Eten egin dute irakasleen greba, Jaurlaritzak zer proposatuko zain

Jaurlaritzak eta sindikatuek bilera dute datorren astean, eta grebak gelditu dituzte ELAk, LABek eta Steilasek. Astebeteko greba hastear zuten

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Mobilizazioak eten dituzteArabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. Irakasleen arloan aste osoko greba hastekoa zuten hilaren 23an, baina ELAk, LABek eta Steilasek bertan behera utzi dute deialdia. Datorren astean mahai sektoriala dute Eusko Jaurlaritzarekin. Han zer proposatuko zain daude, eta, bien bitartean, eten egin dute greba. Ohartarazi dute, nolanahi ere, mobilizazioei helduko dietela gobernuak bilera horretan ez badu akordioa lortzeko moduko proposamenik aurkezten. Adostasunik ez bada, maiatz-ekainetan berriro joko dute mobilizazioetara.

Bi urte eta gehiago dira lan gatazka hasi zela. 2016ko otsailean hasi zituzten mobilizazioak hiru sindikatuek; nabarmendu zuten hezkuntza ez dagoela Jaurlaritzaren «lehentasunen artean», murrizketak ikusita. Orduan jarritako eskari zerrendari eutsi diote hilabeteotan guztietan: hezkuntzako inbertsioa areagotzea, ikasgeletako ratioak gutxitzea eta irakasle gehiago izatea, langileen behin-behinekotasuna jaistea, ordezkapenak azkarrago egitea, soldatak eta pizgarriak hobetzea...

Aurreko ikasturtean hasi zituzten grebak hiru sindikatuek; zazpi egunetan jo dute grebara ordutik. Iazko ikasturtean, martxoan eta maiatzean —bi bider—; aurtengo ikasturtean, azaroan, abenduan eta martxoan —bi egun segidan—. CCOOk eta UGTk ez dute gisa bereko mobilizaziorik antolatu; abenduaren 12an bai, bost sindikatuek deitu zuten grebara.

Beste hiru mahaiak

Azken asteetan azaldu dira gorabeherak, hala ere. Lau esparrutan deitu dute protestara: irakasleak, heziketa berezia, sukaldari eta garbitzaileak eta Haurreskolak partzuergoa. Martxoaren 14an eta 15ean, lau esparruetarako antolatu zuten greba, baina, horren atarian, adostasunak egin zituzten irakasleenean ez beste mahaietan. Hautsi egin zen hiru sindikatuen batasuna: LABek, CCOOrekin eta UGTrekin batera, akordioak lortu zituen Jaurlaritzarekin, baina ELAk eta Steilasek ez zituzten onartu, eskasak zirelakoan. Aurrez aurreko handia izan zuten ELAko eta LABeko buruek.

Gaur-gaurkoz, beraz, irakasleen arloko mahai sektoriala dago akordiorik gabe, eta elkar hartuta ari dira ELA, LAB eta Steilas. Izatez, langileen kopuruari begiratuta, hori da sektorerik handiena.

Hilabeteotan batzar bat baino gehiago egin dute sindikatuek eta Jaurlaritzak. Abenduan egin zuten azken bilera esanguratsua, sindikatu guztiek greba elkarrekin egin eta gero: besteak beste, Jaurlaritzak proposatu zuen ordezkapenak azkartzea, 60 urtetik gorako irakasleen eskola orduak gutxitzea eta ratio altuak dituzten geletan tutoretza bikoitza jartzea. Sindikatuek aitortu zuten planteamendu hori «pauso bat» zela, baina ez zuten nahikotzat hartu. Behin-behinekotasuna jaisteko neurrietan dago gako bat: planteamenduak urrun dituzte bi aldeek, eta, areago, gaur egungo datuak zein diren ere ez daude ados.

Azken bilera urtarrilean egin zuten, baina gobernuak ez zuen proposamenik aurkeztu. Sindikatuek uste dute greba deialdiek bultzatu dutela gobernua berriro mahaia deitzera. «Deigarria eta salagarria da Jaurlaritzak greben bezperara arte itxarotea mahaiak deitzeko». Langileak grebei ematen ari diren babesa goratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.