Lanbidek doako euskara eskolak eskainiko dizkie langabe daudenei

Prestakuntza jasotzen ari diren ikasleek aukera izango dute euskaltegira jotzeko, pagatu gabe. Lehen proban, 400 ikasleri jarriko diete lekua

Ikasle batzuk, euskaltegian. Prestakuntza jasotzen ari diren langabeei doako eskolak eskainiko dizkiete. M. DEL VALLE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Langabeen doako prestakuntzan euskara ere sartuko du Lanbidek: euskaltegietan sartzeko aukera jarriko die, matrikula pagatu beharrik izan gabe. Akordio bat egin dute Lanbidek eta HABEk, langabeen heziketan euskara eskolak sartzeko. Aurtengo ikasturtean egingo dute proiektu pilotua, eta espero dute 400 langaberi modua jarriko dietela euskaltegian hasteko —200.000 euroko diru saila jarri dute—. Izen emateak gehiago badira, langabeen artean aukeraketa bat egingo dute, irizpidetzat harturik beren lan adarrak nolako lotura daukan jendaurreko jardunarekin. Behin Lanbidek onartuta, egokien datorkion euskaltegira joan ahalko du langabeak. Matrikula ez du pagatu beharko.

Matrikulazio kanpaina betean dira euskaltegiak. Eusko Jaurlaritzak joan den astean bertan aurkeztu zuen kanpaina, euskaltegietako arduradunekin batera; datorren ostiralean amaituko da.

Langabeei doako eskolak emateko proiektu pilotua aurkeztu du Jaurlaritzak, baina, izatez, asmoa ez da berria. Iaz egin zuten proba bat. Doako eskolak eskaini zizkieten hiru lan eremutako langabeei: merkataritza, ostalaritza eta arlo soziosanitarioa. Oinarrizko mailak eskaini zituzten: A1, A2 eta B1. Gogoan izatekoa da udal batzuek pagatzen dizkietela euskara eskolak langabeei—Donostiakoak, adibidez—; horren harira, EAEko Arartekoak ohar egin zion Jaurlaritzari, Bilboko langabe baten kexa jaso eta gero, «konparaziozko bidegabekeria egoerak» sortzen zirelako herri batetik bestera. Bidenabar, Lanbideren hutsuneaz ere ohartarazi zuen: «Beste hizkuntza batzuen ikastaroak ematen dira, baina ez euskararenak».

Iaz hasitako probarekin ez jarraitzea erabaki dute. Jokin Azkue HABEko zuzendariaren arabera, Lanbiden bertan taldeak eratu zituzten iazko ikasturtean, euskara eskolak emateko; teoria eta praktika izaten dituzte talde horiek, eta praktika garaian «uzte asko» eduki zituzten. Horregatik erabaki dute orain beste era bat jartzea.

Urriaren 16ra arte

Hiru esparru horietarako soilik ez, Lanbiden prestakuntza jasotzen ari diren langabe guztientzat jarriko dute euskara ikasteko aukera aurten —orain heziketa jasotzen ari direnei ez ezik, 2014tik orain arte jaso dutenei ere aukera emango diete—. Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak adierazi du euskara gero eta gehiago eskatzen dutela enpresek: «Lanbidek antzeman du zerbitzu elebidunen eskariak gora egin duela, bereziki jendeari arreta egitearekin lotutako arloetan. Joera hori are nabarmenagoa da eremu euskaldunenetan». Hortaz, adierazi du euskara ikastea bidea dela langabeen enplegagarritasuna areagotzeko.

Euskara zabaltzeari begiratu dio Hizkuntza Politikarako sailburuak, Bingen Zupiriak: «Asmoa dugu euskara ikasteko erraztasunak eskaintzen jarraitzeko. Hitzarmenaren helburua da beste esparru batzuetan prestatzen ari diren pertsonak euskarara hurbiltzea». Proiektu pilotua izango da aurtengo ikasturtekoa, eta, Zupiriaren arabera, ikusi nahi dute «nolako erantzuna» duen.

Euskaltegietan emango dituzte ikastaroak: bai publikoetan, bai itunpekoetan. Izatez, langabeak hautatuko du zein datorkion hobeto. Hau izango da funtzionamendua: Lanbiden urriaren 16 arte izango dute izena emateko aukera —izena 400 langabek baino gehiagok emango balute, Lanbidek hautatuko ditu, jendaurreko arlokoak diren aintzat hartuz—. Behin Lanbideren baiezkoa jasota, nahi duten euskaltegira jo ahal izango dute langabeek, matrikula orriarekin, eta euskaltegiko ikastaldeetan sartuko dituzte, beren mailaren arabera. Ez dute matrikula ordaindu beharko: Lanbidek hasieratik hartuko du kostuaren ardura. Ez da, beraz, gainerako euskara ikasleen sistema izango: haiek matrikula ordaindu behar dute, eta, mailak gainditzen badituzte, dirua bueltatu egiten diete.

Curriculumean ezarritako sei euskara mailak eskainiko dituzte: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Hala ere, iazko egitasmoko izen emateak eta Lanbiden dauden langabeen soslaia ikusita, uste dute hasierako mailetakoak izango direla ikasle gehien-gehienak. Ikastaroen aprobetxamenduari dagokionez, «jarraipena» egingo dutela esan du Lanbideko zuzendariak, Borja Belandiak: ikasleak eskoletara joaten direla zainduko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.