Indarkeria matxista

«Gure hitzak balioa du»

'Zure egia gure eginez' lelopean, milaka lagun atera dira Euskal Herriko kaleetara indarkeria matxista arbuiatzeko. Emakumeen kontakizuna ontzat hartzeko eskatu dute protestetan
Emakumeen hitzari balioa emateko aldarria egin zuten.
Emakumeen hitzari balioa emateko aldarria egin zuten. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2017ko azaroak 26
Kaleko jazarpena, prostituzio behartua, eguneroko bortizkeria ekonomikoa, biolentzia fisikoa, enpresetako jazarpen sexista, bikotekideen bortxaketak, sexu erasoak. Horiek eta gehiago indarkeria direla ozen salatu zuten atzo Euskal Herri osoan kalera atera ziren milaka lagunek. «Gure hitzak balioa du», nabarmendu zuten, adibidez, Bilboko, Iruñeko eta Donostiako kaleetan. Indarkeria kasuak salatzean emakumeen hitza zalantzan jartzen dutenen gainetik, elkartasuna eta babesa adierazi zuen mugimendu feministak, Zure egia gure eginez leloa ardatz hartuta.

Baionako herritarrak izan ziren kalera ateratzen lehenak. Goizean, hiriko kaleetan ibili ziren, hainbat tokitan geldialdi artistikoak eginez. Emakumeen hitza zabaldu beharraz hitz egin zuten, milaka emakumeren lekukotasunez. Era berean, adierazi zuten bat egiten dutela isilik geratzen diren emazteekin, entzunak ez direnekin eta sinetsiak ez direnekin. Bilbon ere ildo horretatik jo zuten, eta hainbat taldek publiko egin zituzten testigantza batzuk; besteak beste, adingabeen kontrako indarkeria azaldu zuten, emakume migratzaileen aurkakoa, tortura kasuetakoa, eta desgaitasun fisikoa edota organikoa duten andreen kontrakoa.

Gasteizko protestan, emakumeen kontakizuna ontzat hartzeko eskatu zuten, eta arlo pertsonalaren eta politikoaren artean dagoen hesia hausteko. Iruñean ere eskatu zuten emakumeen hitza aintzat hartzea. Gogoan izatekoa da egunotan ari direla iazko sanferminetako talde bortxaketa epaitzen Iruñean. Bihar-etzi irakurriko dituzte ondorioak aldeek, eta epai zain geratuko da auzia.

Instituzioak jomugan

«Erakundeen indarkeria» gogor salatu zuten Euskal Herriko hiriburuetan, emakumeak berriro biktimizatzen dituztela esanez. Horren adibideak eman zituzten Donostian eta Bilbon: «Gure eskubideak murriztuz auzitegietan, zerbitzu publikoen erabilpena oztopatuz, dagokigun babesa ez bermatuz, gure kontakizunak auzitan jarriz, salatzeko urratsa egiten dugunean geu epaituz...».

Bide horretatik, politika aurrerakoia eraikitzeko garaia dela nabarmendu zuten Baionan, «non emazteen injustizia guztiak kontuan hartuko diren». Gainera, Euskal Elkargoak izenpetu duen Europako Karta ere izan zuten aipagai Lapurdiko hiriburuan: «Bertan emazte eta gizonen arteko berdintasuna adierazten da, eta emandako hitza errespeta dezatela eskatzen dugu». Iruñean, egoera politikoarekin lotu zuten Azaroaren 25a. «Behin eta berriz bakearen inguruan aritzen dira, baina hau ez da gure bakea, heteropatriarkatuak ez baitigu tregoarik ematen». Ahotan hartu zuten justizia arloko funtzionamendua aldatu beharra: indarkeria jasaten duten emakumeekin lan egingo duen sare instituzional bat behar dela nabarmendu zuten.

Hainbat erakundek ere ekitaldiak egin zituzten emakumeen aurkako indarkeria salatzeko. Donostian, adibidez, elkarrekin bildu ziren Jaurlaritzako, aldundiko, Batzar Nagusietako eta Donostiako Udaleko ordezkariak.

Izango dira mobilizazio gehiago. Adibidez, abenduaren 16an, 11:00etan hasita, «gerraren kontrako martxa feminista eta antimilitarista» egingo dute, Santurtziko (Bizkaia) parketik abiatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna