Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma

Josten jarraitu nahian

Kataluniako Diada eta Eskoziako erreferenduma gogoan, ekitaldia egin du Bilbon Gure Esku Dago plataformak; iazko lanari jarraipena eman nahi diote, eta, horretarako, ildoak zehaztuko dituzte irailaren 27an.
Bilboko Plaza Barrian jendetza bildu zen atzo.
Bilboko Plaza Barrian jendetza bildu zen atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2014ko irailak 14
Joan den ostegunean, Kataluniako Diadaren karietara, mobilizazio erraldoia egin zuten Bartzelonako kaleetan galdeketaren alde. Datorren ostegunean, independentziaren inguruko erreferenduma egingo dute Eskozian. Eta bi ostegun horien artean, hitzordu bat ezarri nahi izan du Gure Esku Dago plataformak Bilboko Plaza Barrian egindako ekitaldiaren bidez. «Bi gertakari garrantzitsu horien artean, Euskal Herriak eskua altxatu eta 'bagara' esan ahal izateko», plataformako eledun Zelai Nikolasek esan zuen bezala.

Diferentziak gorabehera, Eskozia eta Kataluniako prozesuek badute ezaugarri komun bat, Nikolasen iritziz: herritarrek adostu dutela noiz, nola eta zer galdetu. «Separatistak direla diote, baina, ezer izatekotan, unionistak dira, mota eta iritzi askotariko pertsonak batzen asmatu dutelako».

Nikolas sinetsita dago adostasun hori Euskal Herrian ere eraiki daitekeela. Ekainaren 8ko mobilizazioa jarri zuen horren adibidetzat. Haren ustez, mobilizazio hura «ikaragarria» izan zen, baina are ikaragarriagoa aldez aurretik egindako lana, «borondateak josteko, konfiantzak sortzeko, desberdinen artean elkarlanean aritzeko». Etxarri Aranatzen (Nafarroa) egindako galdeketa eta Arrankudiaga-Zollon (Bizkaia) azaroaren 2an egin asmo dutena ere aipatu zituen, eta bi herriak zoriondu, «adostasuna eraikutzeko gaitasuna izan dutelako».

Irailaren 27ko batzarra

Borondateak josteko zeregin horri jarraipena eman nahi dio Gure Esku Dago plataformak, eta, horretarako, batzarra egingo dute irailaren 27an. Orain arte, «orri zuriaren ariketa» deitu dutena egin dute herrietan, eta herritarrei aukera eman diete proposatzeko aurten zein egitasmo ezarri beharko lituzketen, eta horiek nola gauzatu beharko liratekeen. Batzarrean erabakiko dute zeintzuk izango diren urte berrirako lan ildoak. «Zer izan nahi dugun erabaki behar dugu».

Ohi bezala, ekitaldi dinamiko eta koloretsua izan zen Gure Esku Dago-k antolatutakoa, musikaz eta irudiz ongi hornitua. Kherau musika taldea eta Feliu Ventura kantautore valentziarra aritu ziren, ekainaren 8ko giza katearen eta Diadaren irudiak biltzen zituen bideo bana proiektatu zuten, eta dantzari talde batek Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriko banderei agurra egin zien.

Keinurik esanguratsuena amaieran iritsi zen. Ikusleek, hiru herrialdeetako ikur erraldoiak hartu, eta horiekin Bilboko Plaza Barri osoa estali zuten.

Gure Esku Dago dinamikaren abiapuntu izan zen Gazta zati bat dokumentala ikusgai egongo da gaur, 21:00etan, plataformaren webgunean, Gureeskudago.net helbidean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna