Euskara. Lege aldaketa Nafarroan

Esekitoki gehiago aukeran

Euskararen legearen aldaketak euskararen egoera hobetuko du, Lizarrako, Tafallako eta Tuterako ikastoletako zuzendarien ustez. Ikastoletan eragina izango duela diote.
Euskararen legearen aldaketak «ziurtasunik eza» eragin du eremu ez-euskalduneko ikastoletan.
Euskararen legearen aldaketak «ziurtasunik eza» eragin du eremu ez-euskalduneko ikastoletan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Lohizune Amatria -

2014ko abenduak 28
Iratzargailuak jo du berriro. Goizero bezala, ohetik altxatu, gosaldu, eta autoa hartu du. Seme-alabak Lizarrako ikastolara (Nafarroa) eramaten dituzten gurasoetako bat da. Andosillan (Nafarroa) bizi da, eta egunero 36 kilometro egin behar ditu haurrak ikastolara eramateko. Beste 36, etxera itzultzeko. Egoera, ordea, alda daiteke eremu ez-euskaldunean bizi direnentzat. Izan ere, euskararen legearen moldaketak D eredu publikoa zabalduko du eremu ez-euskaldunera: ikasle eta gurasoek ikastetxe gehiagotako esekitokiak izango dituzte aukeran.

«Positiboa da», dio Lizarrako Ikastolako zuzendari Josu Reparazek. Eta argi du arrazoia zein den: «Moldaketa honek biztanleen eskubideen berdintasuna bermatuko du». Eremu mistoan dago Lizarra, baina egunero jasotzen ditu eremu ez-euskalduneko ikasleak; 129, zehazki. Ikastola handia da, eta, gainera, ikasle gehiago biltzen ditu urtetik urtera. Aldaketarik gerta daitekeela uste du Reparazek, baina ez du beldurrik: «Ikastolak badu egiteko modu bat: aitzindaria izan da euskararen hezkuntza eleaniztunean eta gurasoen zuzeneko partaidetzan. Legeak beste aukera bat eskaintzen die biztanleei, besterik gabe». Orain dela hemezortzi urte ezarri zuten D eredua Lizarrako eskola publikoan, eta, geroztik, herrian bi aukerak dituztela azaldu du Reparazek. «Baina inguruko gainerako herrietan egoera ezberdina da», aitortu du. «Horietako bederatzik badute eskola publikoa, eta besteek ez dute eskolarik. Ikasleak hurbileko herrietara garraiatuak dira».

Antzeko egoera dute Tafallako Garces de los Fayos ikastolan. Inguruan D eredua eskaintzen duen ikastetxe bakarra da, eta argi dute legearen aldaketak eragina izango duela. Hala azaldu du Kontxi Aranaz zuzendariak: «Erriberriko merindadean D eredua eskaintzen duen zentro bakarra gurea da. Legeak aukera gehiago eskainiko die gurasoei seme-alabak matrikulatzeko garaian. Horrek esan nahi du denek ez dutela aukeratuko ikastola». Aldaketak «ziurtasunik eza» sortu duela uste du. Hala ere, pozik dago euskararen legearen moldaketarekin: «Beti poztuko gara euskararen alde egiten diren urrats guztiekin».

Baikorra da Tuterako Argia ikastolako Anika Lujan zuzendaria ere: «Euskararen egoera hobetzeko ematen diren pauso guztiak ongi etortzen dira, eta uste dugu Erriberan euskarak beste presentzia bat izaten lagundu ahal duela legearen aldaketa honek». Urtebete igaro da Tuteran Nafarroa Oinez festa antolatu zutenetik, eta, lortutako dirua lagungarria izan bazaie ere, larria da ikastolaren egoera. Kirol azpiegiturak ordaindu nahi zituzten irabaziekin: «Zorraren zati bat besterik ez genuen ordaindu». Ez baita ikastolak duen zor bakarra: «Inbertsio horretan sartu ginenean, ez ginen hutsetik abiatu: ikastolaren eraikuntza nagusia oraindik ez zegoen guztiz ordainduta». 203 ikasle ditu Argia ikastolak. Tuterakoak dira gehienak, baina inguruko hamabi herrietatik ere jasotzen ditu: «Alesbes dago urrunen, ikastolatik 40 kilometrora».

Ikasle gehiago ditu Tafallako ikastolak: 394. Baina ez du lekurik guztientzat. Horregatik, eraikin berria egiten hasi ziren urtarrilean. Bukatzear dute: «Ikasturte hau amaitu baino lehenago han egotea espero dugu», azaldu du Aranazek. Ikastetxean leku falta «ikaragarria» dute, eta eraikina egiteko erabili zuten 2011. urtean antolatutako Nafarroa Oinez-en lortutako dirua. Hala ere, gurasoak kuota berezia ordaintzen ari dira obra pagatzeko. Egoera hobea da Lizarrakoa. Zuzendariak azaldu duenez, lursaila erosi eta eraikinak egin dituzte lortutako diruarekin. «Oraindik zor txikiren bat badaukagu, baina egungo egoera ekonomikoa ona da».

Euskara, eskolan eta kalean

Euskararen normalizazioan aitzindari izan dira Lizarrako, Tafallako eta Tuterako ikastolak. Erabat erdaldunak ziren herriak ikastolak ezarri aurretik, eta eremua euskalduntzeko asmoz sortu zituzten. Urteetan, baina, aldaketak izan ditu orduan garatutako hizkuntza proiektuak. Ingelesaren aldeko apustua egin zuten duela 29 urte, eta gaztelania eta frantsesa ere barneratu dituzte.

Proiektuak «oinarri sendoa» du, Reparazen ustez. Eta egun beste eskola batzuetara zabaltzen ari direla dio: «2002. urtean hizkuntzen diagnostiko sakona egin genuen, eta proiektu berria idatzi genuen». Metodologia komunikatiboaren alde egin zuten: «Hizkuntzak zerbait irakasteko tresna bilakatu genituen, hizkuntzaren beraren irakaskuntzatik haratago». Lau hizkuntzen arteko koherentzia lortzeko tresna gisa definitu du Aranazek. Euskarak garrantzi berezia duela dio: «Hizkuntza bat ezin da gelako erabilerara mugatu. Beti bezala, euskararen erabilera bultzatzeko indarra egingo dugu».

Legearen moldaketak aldaketarik eragin edo ez, ikastolek ez dute hizkuntz proiektua ukitzeko asmorik. Argi dute hori: «Badira kanpotik datozkigun nahiko lege berri, gu geu aldaketa gehiago ezartzen hasi gabe», dio Reparazek. Eta hirurek bat egin dute horretan. «Gure proiektuan sinesten dugu, eta egiten duguna ez dugu aldatuko. Agerian daude lortu ditugun emaitzak», berretsi du Aranazek.

Bidea nekeza izan da eremu ez-euskalduneko ikastolentzat. «Bakarrak izan gara euskarazko murgiltze eredua aurrera eramaten, izugarrizko lana egin dugu, eta hamaika eragozpeni aurre egin behar izan diegu», argitu du Aranazek. Egindako lanak aitorpena behar duela iritzi diote hirurek. Aranazek argi du: «Legea indarrean jartzeko orduan gu kontuan hartu beharko gaituzte».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna