Iruñeko Udalari ez diote onartu frankismoaren aurkako kereila

Argudioak dira delituek «preskribatu» dutela eta Aministia Legeak «debekatu» egiten duela. Udala aztertzen ari da helegitea jarriko duen

Ibai Maruri Bilbao -

2017ko azaroak 3
Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiko epaileak ez du onartu udalak frankismoaren aurka ipinitako kereila. Diktadura sasoian agintea izan zuten edo estatuko funtzionario izan ziren bederatzi pertsonaren aurkako kereila jarria zuen udalak, eta genozidioa eta gizatasunik gabeko krimenak egotzi zizkieten, zuzenean haiek egindako ekintzengatik edo zeharka haietan parte hartu zutelako. Udalak badu aukera oraingo erabakiari helegitea jartzeko. Alkatetzako iturrien arabera, hasiera batean, hori da asmoa, baina oraindik ez dute ezer erabaki. Atzo zerbitzu juridikoak autoa aztertzen ibili ziren, eta gaur emango dute euren asmoen berri.

Epaileak uste du delitu izan daitezkeen ekintza horiek dagoeneko «preskribatu»egin dutela, ordea. Horrez gainera, epaileak ohartarazi du Rodolfo Martin Villa dela akusatutako bederatzien artean bizirik dagoen bakarra. Martin Villa Falangearen Sindikatu Bertikalaren idazkari nagusi izan zen, eta Francisco Franco diktadorea hil ondoren hainbat ministeriotatik igaro zen —Barne Ministeriotik, kasurako—, Espainiako Gobernuko presidenteorde izatera iritsi zen arte. Beste akusatuak ondokoak dira: Jose Luis de Gordoa y Quintana, 1972 eta 1976 artean Nafarroako gobernadore zibila izandakoa; Fernando Perez de Sevilla y Ayala, Nafarroako gobernadore zibila izandakoa 1976 eta 1977 artean; Enrique Padilla Lope.z Nafarroko gobernadore militar izandakoa; Jose Fullana Pons, Luis Sanchez Saiz , Ricardo Cortes de la Escalera eta Alvaro Lacalle Leloup jeneralak; eta Antonio Creix, Espainiako Estatuko segurtasuneko kide izandakoa.

Epailearen arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak ezarrita dauka zigor auzibidean ezin dela ikerlarik abiarazi zigortzeko moduko ekintza «adierazgarririk» eta delitu horiek egotz dakizkiokeen pertsonarik ez baldin badago. Kasu honetan, balizko inputatuetatik zortzi hilda daudenez, epaileak esan du zortzi horien erantzukizun penala jada ez dela existitzen. Martin Villaren kasuan, bizirik dagoen arren, «preskribatuta» dagoela iruditzen zaio.

Amnistia Legea, oztopo

Epaileak 1977ko urriaren 15eko Espainiako Amnistiaren Legeari ere erreparatu dio. Adierazi du ikertu eta epaitu beharko liratekeen ekintza horiei lege hori aplikatu behar zaiela; eta ondorioz, ezin direla ez ikertu ez epaitu. Eta Espainiako epaile batek ezin duela lege hori indargabetu, ikerketa abian jarri ahal izateko. Horrela argudiatu du kaleratu duen autoan: «Epaileek legezkotasun printzipioa bete behar dute. Beraz, ezin dute legerik indargabetu, eskumen hori botere legegilearena delako. Alde horretatik, gogoan izan behar da 2011n [Espainiako] Diputatuen Kongresuak atzera bota zuela Amnistia Legea moldatzeko egindako proposamen bat».

Gainera, epaileak frankismoaren aurkako kereila jartzeko zilegitasuna kendu dio Iruñeko Udalari. Dioenez, administrazio publikoak ezin du herri akusazio izan, eskumen hori «soilik herritarrena» delako; «sekula ez erakunde publikoena». Legeak salbuespen bakarra jasotzen duela azaldu du: genero indarkeria delituetan soilik du posible administrazioak herri akusazio izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna