Neurriak eskatu dituzte etorkinak eskola publikoan ez daitezen pilatu
Itunpekoa maila altu eta ertainekoen «aterpe» bihurtu dela uste dute

Migratzaileen seme-alabak hezkuntzan nola integratu, ez da berria kezka hori. Datuek diotenez, sare publikoan daude lautik hiru, eta hor barruan ere ikastetxe jakin batzuetan elkartzera jotzen dute. Gasteizko egoerarekin kezkatuta, elkar hartu dute hezkuntzako hainbat eragilek: salatu dute «segregazioa» dagoela banaketan, publikoaren gain geratzen dela ikasle migranteen eskolatzea. «Itunpeko sarea, aldiz, aterpe bihurtzen ari da bertako maila ertaineko edo altuko familia askorentzat». Neurriak hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: besteak beste, ikasturtea hasi eta gero eskolatzen dituzten ikasleak ez bideratzea beti sare publikora.
Horrelako salaketak aspalditik ari dira egiten eskola publikoko eragile batzuk —EHIGE gurasoen elkartea, adibidez—, baina babes zabalagoz egin dute Gasteizko egoeraren salaketa; besteak beste, sindikatuak batu dira —ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, ESK—, eta migratzaileen talde batzuk. Eusko Jaurlaritzari eskatu dizkiote kontuak —aurreko gobernuei ere bai—, ez diolakoan gaiari «heldu». Gasteizko Udalari ere begiratu diote: «Zein hiri eredu sustatu nahi duen erabaki behar du».
Hego Euskal Herriko zenbakiei erreparatuta, desoreka ageri da azken urte luzeetan. Gorabehera batzuekin, baina, oro har, ikasleen kopuruan erdi eta erdi dabiltza itunpeko sarea eta publikoa —une honetan, koska bat gainetik dago publikoa—. Ikasle migratzaileen banaketa aztertuta, ordea, bereizketa argiagoa da: ikastetxe publikoetan ari dira lau ikasletik hiru.
Ikastetxe guztien ardura
Gizartean aniztasuna kudeatzeko eredu okerra da gaur egun hezkuntzan dagoen egoera, adierazpena egin duten taldeen ustetan: «Ez dugu nahi eskola bat bertako populazioarentzat eta beste bat atzerriko jatorria dutenentzat». Ohartarazi dute Gasteizko eskola batzuek «bizkar» ematen diotela hiriko «errealitate sozial zibilari». Hezkuntza sistema osoarena da ardura, sinatzaileen esanetan: «Eskola guztiek eta sare biek erantzun behar diote giza kohesioa lortzeko dagokien erronkari».
Bi salaketa zehatz egin dituzte. Batetik, ikasturtea hasi ostean eskolatzen diren umeak ikastetxe publiko jakin batzuetara igortzen dituztela. Eskatu dute gela batean bederatzi ikasle baino gehiago ez izatea berandu hasiak, ratioak ez gainditzea halakoetan, eta laguntza emateko irakasleak ezartzea.
Bestetik, migratzaileen pilaketa. Ikasleak hautatzeko «prozesu informalak» saihesteko, matrikulazio bulego bakarra jartzeko eskatu dute, eta kuotak eta horrelakoak deuseztatzeko ere bai. «Gasteizko ikastetxe guztiak diru publikoz finantzaturik daude %100ean; beraz, familia guztiek eskubidea dute zentro guztietara joateko dohainik eta laikotasun baldintzetan». Aldi berean, eskola publikoko matrikulazio baremoetan errenta baxua lehenesteko irizpidea kentzea nahi dute, «horrek maila ertaineko familiak zentro publiko batzuetatik kanpo uzten baititu». Bidenabar, zailtasun bereziko ikasleak dauzkaten ikastetxeei baliabide gehiago emateko eta behin-behinekotasuna eteteko eskatu dute agirian.
Beste gogoeta batzuk ere egin dituzte ikasle migratzaileen eskolatzeaz. Hizkuntza ereduei buruz, adibidez: «Gizarteak bideratu egiten ditu haur etorkinak bertakoak arian-arian uzten ari diren ereduetara». A ereduaz ari dira. Ikasleak galtzen ari da etengabe, eta etorkinen bilgune bihurtu da.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.