Trebiñu Arabara batzeko eskariari batu zaizkio 46 hautetsi

EAJ, EH Bildu, PSE eta talde independenteko alkate eta kuadrilletako buruek babestu dute Gorteetan eztabaidatuko den ekinaldia
Trebiñu Araban sartzeari babesa agertu dioten alkate eta kuadrilletako presidenteen agerraldia.
Trebiñu Araban sartzeari babesa agertu dioten alkate eta kuadrilletako presidenteen agerraldia. BERRIA

Edurne Begiristain -

2014ko azaroak 8
Hilaren 18an eztabaidatuko dute Espainiako Kongresuan Trebiñu Arabara batzeko eskatzen duen ekinaldi legegilea, eta, hitzordu historikoari begira, ugarituz doaz proposamen horren aldeko babes keinuak. Azkena Arabako udalerrietako eta kuadrilletako 46 alkate eta presidenteren eskutik etorri da. Trebiñu Araba da herri mugimenduak kaleratutako agiriarekin bat egin dute kolore askotariko hautetsiek: EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko alkateek eta hautetsi independenteek agertu diote babesa adierazpenari. Eskaera argia egin dute: Trebiñu «berehala eta betiko» Burgostik banandu eta Araban sar dadila.

Joan den otsailean Eusko Legebiltzarrak probintzia mugak aldatzeko onartutako ekinaldi legegilea hamar egun barru eztabaidatuko dute Gorteetan. Espainiako Konstituzioaren 141.1 artikuluan oinarrituta, Burgosko eta Arabako mugak aldatzea proposatuko dute. Historian lehen aldiz gertatuko da eztabaida hori Kongresuan, eta Arabako udalerrietako eta kuadrilletako 46 hautetsiek «erabateko babesa» agertu diote irekitako prozesuari. Halaber, itxaropena agertu dute afera «behin betiko» konpontzeko balioko duela. Izan ere, Trebiñuko auziak «ibilbide luzea» egin duela gogoratu dute agerraldian. 30 urteotan proposamen politiko ugari aurkeztu dira Trebiñuko gatazka politiko eta administratiboari irtenbidea emateko, baina ahalegin orok porrot egin dute. Besteak beste, gogoratu dute helburu bakarra izan zutela Espainiako Senatuak enklabeei buruz landutako txostenak, Gernikako Estatutuak eta Gaztela Leongoak eskaintzen dituzten bideek edota 1998an Trebiñun egindako herri kontsultak: lurraldearen «anakronismoari» amaiera ematea.

Ordea, kritikatu dute gaur-gaurkoz afera oraindik konpondu gabe dagoela eta bitartean «konponbide partzialak» ematen ari zaizkiela Trebiñuko biztanleen premia eta bizi-baldintzei. Besteak beste, nabarmendu dute bertako herritarrek maiz Gasteizen erroldatu behar izaten dutela «oinarrizko zerbitzuak eta bestelako funtsezko eskubideak» eskuratzeko. Auziaren soluzioa, beraz, premiazkoa da: « Integraziorik ez dagoen bitartean, oinarrizko hainbat arlo ezin izango dira garatu; tartean, osasuna, hezkuntza, ekonomia, komunikabideak eta lurralde batasuna».

Agiria babestu duten hautetsiek ohartarazi dute ez daudela prest «iraganeko prozesuak eta okerrak» berriz egiteko, eta azpimarratu dute egun «ez aurrera ez atzera» dagoen aferaren irtenbidea «bakarra» dela: «Trebiñu Arabara batzea». Diotenez, soluzio hori alde guztiek onartzen dute,«baita pribatuan ere».

Trebiñuko eta Argantzungo udalbatzek gehiengo osoz onartutako eskaerak entzungo dira Madrilen, eta bi udalerri horietako alkateek agerraldian adierazi dute hasitako bideak ez duela atzera bueltarik. «Bidea hasi dugu, eta amaiera arte jarraituko dugu, Gorteek emango dioten erantzuna bata ala bestea izan», esan du Trebiñuko alkate Ignacio Portillak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna