Arginzoniz eta Iriondo presoei zigorrak batu dizkie Frantziak

Ion Parot baldintzapean askatzeko eskaeraz otsailaren 22an erabakiko dute. Ibon Iparragirre fiskalaren erabakiaren zain dago oraindik

Ion Parot aske uzteko eskatzeko atzo Baionan egindako elkarretaratzea. BOB EDME.
Edurne Begiristain.
2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Aritz Arginzoniz eta Aitzol Iriondo euskal presoek aurretik izan dituzten espetxe zigorrak kontuan hartzea erabaki du PariskoAuzi Kriminalen Epaitegiak. Hala, beste gertakari batzuengatik bai Espainian bai Frantzian ezarrita dauzkaten zigorrak batuko dizkiete bi euskal presoei. Epaimahaiak hamar urteko espetxe zigorra ezarri dio Arginzonizi, eta hamabi urtekoa Iriondori. Arganzonizen kasuan, Frantzian ezarritako zigorra Espainian duenari batu diote. Hamar urteko zigorra betetzear da euskal presoa, eta, hala, 2018ko otsailean irtengo da espetxetik, hain justu Espainian ezarritako zigorra osorik betetzen duenean. Iriondoren kasuan, berriz, Frantziako justiziak hogei urteko zigorra ezarri zion 2013an. Nolanahi ere, erredentzioak kontuan hartuta, 2024an irten daiteke espetxetik. Defentsa abokatuaren eskaeretako bat zen bi euskal presoei aurretik ezarritako zigorrak batzea.

Arginzoniz elorriarraren etaIriondo lasartearraren kontrako epaiketa egin dute asteon Parisko Auzi Kriminalen Epaitegian. 2007an Frantziako enpresa batean lehergaiak egiteko erabil daitekeen erregaia lapurtzea leporatuta epaitu dituzte bi euskal herritarrak. Akusatu biak preso daude, lehenagotik ezarritako zigorrak betetzen. Iriondo Frantzian dago preso, eta Arginzoniz, berriz, Huelvako espetxean (Espainia) ari da zigorra betetzen. Frantzian epaitu ahal izateko, euroagindua tramitatu zuen Frantziako justiziak, eta, horren ondorioz, Espainiak Frantziaren esku utzi zuen.

Elorrioko presoarekin gertatutakoa ez da ohikoa. Areago, lehen aldia da euskal preso batek Espainiako zigorra amaitu, Frantziak estradizioa eskatu, eta Frantzian ere epaitu dutena. Haren sendia eta defentsa beldur ziren estradizioa espetxealdia luzatzeko lehen pausoa izan zitekeelako, hura preso mantetzeko neurri berri bat zelakoan. Hainbat protesta ere egin zituzten herrian, herkidea askatu zezatela eskatzeko. Defentsako abokatu Xantiana Cachenautek atzo BERRIAri adierazi zion, epailearen erabakia, funtsean, «Europan indarrean den araudia aplikatzea» izan dela. Baina prokuradoreak zigor eskaera gogorrei eutsi diela; hor ez dela Frantziaren jarrera aldaketarik izan.

Parot, bosgarren aldia

Ion Parot preso lapurtarra baldintzapean askatzeko eskaera aztertu zuten atzo Parisko auzitegiko epaileek, eta heldu den otsailaren 22an emango dute erabakia. Atzoko saioan prokuradorea, beste behin, euskal presoa aske uztearen aurka azaldu zen. Besteak beste, fiskalak argudiatu zuen Parotek «desordena publikoak» eragin ditzakeela, leporatutako delituek haren zigorra justifikatzen dutela, eta epaileek ez dutela zertan amnistia onartu.

Preso egin dituen 28 urte hauetan, Parotek bosgarren aldia du baldintzapean askatzea eskatu duena, eta hirugarren aldia du epaile batek onartzen diola, baina hirugarren aldia da, orobat, prokuradore batek helegitea aurkezten diola erabakiari. Aurreko bi kasuetan, epaileek aintzat hartu zuten fiskalaren eskaera, eta Parot preso mantentzea erabaki.

Paroten abokatu Julien Brelek salatu du fiskalaren erantzunak agerian uzten duela Frantziako Estatuaren jarrera ez dela aldatu, eta hartutako erabakiekin bake prozesua kontuan ez hartzea egotzi dio: «Borroka armatuaren bihotzean bagina bezala segitzen du. Ez du batere kontuan hartzen bake prozesu bat abian dagoela, euskal gizartea bakearen alde dagoela».

Abokatuak argi du Parotek aske egon beharko lukeela, «gizarteratzeko» erakusten duen jarreragatik, eta beste edozein preso libre egongo litzatekeela egoera berberean balego.

Bagoaz elkarteak ere prokuradorearen jarrera kritikatu du. Ohar batean, ulertezin iritzi dio ETAren armagabetzearen ostean halako jarrera izateari, eta bake prozesuaren aurka jotzea egotzi dio.

EH Baik salatu du fiskalaren arrazoiak «lotsagarriak» direla, eta ezin dela justifikatu halako jarrera bat Euskal Herriko bakearen aldeko apustua nagusi denean. Atzo arratsaldean, elkarretaratzea egin zuten Baionan, Parot aske uzteko eskatzeko.

Iparragirre, fiskalaren zain

Ibon Iparragirre euskal presoaren inguruko auzia daraman Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak oraindik ez dio erantzun presoaren osasun egoerari buruz egindako azken txostenari. Jose Luis Castro epaileak berak eskatuzuen txostenak dio Iparragirreren egoera larria dela eta aske uzteko baldintzak betetzen dituela. Espero zen fiskalak bi egunen buruan ematea txostenari buruzko iritzia, baina jadanik astebete pasatu da testua eskuratu zuenetik, eta ez du erantzun. Autoa aldekoa balitz, aske uzteko prozedura berehala jarriko litzateke martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.