baina arrakasta apala izan dute. Tsiprasekin Merkeli presio handiagoa egiteko aukera izatea espero dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna