Jaurlaritzak esan du behera egin dutela eskolako jazarpen kasuek

86 'bullying' kasu identifikatu dituzte 2016-2017 ikasturtean; aurrekoan, berriz, 121 izan ziren. Bost erasotik bat ziberjazarpena izan zen

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Eskola jazarpenak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halaxe jakinarazi zuen atzo goizean Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Hezkuntza Ikuskaritzak jasotako datuak aurkezteko agerraldi batean. Uriartez gain, han izan ziren Jose Angel Ayucar Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia eta Aitor Albizu Durangoko Berritzeguneko aholkularia.

2016-2017 ikasturtean, Hezkuntza Ikuskaritzak 443 kasu aztertu zituen, eta prentsaurrekoan adierazi zuten horietatik 86 izan zirela jazarpen kasuak; hau da, ikertutakoen %19,4. Beherakada nabarmena da aurreko ikasturtearekin alderatuta; izan ere, 121 kasu izan ziren 2015-2016 ikasturtean. Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren eraso gehienak, 86tik 57 (%66). Lehen Hezkuntzan gertatu ziren gainerako 29ak, batez ere aldi horretako azken urtean.

Eraso motari dagokionez, gehienak bazterkeria eta marjinazio kasuak dira (%48,8). Ondoren datoz hitzezko erasoak (%20,9), eraso fisiko zuzenak (%13,9), mehatxuak (%8,1), bestelakoak (%4,6) eta jazarpen sexuala (%3,4).

Nabarmendu zuten erasoen %20 Interneten, sare sozialen edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu zela; hortaz, ziberjazarpen kasuak izan ziren. Adierazi zutenez, sarean gertatzen den jazarpena ez da fenomeno berria, eta gero eta gehiago dira horrelako bullying kasuak.

Egitasmo berria indarrean

Jazarpenaren kontrako neurri gisa, Uriartek gogorarazi zuen Hezkuntza sailak Bizikasi proiektua jarri duela martxan ikasturte honetan. Egitasmo horren helburua da ikastetxeak «bizikidetza positiborako espazio» bihurtzea, indarkeriarik gabeak. Adierazi zuen helburua erdiesteko ezinbestekoa dela «ikasleen eta hezkuntza komunitate osoaren konpromisoa».

Jazarpena jasan duen ikasleari beharrezko arreta emateaz gain, jazarpen hori eragin duten edota ikusle rola izan duten ikasleekin ere esku hartzean datza Bizikasi proiektua. Ikasleak ahaldundu nahi dituzte, erasorik ez izateko, honako konpetentzia hauek garatuz: enpatia, asertibotasuna eta erantzukizun sentimendua, besteak beste. 2017-2018 ikasturtean, jadanik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publiko guztietan ezarri dute Bizikasi, eta Berritzeguneetako 320 aholkulari eta 80 ikuskari prestatu dituzte. Era berean, adierazi zuten irakasleei eskainitako trebakuntza saioak egiten jarraitzen dutela.

Bestalde, agerraldian gogorarazi zuten ia zortzi urte direla Zeuk esan izeneko telefonoa martxan jarri zutela: 116 111. Haurrei eta nerabeei arreta emateko telefono zenbakia da, eta erabiltzen duten gazteek psikologo talde baten laguntza eta babesa jasotzen dituzte. Telefono bidezko zerbitzu hori sortzeko arrazoia zera izan zen, jazarpena jasaten duten gazte asko ez direla ausartzen jasandako erasoak beste bide batetik salatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.