Kataluniako erreferenduma. ENBAXADA BILA

Gaur da partida

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2017ko urriak 1
Iritsi da eguna. Ez askok nahi genuen bezain azkar, baina iritsi da. Testu hau irakurtzen hasterako jakingo dute gure irakurleek, Vicent, zein izan den gaur goizean aurreneko ordutik Espainiako Gobernuak Kataluniara bidalitako polizien jokabidea; eta, era berean, zein izan den milaka herritarrek aurretik eta ondoren eskaini duten alternatiba.

Saiatu dira, ederki saiatu ere, Kataluniako independentziazaleak, instituzionalak eta sozialak, erreferendum adostua egiten. Azken urteotan, hilabetero bidali diete mezua, irudika ditzakegun formatu guztietan, Espainiako Gobernuari eta estatu garrantzitsuetako gobernuei, adieraziz katalanek ere erabaki nahi dutela haien etorkizunari buruz, Quebecen, Eskozian, Montenegron, Kosovon egin zuten bezala, eta, aurki, Kaledonia Berrian egingo duten bezala. Herri horietan, egoerak egoera, egin zituzten zeuden estatutik bereizteko erreferendumak, estatuekin adostuta eta nazioarteko komunitatearen babesarekin. Kosovoren kasua de facto-koagoa izan zen.

Datu adierazgarri bat: egoera ekonomiko ona daukaten nazioetan, ezezkoak irabazi zuen —%50,50 Quebecen, eta % 55,30 Eskozian—, eta baiezkoak egoera ekonomiko larrian zeuden nazioetan —%55,40 Montenegron, eta %99 Kosovon—. Ondorio ez-zientifikoa? Errazago lortzen dela independentzia pobrea izanda, aberatsa izanda baino.

Independenteak izan nahi duten nazio dexente daude munduan, nor bere estatuan harrapatuta. Azken urteotan ez dago kasu bakar bat ere Kataluniarekin gertatzen ari denarekin aldera litekeena, erreferenduma estandarra egin nahi eta ezin. Edo nazio horiek ez daukate nahikoa indar independentzia prozesu bat abiatzeko, edo eduki dutenek lortu dute akordioa estatuarekin. Kataluniari salbuespena ezarri egin diote.

Nazioen nekea kontzeptua erakutsi zigun aspaldi kazeta honetako lehen lehendakariak. Estatu bihurtu nahi duten nazioak ez daude beti sasoi berean, gorabeheratsua da haien egoera. Hamarkada batean oso indartsu daude estatuaren eskaerarekin, eta, gero, lozorroan sartzen dira aldi baterako. Eskozia eta Katalunia dira azken adibideak. Oso denbora gutxian hazi da independentziaren aldeko herritarren kopurua bi nazio horietan. Zertan da Quebec gaur egun? Nola daude Galizia, Bretainia, Kanariak...? Nola egongo da Eskozia epe laburrean independentzia lortzen ez badu? Nekealdira itzuliko da? Zaila da, sekulako lana egin behar delako, gehiengoa osatzea estatu berri baten alde; are zailago urteetan eustea.

Kataluniari alde bakarreko bidea beste aukerarik ez diote eman Espainiako estatu egiturek. Salbuespen batzuk kenduta, artilleria guztia erabili dute erreferendumaren aurka: politikoa, judiziala, poliziala eta mediatikoa. Poliziaz hustu du Espainia Rajoy presidenteak, Kataluniako herriak indarrez menperatzeko. Eta, hala ere, erreferenduma egitearen alde dauden katalanak, gehiengo argia, ez dira kikildu, ez dute umorea galdu, eta lasaitasun eta sendotasun handiarekin eta umore zertzelada irudimentsuekin ekarri dute prozesua gaur arte. Eredu izan dira, hala edukian nola forman, bide bera egin nahi dutenentzat.

Gaur —eta hurrengo hilabete eta urteetan— jokatuko dute katalan askok luzaz amestu duten partida. Iritsi da eguna, bukatu dira kristal bolak eta haizeak hatz puntan adierazten omen duen etorkizuna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna