Noiz sortua: 2014-06-17 00:30:00

Ibon Iparragirre preso gaixoari eraso diote, eta bakartu egin dute

Gotzon Iparragirre: «Hiru hilabetez horrela izango dutela esan diote; hala bada, izan argi nire anaia ez dela espetxetik bizirik aterako»

Enekoitz Telleria -

2014ko ekainak 17
Igandetik bakartuta daukate Ibon Iparragirre euskal presoa Navalcarneroko espetxean (Madril). Joan den ostiralean funtzionario batek sabelean ukabilkada bat eman ziola eta lurrean arnasarik gabe utzi zuela jakinarazi dute haren senitartekoek, eta atzodanik bakartuta dagoela ere bai, bakartze ziegan, oraindik argitzerik izan ez duten arrazoiengatik. «Datozen hiru hilabeteetan horrela izango dutela esan diote; hala bada, izan argi nire anaia ez dela espetxetik bizirik aterako», adierazi dio BERRIAri haren anaia Gotzon Iparragirrek.

Navalcarnerora eraman zutenetik «gero eta estuago» hartu dutela salatu du familiak. Joan den ostiralean, funtzionario batekin izan zuela liskarra, ziega txukun ez izateagatik kargu hartu baitzion. «Eta nik sinesten dut hori. Seguru nago ez daukala ziega txukun. Nirea anaiak ez du ongi ikusten, eta disfuntzio kognitibo bat dauka, eta, horren ondorioz, gauzak nahastu egiten ditu, bai arlo fisikoan eta bai psikologikoan». Kontua da, funtzionarioak sabelean ukabilkada bat eman ziola, arnasarik gabe utzi zuela lurrean, eta «umiliatu» egin zuela gero, «iseka» eginez. «Jarrera erabat sadikoa dute harekin».

Familiak ez daki oraindik zergatik bakartu duten Ibon Iparragirre. «Auskalo zer gertatu den», dio haren anaiak, baina ez zaio «arraroa» iruditzen. «Jasaten ari den jazarpenaren ondorioa da; babesgabe egotearen ondorioa». Igandean bertan izan zuen beste anaia baten bisita, eta, bisita amaitutakoan, korridoreetan aurrera zihoala, ikusi ei zuten jada funtzionarioak hura «mehatxatzen» ari zirela, «kolpea emango ziotelako keinua egiten». Bakartuta, 23 ordu egin beharko ditu ziegan, eta ordubete baino ez du izango patiora irteteko. Horrek beste ondorio bat ere baduela dio anaiak: «Behar dituen osagarri bitaminikoak ez zizkioten lehen ere ematen, eta, orain arte, ekonomatoan fruta eta antzekoak erostea izan du aterabide bakarra. Orain hori ere ezingo du egin, eta horrek are gehiago okertu diezaioke egoera».

Lehen gaua egin du bakartuta, eta Ibon Iparragirrek familiari jakinarazi dio «okertutako» ohe batean pasatu duela gaua, «ziega txiki batean», eta horrek areagotu egin diola «bizkarreko mina». Anaiak dioenez, «horrela jarraitzen badu, ez da bizirik aterako».

Hiesa C fasean dauka Iparragirrek. Horren ondorioz, ez du ongi ikusten, eta horregatik ditu arazo kognitibo horiek. Espetxean sartu zutenetik defentsak 500etik 100era jaitsi zaizkiola jakinarazi zion BERRIAri, maiatzean, haren ama Angelita Burgoak, eta 10 kilo galdu dituela —etxean zegoenean 68 zituen—. 2011ko urritik Ondarroako bere etxean ari zen betetzen espetxealdia, segurtasun neurri zorrotzekin eta eskumuturreko telematikoa jarrita. Martxoan atxilotu zuten berriz, eta Basauriko espetxera eraman (Bizkaia). Handik Navalcarnerora urrundu zuten apirilean, eta geroztik okerrera egin du haren egoerak. Maiatzaren 27an, Eusko Legebiltzarrean izan ziren haren senideak hura aske uzteko ekinbidea «lehenbailehen» onar dezatela eskatzeko.

Atzo, Iñigo Urkullu lehendakariak Langraizko espetxea bisitatu zuen lehen aldiz. Aurretik, elkarrizketa batean, espetxeetako eskumena aldatzeko eskatu zion Espainiari, eta presoei, berriz, egindako mina aitortzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna