Prozesua aitzinatzeko gakotzat jo dute gizartearen esku hartzea

Armagabetzearen gaia jorratu dute III. Foro Sozialean.Gobernuek prozesuan parte hartzeari uko egitea eta gardentasunik eza dira oztopo nagusiak, Brian Currinen ustez

Eskuinean, Brian Currin, Kristian Herboizheimerrekin berbetan, atzo, Gernikan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Gernika-Lumo
2016ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Eragile gehienek susmatzen zutena egiaztatzeko balio izan du Gernika-Lumon (Bizkaia) egindako Bake Prozesua Indartzeko III. Foro Sozialak: bake prozesua blokatuta dago oraindik; «garai delikatuan», HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide Brian Currinen berbetan. Baina irtenbidearen zantzuak zirriborratzeko ere balio izan du; han bildutako adituen ustez, euskal gizartearen esku hartzea «gakoa» da blokeoa gainditzeko: «Euskal herritarrak gai badira desadostasunak gainditzeko, eta euren ordezkariak elkarrekin aritzera bultzatzen badituzte, azkenean Espainiako Gobernua behartuta egongo da prozesuan parte hartzera», esan du Currinek.

Haren ustez, «paradoxa» bat dago Euskal Herrian: edozein bake prozesuren xedea indarkeria egoerak desagerraraztea bada, euskal prozesuak «arrakastatsuenetako bat» izan beharko luke. Eta, hala ere, herritar gehienek «porrot sentipena» dute horren inguruan. Arrazoia, Currinen ustez, argia da: Espainia eta Frantziako gobernuek orain arte prozesuan parte hartu ez izanak eragiten du porrot sentipen hori.

Egoera gainditzeko, bi irtenbide proposatu ditu Currinek: lehenengoa, itxarotea ea Espainian gobernu berria eratzeak aldaketarik ekartzen ote duen. «Irtenbiderik erosoena» horixe dela aitortu du, baina ez du uste horretan gelditzea nahikoa denik, eta «gizartearen parte hartze aktiboagoa» eskatu du.

Esan duenez, Hegoafrikako prozesuan gizarte zibilaren eragileek garrantzi handia izan zuten. Bi aipatu ditu: Elizak eta enpresak. Baina aitortu du egun ez duela inolako harremanik euskal Elizarekin. Eta enpresaburuei gogoeta proposatu die: «Pentsatzekoa da enpresaburuentzat iraultza zergarik gabeko egoera hau onuragarriagoa dela. Egin dutena baino gehiago egin lezakete bake prozesuaren alde?», galdetu du.

Gardentasunaren beharra

Armagabetzea zen III. Foro Sozialaren gai nagusia, eta horrek aukera eman dio Currini bere ustez prozesua oztopatzen ari den bigarren faktoreaz berba egiteko: gardentasunik ezaz, alegia. Gogoratu du denbora luzea igaro dela Egiaztatzaileen Batzordeak azken txostena plazaratu zuenetik—«beharbada, komunikatzeko ezer gutxi dutelako», esan du—, eta erantsi du gaur egun euskal herritarrek informazio gutxi dutela armagabetze prozesuaz.

ETAk bere konpromisoak berresteko kaleraturiko agiriak edo David Pla euskal presoak armagabetzeaz egindako adierazpenak positibotzat jo dituen arren, esan du eragile askok ez diotela ETAri sinesten armagabetzen ari dela esaten duenean. «Gardentasuna eta konfiantza berreskuratzea beharrezkoa da», adierazi du Currinek.

Carlos Alberto Ruiz Socha, Veronique Dudouet eta Kristian Herbolzheimer adituek beste prozesu batzuen esperientziak ekarri dituzte, baina den-denek nabarmendu dute prozesu bakoitzak bere ezaugarriak dituela eta zaila dela irakaspen orokorrak ateratzea. Herbolzheimerrek jarri du esperantzarako printza; esan duenez, Espainia «jokoz kanpo» gelditzen ari da nazioartean: «Kolonbiako bake prozesua sustatzen du, eta rol aktiboagoa hartu nahiko luke, baina bere inkoherentziak galarazten dio. Azkenean, jarrera aldatu beharko du».

HNTko kide Alberto Spektorowskyk nabarmendu du Euskal Herrian bizimodua «izugarri» aldatu dela ETAk jarduera armatua bukatzea erabaki zuenetik, baina deitoratu egin du horrek gobernuetan neurriko erantzunik jaso ez izana: «Harrigarria da Espainiak beste aldearen indarkeria amaitu dela ziurtatu ostean presoen gaiari ez heltzea», esan du.

Amaieran, Foroaren antolatzaileek iragarri dute gizartearen parte hartze hori indartze aldera «foro iraunkorra» sortu nahi dutela, eta Gernikan bildutakoei eskatu diete adi egoteko martxoan egingo dituzten deialdiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.