G20koek klimaren Parisko Akordioa berretsi dute, Trump bazter lagata

Macronek abenduaren 12an antolatuko du hurrengo goi bilera klimaz, Parisen. Protekzionismoa borrokatzea adostu dute, baina merkataritza desleialari «legezko tresnekin» erantzutea onartuz

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, Hanburgon. SEAN GALLUP / EFE.
Jon Fernandez.
2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Gai arantzatsu bi zeuzkaten G20ko kideek Hanburgoko mahai gainean: batetik, klima aldaketaren kontrako ituna; bestetik, nazioarteko merkataritzaren kontrako protekzionsimoa. Lehenengoan, hemeretziek ez dute lortu AEBetako presidentea konbentzitzea; eta, bigarrenean, erdizka baino ez. Nahiz eta bi gai horietan indar korrelazioa hemeretzi baten kontra izan, Donald Trump ez da kikildu, eta bere jarrerari eutsi dio.

Ekain hasieran erabaki zuten AEBek klima aldaketaren kontrako Parisko Akordiotik ateratzea, argudiatuta, besteak beste, itunak eskatutako emisio gutxitzeek ikazkin estatubatuarrak lanik gabe utziko lituzkeela. Bada, Trumpek ez G20ko beste kide guztiek berretsi dute Parisko Akordioa, eta atzerabiderik gabeko ituntzat jo dute. AEBen isolamendua hain agerikoa ez izateko, salbuespen bat egin dute, eta paragrafo bat erantsi diote agiriari, Etxe Zuriko maizterraren esaldi batekin: «AEBek estuki lan egingo dute beste herrialdeekin energia fosilak modu garbiagoan lortu eta erabil ditzaten».

Nolanahi ere, hemeretziek nabarmendu dute ez datozela bat adierazpen horrekin, Parisko Akordioko printzipioen kontrakoa delako. Areago, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri du itun horretan sakontzeko goi bilera batera deituko duela abenduaren 12rako Parisen.

Bigarren gai arantzatsuan, merkataritzaren arloan, errazago lortu dute adostasuna; besteak beste, Etxe Zuriaren neurrira moldatu dutelako protekzionismoaren kontrako adierazpena. Denek defendatu dute nazioarteko merkataritza askea, baina atzerriko hainbat produkturi muga zergak igoko dizkiela aginduta hauteskundeak irabazi zituen agintariak baina handi bat gehitzea eskatu du konpromisoa sinatzeko, eta onartu egin diote. Horrela, G20koek ontzat jo dute merkataritza praktika desleialei defentsa komertzialeko «legezko tresnekin» erantzuteko eskubidea. Era berean, MME Munduko Merkataritza Erakundearen arauak «hobetzeko» ere eskatu dute, Trumpek nahi bezala.

Mayrekin ituna, «oso laster»

Hanburgoko anfitrioi aritu da Angela Merkel kantzilerra, eta aitortu du, «gai batzuetan emaitza onak izan arren», negoziazioak «zailak» izan direla. Trumpek klimaren eta protekzionismoaren inguruan erakutsitako jarrerari dagokionez, berriz, nabarmendu du Europak «bere eskuetan» hartu behar duela etorkizuna besteen zain egon barik, nahiz eta gaineratu elkarrekin bakarka baino gauza gehiago lor daitezkeela.

Edonola ere, goi bileraren emaitza eta ondorio orokorrak bezain garrantzitsuak edo gehiago izan dira bertan agintariek izandako alde biko bilerak. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, esaterako, AEBekin harremana hobetzeko aukera ikusten du Trumpekin berba egin eta gero. Bestalde, Theresa Mayk harremana indartu du AEBetako presidentearekin, brexit-aren ostean bi herrialdeen arteko merkataritza itun bat lortzeko asmoz. «Akordio sendo bat espero dut oso laster», adierazi du Trumpek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.