Bonbaz bete da Bardeako zerua

Espainiako armadak 'Ekaitza 2015' izeneko ariketa militarrak egin ditu asteon Erriberako tiro eremuan. Azpiegitura horren kontrako haien iritzia berretsi dute hango zenbait herritarrek.

Espainiako armadako hegazkinek hamaika bonba bota dituzte, egunotan, Bardeako tiro eremuan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Paisaia berezia eta bakarra da Bardeakoa (Nafarroa). 42.000 hektareako eremua du, eta uraren eta haizearen eragina erakusten duten hamaika txoko harrigarri. Hegaztiei so eginez gozatzeko toki paregabea da, adituek diotenez; bizikletaz edo oinez txangoak egiteko ere aukera asko eskaintzen ditu. Natur parkea da, bai eta biosferaren erreserba ere. Asteon, hala ere, hainbat bide itxita izan dituzte bisitariek. Bardeako zerua bonbaz bete da. Espainiako armadak, urtero bezala, Ekaitza izenburuko ariketa militarrak egin ditu, benetako suarekin: Bardeak bonbak lehertzeko tiro eremua ere baitu, higadurak zizelkatutako paisaiekin batera.

1951. urtean jarri zuten martxan Espainiako armadaren Bardeako azpiegitura. Bardeako Komunitateak 2008. urtean sinatu zuen Espainiako Defentsa Ministerioarekin, 210 milioi euroren truke, egun indarrean dagoen kontratua. 2018. urtean berez luzatuko da kontratu hori, 2028. urtera arte. Hiru urte barru, hala ere, hitzarmenaren baldintza ekonomikoak berrikusiko dituzte. «Bardeako Komunitateak orain artekoaren bikoitza jasoko du», azaldu du Milagros Rubiok, Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzordeko kideak.

Diru horrek azaltzen du Bardeako Komunitateak tiro eremuari emandako baiezkoa, Rubioren hitzetan. Komunitatea osatzen dute Bardeako hemeretzi udalek, Olivako monasterioak, eta Zaraitzuko eta Erronkariko ibarrek. Erriberako herritarren artean Espainiako armadaren azpiegituraren aurkako iritziak badira, baina Rubiok uste du, neurri handi batean, jendeak etsi egin duela. «Anitzentzat tiro eremua beti egon da hor. Galdetzen badiezu, aurka direla erraten dute, baina ez dira kexatzen karrikan bonben hotsa entzuten dutenean».

Espainiako armadako hegazkinek egunotan erruz bota dituzte: 32 jaurtigai, 10 tona bonba guztira. Aste honetakoak ez dira aurtengo lehen ariketa militarrak izan, gainera. Martxoan ere egin zituzten. Orduan, hegazkinek huts egin zuten, eta Espainiako Defentsa Ministerioak onartu behar izan zuen tiro eremutik kanpo jaurti zituztela bi bonba. Hegazkin batek, antza, «ohi baino azkarrago» bota zituen bi ke bonba. Ibilgailu batetik 50 metro eskasera erori ziren. Zaragozako (Espainia) bikote batek eman zuen abisua. Natur parkean ziren, txangoa egiten, eta ondora erori zitzaizkien bi bonbak.

Bardeako bideetan gora eta behera hamaika aldiz ibilitakoa da Eduardo Blanco Mendizabal. Corellakoa da, eta etxetik ordu erdira du Bardeako paisaia. Natura eta bidaia argazkilaria da, eta bere kameraren objektiboarekin harrapatu izan ditu hango paisaiaren berezitasunak. «Bardeako paisaia bakarra da; higaduraren eragina ikusgarria da, eta berezi bilakatzen du. Kutsatu gabeko espazioa da Bardeakoa, gainera, nolabait: ez dago etxerik, ez dago linea elektrikorik. Argazkiak egiten gozatzeko espazio bat da. Ikasteko baliatu dut».

Ez guztiak, ordea. Tiro eremuaren inguruko kartelek bidea ixten diete bisitariei. Bai eta argazkilariei ere. «Arazoa hori da, badela ezin sar gaitezkeen eremu bat. Nik beti ezagutu dut Bardea tiro eremuarekin; uste dut egia dela herritarrok, nolabait, ohitu egin garela», onartu du Blanco Mendizabalek. «Eztabaida ez da hainbertze tiro eremua behar dugun edo ez; nire ustez, benetako eztabaidak izan beharko luke ea gizarteak armada behar duen».

Bardeako fauna bilakatu du argazkilariak bere irudien protagonista, anitzetan. Horri buruz, tiro eremuak hainbat hegaztiri «mesede» egin diela erran du Blanco Mendizabalek. «Jendeak ezin duenez han sartu, tiro eremuaren mugak hainbat espezierentzat aterpe bilakatu dira».

Hori behin baino gehiagotan entzun du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko Eduardo Nabaskuesek. Ekologistak argi du erantzuna zein den: «Estepako hegaztiek ez dute tiro eremurik behar habitat egokia izateko; bizi diren espazioak erreserba integral bilakatzea bertzerik ez dute behar. Bardean ere horixe egin beharko genuke: tiro eremua erreserba integral bihurtu».

Natur parkea, 1999tik

Nabaskuesentzat bateraezinak dira natur parkea eta tiro eremua. Parkea 1999an sortu zuten. Haren babespetik kanpo gelditu zen tiro eremua. Gauzak ez dira behar bezain ongi egin, Ekologistak Martxan taldeko kidearen hitzetan. «1999tik, behin baino ez du egin bilera parkeko zuzendaritza batzordeak; neurriak hartzen dira, baina ez dago benetako plangintzarik».

Tiro eremuak Bardean izan dezakeen eraginaz harago, ikuspuntu antimilitarista batetik ere aurka agertu da Nabaskues. Mugimendu antimilitaristaren barruan sortu zen ere, 1987an, Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzordea. «Lanean jarraitzen dugu», erran du Rubiok.

Onartu du, hala ere, herritar anitz azpiegituraren aurka izan arren, oposizio hori ez dela sumatzen. «Horregatik da garrantzitsua urtero egiten dugun martxa; bidea da azpiegitura horren aurkako sugarra ez itzaltzeko».

Ekainaren 7an eginen dute aurten. Bardea Orain taldeak ere parte hartuko du. Aurretik, ekainaren 3an, Gladys del Estal omenduko dute elkarteko kideek, Tuteran. Herri hartan hil zuen Guardia Zibilak 23 urteko gaztea, 1979ko ekainaren 3an. Militante ekologista zen, eta nuklearren aurkako protesta batean parte hartzen ari zen, hil zutenean.

2008an sortu zen Bardea Orain. «Urtean behin martxa egitea nahikoa ez zela argi genuen. Batzar antimilitarista gara; urte osoan eta herriz herri jorratzen dugu tiro eremuaren auzia», azaldu du taldeko kide Noemi Solanak.

Etsipenaren aurrean, tiro eremuaren aurka egitera deitu ditu Solanak herritarrak. Nabarmendu du Bardean probatzen dituztela bertze hamaika herritan erabiliko dituzten armak, eta Erriberako herritarren segurtasunari ere eragiten diola azpiegiturak. Nafarroako Gobernuan gerta daitezkeen aldaketek tiro eremuaren etorkizunean ere eragina izan dezaketela nabarmendu du Solanak. «Aldaketak balio dezala presioa egiteko, eta kontratua bertan behera uzteko». Rubiok zail ikusten du 2018an hori lortzea. Gobernuak ez duela erabakiko gogoratu du. Baina funtsezkotzat jo du erakunde horrek, bai eta Tuterako Udalak ere, presioa egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.