Iruñeko familia baten bigarren etxebizitza erre dute, Heletan

'Euskal Herria ez da salgai' eta 'Jo ta ke' pintaketak agertu dira murru batean. Jabea familia «ezaguna» da, auzapezaren hitzetan
Pintaketak agertu dira etxe kiskaliaren murru batean.
Pintaketak agertu dira etxe kiskaliaren murru batean. ISABELLE MIQUELESTORENA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko maiatzak 31
Bigarren etxebizitza bat erre zen atzo goizaldean Heletan (Nafarroa Beherea), itxura guzien arabera, norbaitek su emanda. Iruñeko familia bat da etxearen jabea, eta suteak kanpoan harrapatu ditu. Euskal Herria ez da salgai eta Jo ta ke pintaketak agertu dira etxebizitzaren paretetako baten gainean. Jendarmeriak ikerketa abiatu du.

05:30 aldera jaso zuen abisua Philippe Etxepare Heletako auzapezak. «Iritsi nintzenerako, suhiltzaileak han ziren, baina etxea kiskali da. Berriz osoki eraiki beharko da», azaldu du. Pintaketak ikusirik, argi du: «Ez da istripu bat».

Iruñeko familia batena da etxea, Etxeparek jakinarazi duenez. «Orain dela hogei bat urte erosi zuten. Familia ezaguna da herrian, anitzetan etortzen dira hona, eta ekitaldi kultural anitzetan parte hartzen dute. Hemen instalatzea ere aipatu zuten; ez dut uste bigarren etxebizitza gisa kontsideratzen ahal zenik», azaldu du. «Domaia da zinez halako familia bati horrelako zerbait gertatzea».

Azkena, Itsasun

Etxe agentzia eta bigarren etxebizitzen kontrako erasoetan behin baino gehiagotan agertua, espekulazioaren kontrako ekintzen lelo bilakatua da EH ez da salgai. Gisa bereko azken erasoa 2013ko azaroan izan zen, Itsasun, Lapurdin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna