Giza eskubideen nazioarteko eguna

Borroka anonimo eraikitzaileei

ETAk, GALek eta Espainiako Poliziak eragindako 41 biktimari eman die Rene Cassin saria Eusko Jaurlaritzak.Jasan duten minaz gain, elkarbizitzarako egin duten lana aitortu die

Sarituak, oholtza gainean, Jaurlaritzako ordezkariekin. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Enpatia. Bestearen lekuan jartzea. Horixe da giza eskubideen arima, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan. Indarkeria modurik bortitzenean pairatu dutenentzat da zailena mina enpatia bihurtzea. Bestearen lekuan jartzea eta sufrimendua elkarbizitzara bideratzea. Eta horixe txalotu du Jaurlaritzak aurtengo Rene Cassin sarietan. Hainbat biktimak barrutik egin duten «borroka anonimo etengabea»; modu eraikitzailean egindako lana. «Bizikidetzaren alde egindako ekarpena» eskertu die ETAren, GALen eta Espainiako Poliziaren 41 biktimari.

Posible dela erakutsi dutelako egin die aitorpena elkarbizitza lantzeko helburuz eskoletan euren esperientzia kontatzen aritu direnei. Baita askotariko biktimak batu eta elkar ulertzea lortu zuen Glencree esperientzian parte hartu dutenei. «Batzea, elkarlanean aritzea eta elkarrekin bizitzea posible dela erakutsi dute», azaldu du Urkulluk sariak banatzean. «Alderdikerien miopia» gainditu, eta mina gorroto eta mendekua bihurtu ordez enpatia bihurtzea posible dela. Jaurlaritzarentzat, eredu dira horregatik saritutako biktimak. Eta haien irakaspenari heltzeko dei egin die politikariei zein gizarteari. Haiek egin badute, gainontzeko herritarrek ere egin dezakete.

Jatorri askotako biktimak saritu dituzte. Horren adierazgarri, Fernando Garrido, Lurdes Zabalza, Jaime Arrese, Jose Goikoetxea eta Pili Zabala, zeinek guztien izenean hitza hartu duten. Rafael Garrido Gipuzkoako gobernadore militarra zela ETAk hildakoaren semea da lehenengoa; Mikel Zabalza Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu ondoren hilda agertu zenaren arreba bigarrena. Hirugarrena, Jaime Arrese Komando Antikapitalistek hil zuten UCDko batzarkidearen semea. Joseba Goikoetxea ETAk hil zuen ertzainburuaren semea da laugarrena. Eta bosgarrena, Joxi Zabala GALek hildakoaren arreba. Ondorengoei «bakearen legatua» uzteko deia egin dute guztiek.

«Mina bestearen aurpegian ikusi duzue; zuek jasandako injustizia beste pertsonarengan ere sentitu duzue; alderaketetan erori gabe partekatu duzue, saririk eta justifikaziorik gabe; entzun duzue, eta isilean ulertu duzue, errespetuzko hitz beroekin», azaldu du haien ekarpena lehendakariak, eta haiengandik zer ikasi badela ohartarazi. Gainontzeko biktimei ere eman die saria, sufritu dutenaz gain egunerokoari eusteko egindako ahaleginagatik.

Biktimek elkarbizitzarako deia egin dute; Zabalak, abisu bat emanda: polizien eta estatuen biktimek aitorpen ofizialik gabe jarraitzen dutela salatu, eta hori bideratzeko neurriak eskatu ditu.

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkariak, bestalde, «memoriaren plaza publikoa» eraikitzeko deia egin du. Horretarako garai guztietako giza eskubideei begiratu behar zaiela adierazi du, eta iraganeko eskubide urratzeak ere aitortu behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.