Euskal Herria - Katalunia. Mahai ingurua Bilbon
Erreferendumaren ispiluan

Eztabaida politikoa bultzatzeko baino gehiago, ahalduntzea sustatzeko antolatu zuen mahai ingurua atzo Biltzar Nazional Katalanaren euskal adarrak Bilboko Kafe Antzokian. Katalunian urriaren 1ean egitekoak diren erreferendumari babesa azaltzea zen saioaren asmoa, eta sei hizlariek aho batez baieztatu zuten galdeketa egingo dela. Jordi Turull Generalitateko bozeramailea, Joan Tarda Espainiako Kongresuko ERC alderdiko ordezkaria, Jordi Sanchez Biltzar Nazional Katalaneko lehendakaria, Zelai Nikolas Gure Esku Dago plataformako bozeramailea, EAJ alderdiko Joseba Egibar eta EH Bilduko Maddalen Iriarte, denak ados: «Egingo da».
Demokrazia dago jokoan galdeketan. Behin eta berriz aipatu zuten hori kataluniarrek, eta, hain zuzen ere, horregatik iruditzen zaie erreferenduma hain ezinbesteko, eta, era berean, hain atzeraezin. Madrilgo Gobernuaren blokeoek ezingo dutela geldiarazi azaldu zuen Turullek, adibidez: «Irabaziko dugu, [Espainiako] Estatua demokratikoki gaindituko dugulako».
Harridurarik ez zuen ezkutatu Tardak. «Historiak batzuetan zaldi erotu baten itxura hartzen du, eta sekula gertatuko zirenik uste ez zenuen gauzak gertatzen dira, eta oso azkar». Nazioartean onarpena lortzeko galdeketa «nota onarekin gainditzea» garrantzitsua dela ere esan zuen.
Prozesua «iraultza demokratiko bat» dela aipatu zuen ANCko lehendakariak. «Iraultza bat da, konbentzituta gaudelako aldaketa handia egitea dela edozein gauza txiki aldatzeko modua».
Txalo jotzen zuen publikoak hitzaldi guztien ostean. Hutsik gabe. Eta arrakalarik gabekoa zen euskal ordezkariek prozesuari adierazi zioten babesa ere. Egibar: «Kataluniako prozesuak aurrera egiten badu, guretzako mesede».
Izan zen tentsio unerik ere. Jeltzaleak «eredu talka» aipatu zuenean, kasurako. «Bakar batzuek utzi dute indarkeria ez konbentzimenduz, baizik eta estrategikoa ez delako». Baina azkar heldu zen distentsioa, Iriarteren hitzekin. «Egibarrek pazientzia historikoa eskatzen dit sarri, eta nik esaten diot eternitatea ez dela gurea. Bi mutur horien artean topatu beharko dugu puntu bat».
Egibarrek beharrezkotzat jo zuen EAJk eta ezker abertzaleak «gutxieneko adostasun bat» lortzea: «Ardura politikoa eta historikoa da». Eta alderdien tirabiratik at, Nikolasek ezinbestekotzat jo zuen «herri itun bat».
Independentzia Eguna
Bestalde, Independentistak sareak Independentziaren Eguna antolatu zuen atzo Bermeon (Bizkaia). Han ere ikusi ziren Kataluniako ikurrak eta entzun ziren prozesuaren aldeko mezuak. Irailaren 16an Bilbon egitekoa den manifestazioan parte hartzera deitu zuten.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.