Aurrekontuak adosten saiatuko da EH Bildu, «akitu arte»

Jaurlaritzaren esanetan, «zaila» izango da bere proposamena aldatzea.UPDk mahai gainean du osoko zuzenketa aurkezteko aukera

Maeztu, Urruzuno, Matute eta Pinedo, Gatzagaetxebarriarekin bilera egin ondoren. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
EH Bilduk uste du Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak adosteko aukera badagoela. Jaurlaritzak berak esan dio «zaila» izango dela, baina koalizioak erantzun dio herritarren egoera hobetu nahi badu elkar ulertu beharko luketela; horretan tematuko dela.

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuarekin bildu ziren atzo Oskar Matute, Leire Pinedo, Unai Urruzuno eta Dani Maeztu EH Bilduren legebiltzarkideak. Aurrekontu proposamena aztertu zuten, eta adostasun batzuk izan zituzten. Bileraren ondoren Matutek azaldu zuenez, egoeraren analisia partekatu zuten bi aldeek; herritarren bizi-baldintzak okertu izanak dauzka biak bereziki arduratuta. Beraz, koalizioak ohartarazi du lehentasunetan ere bat egin behar luketela, biek egon behar luketela ados herritarren behar larri horiei aurre egiteko premian. Horretan saiatuko da EH Bildu, atzo adierazi zuenez.

Hala ere, Gatzagaetxebarriak aurrekontuen inguruan «azterketa zurruna» egin diela aitortu du Matutek. Egungo proiektua mantentzeko asmoa erakutsi diela EH Bilduko legebiltzarkideei, eta Jaurlaritzaren proposamenari «funtsezko aldaketak» egiteko «zailtasunak» daudela.

Nolanahi ere, koalizioko kideek «irtenbide bila» jarraituko dutela jakinarazi diote Gatzagaetxebarriari. «Jendearen beharrei erantzungo dien aurrekontuak lortzeko baliabideak eta aukerak ditugu, eta akitu arte jorratuko dugu bide hori».

Akordiorako aukerak egon daitezkeela eta, gustura atera ziren legebiltzarkideak bileratik. Gatzagaetxebarriak aldaketei begira jarrera itxia erakutsi zuen bezperan, baina Andoni Ortuzarrek erakutsitakoa baino hobea izan zela eta, gustura. Hain zuzen, Ortuzarrek koalizioari «beti eskean dabilen ume bat» bezala aritzea egotzi izanak mindu egin du EH Bildu. «Badirudi hasieratik ezezko jarrerarekin aritzea nahi zutela batzuek, baina gu ohituta gaude negoziatzen, eta ez gara ezezko jarrera itxi horretan eroriko», erantzun dio Matutek.

PSEren nahia, PPren aukera

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak PSE-EErekin adostu nahi dituela dirudi. Aukera hori mahai gaineratu zuen hasieratik, eta sozialistek horretarako prestasun osoa azaldu zuten. Isilik dago PSE azken astean gaiaren inguruan, eta, bi aldeek esan duten arren ez dagoela ezer adostuta, elkar ulertze giroa antzematen da isiltasun horretan. Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak akordiorako borondatea berretsi zuen atzo. Jaurlaritzak berriz esan du aurrekontuetarako proiektua egitean sozialisten eskaerak aintzat hartu zituela eta, beraz, prest dagoela ados jartzeko.

PP ere atzo batzartu zen Gatzagaetxebarriarekin, arratsaldean. Nerea Llanos eta Anton Danborenea legebiltzarkideek ondoren azaldu zutenez «adeitsua» izan zen bilera eta PPk aztertu egingo du aurrekontuetarako akordioa lortzeko aukerarik badagoen; Jaurlaritzaren proposamenaeta PPren lehentasunak bat datozen.

UPD osoko zuzenketa prestatzen ari da, baina oraindik ez du erabaki aurkeztuko duen. Gorka Maneiroren ustez, «kontserbadorea» da Jaurlaritzaren proposamena; iazkoaren jarraipena. Eta ez du gustuko. Gatzagaetxebarriari baldintza zehatzak jarriko dizkiola azaldu du, eta jasotzen duen erantzunaren arabera aurkeztuko duela osoko zuzenketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.