Herritarrek dagozkien gai guztietan erabaki dezaten gura du EH Bilduk

Herritarrak ahalduntzeari buruzko lege proposamena aurkeztu die zenbait eragileri, haien ekarpenak jasotzeko.«Demokrazian sinesten duten indar guztien babesa» espero du Eusko Legebiltzarrean

Hainbat lantalde aritu ziren EH Bilduk Portugaleten (Bizkaia) atzo antolaturiko eztabaida saioan. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Gotzon Hermosilla - Enekoitz Esnaola
2015eko urriaren 11
00:00
Entzun
«Erabakitzea» erabaki du EH Bilduk. Baina ez soilki «etorkizun politikoa» edo Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak gainerako euskal lurraldeekin edo Espainiako Estatuarekin izan nahi dituzten harremanak; eredu ekonomiko eta soziala eta «herritarren egunerokoan zerikusia duen beste edozein arlo» ere eztabaidagai eta herritarrek erabakitzen dutenaren mende ipini nahi dituzte. Horretarako tresna bat jarri nahi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren eskura: Herritarrak Ahalduntzeko Legea.

Lege horren zirriborroa aurkeztu zien atzo Portugaleten (Bizkaia) bildu ziren herritar eta gizarte eragile guztiei. EH Bilduko eledun Rebeka Uberak eta Oskar Matutek nabarmendu zuten euren proposamena «irekia» dela, eta herritarren eta gizarte eragileen ekarpenekin moldatu eta aberastu nahi dutela, azaroaren 4an Eusko Legebiltzarrean erregistratu aurretik.

Horretarako, atzokoaren moduko eztabaida saio gehiago antolatuko dituzte Donostian eta Gasteizen, eta euren webgunean ere paratu dituzte ekarpenak igortzeko bideak. «Ez dugu nahi hau soilki gure legea izatea, gizarte osoarena baizik», esan dute.

Uberak eta Matutek adierazi dutenez, euren asmoa da legea «tresna» izatea «burujabetza osoa eta justizia soziala» uztartzeko. Herritarrak «jarduera politikoaren erdigunean» jarri nahi ditu EH Bilduk proposamen horren bidez, herritarrei hainbat gairen inguruan erabakitzeko ahalmena emateaz gain, «erabakitzeko prozesuen sustatzaile» ere eginez, eta galdeketak proposatu eta sustatzeko bideak herritarren eskura jarriz.

«Herritarren borondatea» da, EH Bilduren ustez, erabakitzearen muga bakarra. Badakite borondate horrek beste muga batzuekin talka egin dezakeela, Espainiako legeriarekin esaterako, «are gehiago kontuan hartutaEspainiako Gobernuaren jarrera», baina ez dute eztabaida horretan kokatu nahi. «Lege honek ez luke arazorik izan behar gaur egungo esparru juridikoan», esan du Matutek. «Gure helburua da bidea egiten hastea, eta herritarrei ulertaraztea dena erabaki dezakegula».

Azaroaren 4an egitasmoa legebiltzarrean aurkeztu ondoren, gainerako indar politikoekin proposamenaz eztabaidatzeko ordua iritsiko da. Horretaz galdetuta, Uberak eta Matutek gogorarazi dute alderdi politiko guztiek proposatu ohi dituztela herritarren parte hartzea sustatzeko neurriak euren hauteskunde programetan, eta, beraz, «demokrazian sinesten duten indar guztien babesa» eduki beharko lukeela egitasmoak.

Herri galdeketak

EH Bilduk aurkezturiko zirriborroak erabakitzeko ahalmenaren garrantzia nabarmentzen duen atariko atal bat du, eta ahalmen hori garatzen duten beste lau atal. Bi dira mamitsuenak: herri galdeketak definitu eta arautzen dituena, eta herritarren parte hartzeari buruzkoa.

Proposamenaren arabera, herri galdeketen xedea herritarren iritziak jakitea da, eta ez lirateke bete beharrekoak izango. Galdeketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egitekoak, herrialde mailakoak zein tokian tokikoak izan daitezke. Hamasei urtetik gorakoek dute boto eskubidea, erroldan ageri badira eta kontsulta aurreko urtebetean bertan bizi izan badira.

Galdeketak instituzioek susta ditzakete: lehendakariak edo Eusko Jaurlaritzak, legebiltzarrak baldin eta osoko bilkurak gehiengo soilaz hala erabakitzen badu, eta are aldundiek eta udalek ere, legean ezartzen diren baldintzen arabera. Baina herritarrek ere bultza dezakete galdeketa bat, baldintza batzuk beteta. Esaterako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galdeketa bat antolatzeko 30.000 herritarren sinadura balioztatuak nahikoa izatea proposatzen du EH Bilduk.

Nafarroako asmoa

Joan den maiatzeko foru hauteskundeen kanpainan Nafarroako EH Bilduk azaldu zuen herrialderako Kontsulta Lege bat bultzatuko zuela, Nafarroako herritarren «iritzia bideratzeko» tresna izateko. Beharrezkotzat jo zuen egitasmoa, «herritarren borondatea estalia, isildua eta ukatua izan baita urteetan Nafarroan eta Espainiako Estatuan». Foru Hobekuntza ez zen erreferendumera eraman, adibidez. Arau berriaren bidez, «izaera orokorreko» eta erkidegorako «garrantzi politiko bereziko» gaiak jorratzeaz gain, zentsura mozio herritarrak, lege bati buruzko kontsultak edota udal esparrukoak ere bideratu nahi dituztela zioen apirilean Nafarroako EH Bilduk.

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren arteko legealdiko gobernu programan parte hartzeari buruzko foru legearen egitasmoan «herritarrei kontsulta egiteko tresnak» esaldia ageri da, garatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.