Aktibaziorako deia oholtzatik...

Aspaldiko argazkirik zabalena bildu da Euskararen Egunean, EAEko erakundeek bultzatu duten ekitaldiaren bueltan. Elkarlanean aritzeko asmoa azaldu du Zupiria sailburu berriak

Hakobak antolatutako ekitaldian bildutako ordezkarietako batzuk, amaierako argazkian. Erdian, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikarako sailburua. M. RAMIREZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Argazki berriak ekarri ditu Euskararen Egunak aurten. EAEko instituzioek eta arlo askotako eragileek elkarrekin egin zuten ekitaldi bat atzo, Bilbon. Zer egin dezaket nik euskararen alde? izeneko adierazpena joan den astean aurkeztu zuten, eta mezu hori izan zuten ardatz saioan. Eragileak eta erakundeak batuta, argazki berria. Eta oholtzan ere bai, irudi berria: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuak gisa horretako lehen ekitaldia zuen. Elkarlanaz jardun zuen hitzaldian: «Lankidetza praktikatu nahi dugu». Nafarroan ere argazki berria ekarri du abenduaren 3ak: ekitaldi batzuk antolatu ditu gobernuak Euskararen Egunaren harira. Lehenengo aldia da.

Hakoba bilgunearen ekimenez egin dute ekitaldi nagusia, Bilbokoa. Talde horretako kide dira EAEko instituzio nagusiak: Jaurlaritza, hiru diputazioak, hiru hiriburuetako udalak, eta Eudel eta Uema. Haiek adostu zuten adierazpena, eta ia 700 atxikimendu jaso ditu jada, atzo azaldu zutenez —tartean, euskalgintzako eragileak eta beste eremu batzuetakoak—.

Euskararen inguruan gogoeta egitera deitu nahi izan dute adierazpenaren bidez, Zer egin dezaket nik euskararen alde? galderari erantzunez. «Gutariko bakoitzak egin baitezakegu zerbait». Finean, esparru batean eta bestean euskararen aldeko aktibazioa lortzea jarri dute helburu.

Nork bere esparrutik

Esparru ugaritako eragileek izenpetu dute agiria, eta haietako batzuek hitz egin zuten atzo, zer asmo duten azaltzeko. Orokorrak izan ziren batzuen hitz hartzeak, euskararen aldeko jarrera azaltzera mugatuak; beste batzuek, ordea, gai zehatzak jarri zituzten mahai gainean. Eibar futbol taldeko ordezkariak, adibidez, iragarri zuen euskara plan bat taxutzen ari direla, eta berriak izango direla urtarrilean. Realeko kide Andoni Iraola kanpora begirako hutsuneez jardun zen: ari direla barneko alorra euskalduntzen, batez ere gazteetan, baina isla falta dela. «Etxe barrutik plazara eraman beharra dugu euskara».

Hutsuneak dauzkatela aitortu zuten beste eragile batzuek. Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuak, adibidez, argi adierazi zuen justizia arloan ez direla hizkuntza eskubideak bermatzen; «ezagutza eta sentsibilitate falta» aipatu zuen. Hain justu, AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak euskalduntze bidea izan zuen hizpide, eta AEK «bidelagun» dela hor. Euskaldunentzako espazioak sortzeaz aritu zen Topaguneko lehendakari Elena Laka, eta elkarlanaz.

Lankidetza hartu zuen hizpide Zupiria sailburuak ere. Euskarari «bultzada berri bat» emateko garaia dela esan zuen, eta legealdirako ildo batzuk aipatu: euskararen agenda estrategiko berria egitea, beste erakundeekiko sareak indartzea, aisiako eta familiako erabilera bultzatzea... Hizkuntza politika «aurreratua» iragarri zuen, eta elkarlana eskatu. Atzo, elkarrekin ziren legebiltzarreko bost taldeak; euskara bultzatzearen alde jo zuten, nork bere eran.

Beste adostasun irudi bat ere iritsi da alderdien ingurutik. EAJko, EAko, Ahal Dugu-ko eta Aralarreko gazte taldeek dokumentu bat egin dute, Gazteok euskararekin bat izenburupean. Besteak beste, euskararen «ofizialtasun instituzional eta soziala» eskatu dute Euskal Herri osorako, euskaraz egiteko eskubidea «esparru orotara» zabaltzea eta euskararen aldeko «diskriminazio positiboa» egitea. Erabilera handitzeko «konpromisoa» ere hartu dute, eta euskara «alderdikeriatik» ateratzeko eskatu. Beste bi eskari ere bai: euskalgintzarekin «elkarlan zuzen eta etengabea» bermatzea eta Espainiaren eta Frantziaren «ukazioei» aurre egitea.

Baionan eta Nafarroan

Eskari horietako bat hartu zuen aldarrikapen, hain justu, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek atzo: euskararen ofizialtasuna. Manifestazioa egin zuten, Baionan, euskarak Euskal Herri osoan ofizialtasuna edukitzea galdegiteko.

Nafarroan, gobernuak lehen aldiz antolatu ditu ekitaldiak Euskararen Egunaren harira —jaieguna da abenduaren 3a Nafarroan—. Kultur emanaldiak egin zituzten Iruñean, Tuteran eta Altsasun. Adierazpen bat ere onartu du gobernuak: herritarrek euskara «normaltasun osoz» erabili ahal izatearen alde agertu da. Kanpaina bat ere jarri dute martxan azken egunetan, Nafarroan euskarak duen irudia hobetzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.