Memoria «gorde eta zabaltzeko» institutua eratu du foru gobernuak

Ana Olloren arabera, «erreminta garrantzitsua» izango da memoriaren politikak bultzatzeko. 750.000 euroko aurrekontua izango du
Ana Ollo kontseilaria eta Alvaro Baraibar Bake eta Bizikidetzako zuzendaria, atzo, Iruñean.
Ana Ollo kontseilaria eta Alvaro Baraibar Bake eta Bizikidetzako zuzendaria, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA/ ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2017ko azaroak 4
Ez du ahanzturarik nahi. Nafarroako Gobernuak Memoriaren Institutua sortuko duela iragarri zuen atzo. Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak azaldu zuen «erreminta garrantzitsua» izango dela memoriaren arloko politikak bultzatzeko. Erakundeak jorratuko ditu 36ko gerrak eta frankismoak eragindako jazarpenaren memoria historikoa eta azken hamarkadetan izandako indarkeriaren oroimena. Olloren arabera, memoria «gordetzea eta hedatzea» izango da institutuaren helburua. «Gizarte moduan, betebehar horri eta egia, justizia, erreparazioa eta halakorik berriz ez errepikatzeko biktimen eskubideari ere erantzun behar diogu», arrazoitu zuen.

Egungo gobernua babesten duten lau alderdiek akordio programatikoan jaso zuten institutua sortzeko konpromisoa. Olloren arabera, Nafarroako Parlamentuak aurrekontuei baiezkoa ematen dienean jarriko da abian. Asteon 2018ko aurrekontu legearen aurreproiektua aurkeztu du gobernuak, eta, bertan jaso denez, 445.000 euroko diru saila izango du institutuak, baina orain arte egin dena gehituz gero, 750.000 euroko aurrekontua izango du guztira.

Alvaro Baraibar egungo Bake eta Bizikidetzako zuzendariaren arabera, memoria gordetzeko hainbat urrats egingo ditu institutuak. Alde batetik, liburutegi espezializatu bat sortuko da: Nafarroan gai horien inguruan jorratu den bibliografia guztia jasoko du, baita arlo teorikoan Europako zein munduko beste lekuetan argitaratu diren liburuak ere. Baraibarren arabera, Nafarroako liburutegien sare publikoaren barruan egongo da.

Gainera, Nafarroako Artxibategiarekin elkarlanean, memoriari lotutako funts dokumentala bilduko du erakundeak: Estatuko Artxibategien Zuzendaritzaordearekin zein bildumak izan ditzaketen norbanakoekin harremanetan jarriko dira agiriak jaso, kontserbatu eta digitalizatzeko.

Azkenik, frankismoko jazarpenaren inguruko eta azken hamarkadetako indarkeriari lotutako testigantzak jasoko ditu, eta hori guztia «euskarri digitalean» gordeko du. Arlo horretan, Baraibarrek gogora ekarri du parlamentuarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari talde bat lanean ari dela dagoeneko hala testigantzen nola dokumentazioaren bilketan. Gainera, 36ko gerran fusilatutakoen senideen DNAk biltzen ari da gobernua.

Memoria babesteaz gain, gizarteratzeko zeregina ere izango du institutuak, eta hitzaldi, kongresu eta beste hainbat ekitaldi publikoren bitartez egingo du. Horrekin batera, orain arte abian jarritako programak «indartu» egingo ditu: hala nola eskoletan eta udal erakundeetan bake eta bizikidetza sustatzea edo sinbologia frankista kentzea.

Oraingoz ez du egoitza finkorik izango. Egun Nafarroako Gobernuaren eskuetan diren hainbat eraikin eta egoitzen artean bat aukeratuko du Bake eta Bizikidetzako zuzendaritzak, baina, Olloren arabera, «txikia eta herritarrentzat erraz sartzeko modukoa» izatea nahi dute. Egoitzak liburutegi espezializatu bat izango du, eta herritarrek zein ikerlariek informazio digitalizatua kontsultatzeko aukera izango dute zentroko ordenagailuetan. Dena den, Olloren ustez, egoitzaren tamaina baino «garrantzitsuagoa da sinergiak bilatzea» memoriaren arloan lan egiten duten gobernuko atal guztiekin eta gizarteko erakundeekin.

Iruñeko Udalaren erantzuna

Herenegun, Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak frankismoko krimenen aurka Iruñeko Udalak jarritako kereila atzera bota zuen. Atzo horri buruz galdetuta, Ollok erantzun zuen erabaki horrek ez duela laguntzen «biktimek egia izateko eskubideak aurrera egin dezan».

Iruñeko Udalak atzo aurreratu zuen helegitea jarriko duela instrukzio epaitegiak hartutako erabakiaren aurka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna