FAOk alarma itzali du

Elikagai garestien garaia amaitutzat jo du Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak. Desnutrizioak ez dio utzi behera egiteari, baina oraindik 788 milioi pertsona daude gose munduan

2016ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Bi krisi hasi ziren 2007-2008an: finantzak mundu aberatsenean piztutakoa, eta elikagaiena, krisi etengabean bizi diren herrialde askok pairatu zutena oinarrizko janarien prezioek eztanda egin zuenean. Alarma gorria piztu zuen Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak, FAOk, prezio handien ondorioz milioika lagun gosez hiltzeko arriskua zutelakoan. Zortzi urte geroago, alarma hura itzali du FAOk, elikagai garestien garaia amaitzen ari dela azaldu baitu. Eta ez hori bakarrik, datozen hamar urteotan elikagaien prezioak ez direla asko garestituko ziurtatu du.

Haragiak, esnekiek, zerealek, azukreak eta landare olioak nazioarteko merkatuetan duten prezioarekin indize bat lantzen du FAOk. 2000tik 2006ra igoera txikiak izan ondoren, 2007an eta 2008an salto handi bat izan zuen. 2002-2004ko batez bestekoari 100eko erreferentzia emanez gero, 2008an indizea 201,4ra iritsi zen. Lehen sirena hotsak entzun ziren, baina berehala itzali ere, krisi ekonomikoa zabaldu ahala FAOren indizeak ere behera egin zuelako. Baina lasaitua laburra izan zen, berriro sekulako gorakada izan baitzuten elikagaien prezioek. 2011n jo zuen goia indizeak, 229,9ra iritsita.

Orduz gero, behera egin du indizeak, elikagaien produkzioa handitu delako, ekonomiaren hazkunde motelak eskaria ere moteldu duelako, eta azken bi urteotan petrolioa merkatu delako.Ondorioz, indizea 164ra jaitsi zen iaz, eta artean maila horretan zegoen ekainean ere (163,4). FAOk uste duenez, ez du aurrerantzean ez du izango igoera ikusgarririk, elikagaien eskaria erritmo mantsoan igoko delako. Uztailean OCDErekin batera kaleratutako 2016-2025 txostenak hiru arrazoi ematen ditu prezioen egonkortzea azaltzeko: biztanleriaren igoera mantsotuko da, energiaren kostuak gutxituko dira, eta janari erreserba handiak daude.

Hala ere, prezioen beherakada produktu guztien artean ez dela bera izango azpimarratu dute FAOk eta OCDEk. Batetik, zerealaren eskariak dagoen bezala jarraituko duenez, prezioetan ez da aldaketa handirik izango. Bestetik, haragi, arrain edota proteinan aberatsak diren beste zenbait elikagairen eskarian gorakada espero dutenez, haien prezioek ere goraka egin beharko lukete.

Oro har, hemendik 2025era eskaria gero eta motelago haziko da. Eskari horri erantzuteko modua ikusten dute: produkzioaren gorakadaren %80 teknologien aurrerapenari esker izango da, eta gainontzeko %20, berriz, laborantza eremuaren hedakuntzari esker. Ekoizpena batez ere Saharaz hegoaldeko Afrikan (zerealak) eta Latinoamerikan (soja) gertatuko dela espero dute FAOk eta OCDEk.

Gosea Afrikan

Saharaz hegoaldeko Afrika da, hain zuzen ere, desnutrizio arazo gehien dituen munduko zonaldea. Han ere gose daudenen kopurua jaitsiko bada ere, ez da munduko beste leku batzuetan bezainbeste jaitsiko, ekoizpena ez baita biztanleria bezain bizkor haziko. Horren ondorioz, munduan gaizki elikatuta daudenen laurden bat zuenak heren bat bilduko ditu.

Oraindik ere desnutrizioa arazo oso handia bada ere, azken urteotan gutxitzen aritu da. 1990. urtean, esaterako, 1.010 milioi pertsona zeuden desnutrizio egoeran, munduko biztanleen %18,6. Kopuru hori %10,9ra jaitsi da 2014-2016ko urteetan. Nazioarteko biztanleriaren kopurua 1.900 milioi igo den arren, 1990. eta 1992. urteetan baino 216 milioi biztanle gutxiago daude egoera horretan. Zenbaki hori oraindik ere gehiago jaitsiko dela iragarri du FAOk: gaur egun 788 milioi pertsona dira, eta 2025erako 650 milioi baino gutxiago izango dira, munduko biztanleen %8.

Desnutrizioa ez ezik, obesitatea ere arazo bat da, eta handitzeko joera duela nabarmendu dute FAOk eta OCDEk. Herrialde aberatsetan zein pobreagoetan, oinarrizko elikagaien kontsumoa jaitsiko da, eta igo, berriz, produktu prozesatuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.