EHIGEk eskatu dio itunpeko sareari etorkin sendien ikasle gehiago izateko

Ikastetxe publikoetan sarri etorkinen umeak pilatuta daudela eta, itundutako eskolen «erantzukizun soziala» hartu dute hizpide

Bilbo
2016ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Itunpeko eskolak erantzukizun soziala daukate, eta Hezkuntza Sailak erantzunkizun hori eskatu egin behar die». Carlos Lopez EHIGE gurasoen elkarteko lehendakariaren esanetan, hezkuntza sistema inklusiboa lortzeko beharrezkoa da hezkuntza sare guztien parte hartzea. Izan ere, sare publikoan sendi etorkinetako eta egoera sozioekonomiko gutxietsietan dauden ikasleen kontzentrazioak «gero eta handiagoak eta kezkagarriagoak» dira.

Hain zuzen ere, Euskadiko Eskola Kontseiluak argitaratutako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman arazo larriak daude familia etorkinetako umeak eskolatzeko orduan, eta desoreka handiak daude ikastetxe batzuen eta besteen artean. Aurtengo datuen arabera, %74,2koa da immigranteen seme-alaben kopurua sare publikoan, eta, aldiz, %26koa itunpekoan. Ostera, 2010-2011 ikasturtean %70ekoa zen sare publikoan, eta %30ekoa itunpekoan. Imanol Zubizarreta Baikara Gipuzkoako ikasleen gurasoen federazioko lehendakariaren ustez, datu kezkagarriak dira horiek: «Bost urteko epean lau puntu eta erdi igo da sare publikoan ikasten duten ikasle etorkinen kopurua. Horrela jarraituz gero, ikastetxe publikoetan ikasle etorkinen pilaketak sortuko dira».

Horrez gain, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %20tik gorako ikasle etorkin kopurua duten 62 ikastetxe daudela ere azpimarratu du, eta horrek arazo bat dakarrela: «Adituen arabera, portzentaje horretatik gora oso zaila da ikastetxeko ikasleriaren aniztasuna kudeatzea». Ez hori bakarrik, Gasteizko hainbat ikastetxetan duten egoera larria ere aipatu du. Izan ere, datuek diotenez, hiri horretan familia etorkinetako umeen %95 sare publikoan daude.

Hezkuntza heterogeneoa

Desoreka orekatze aldera, itunpeko eskolek duten erantzukizuna aipatu du Lopezek: «Diru publikoarekin finantzatutako zentroak dira; beraz, tokatzen zaien zatia bete behar dute». Horrela bada, itunpeko eskolen inplikazioa bultzatzeko neurriak hartzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari. Eta baita ikasle etorkinei zentro horietan matrikulatzeko erraztasunak emateko ere, euskal eskola «ekitatiboa eta inklusiboa» lortzeko. «Neurri eraginkor eta errealak hartu behar dira jatorri sozioekonomiko edo kultural desberdinak dituzten ikasleak gela beretan integratu daitezen. Hezkuntza sistema osoko ikastetxeak, publikoak zein itunpekoak, benetan heterogeneoak izatea lortu behar dugu, bizi garen gizartearen erakusgarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.