Espainia honetan ezin da

Egia eta adiskidetze batzordeen lana aztergai izan dute azkeneko egunetan Baionan. Adituek ez dute uste horrelakorik sortuko dutenik Espainiako Estatuan.
Baionako Unibertsitatean egia eta adiskidetze batzordeei buruz atzo egindako mahai ingurua.
Baionako Unibertsitatean egia eta adiskidetze batzordeei buruz atzo egindako mahai ingurua. ISABELLE MIQUELESTORENA

Eneko Etxegarai Urain -

2018ko otsailak 4
Ezinezkoa. Hara nola ikusten duten Espainian egia eta adiskidetze batzorde bat sortzeko aukera, atzo Baionako Unibertsitatean batu ziren adituek. «Uste dut inoiz ez dudala halakorik ikusiko, ez Espainiako diktadurari buruz, ez eta gertatu berri denari buruz ere», azaldu du Francisco Etxeberria auzitegi medikuak eta EHUko irakasleak.

Mahai inguruko guziek bat egin dute Etxeberriaren erranekin. Eusko Jaurlaritzak halako komisio bat sortu zuela gogorarazi du hark, «baina aski azkar bertan behera geratu zen». Baltasar Garzon epaile espainiarraren eginkizuna ere jarri du ezintasunaren adibidetzat: «Memoria historiarako talde bat sortu zuen; sei aditu ginen eta hamar polizia. Lanean hasi, eta hirugarren bilkuran bertan behera geratu zen dena». Gerra zibileko memoria aipatzean, jardunaldian behin baino gehiagotan atera da Garzonen izena. Ahazten dena soilik hiltzen delako agian, Iñaki Lasagabaster EHUko irakasleak oroitzera ekarri duenez: «Egunkari bat [Egin] itxi duen epailea da; prebentiboki itxi zuen, gainera. Argitalpen bat deuseztatu zuen, egunkari baten garrantzia daukan bat».

Jean Ortiz zibilizazionista eta Espainia zein Hego Ameriketako adituak are ilunago ikusten du gisa horretako komisio baten sorrera: «Nik uste dut momentu honetan ez duela ezertarako balio». Ikuspuntuaren arrazoiak zehatz eman ditu: «Funtsezko galdera neofrankismoa bukatzea da, haustura ematea diktadurarekin. Espainian ez da egon haustura hori, frankismoa birziklatu egin da». Birziklatze horren adierazlea da Sophie Baby Espainiaren trantsizioan aditu eta Dijongo (Borgoina) Unibertsitateko historia irakasleak errana: «Frankismoko torturatzaileak antiterrorismoan birziklatu dira».

Babyk dio hausturarik egon ez izanaren arrazoia, 1977ko Amnistia Legearekin batera, «ahazturaren itunean» dagoela: «Inor ohartu gabe sartu zen, arazorik ekarri gabe». Ortizek, ordea, adierazi du batzuk ohartu zirela. Haren ustez, «estrategia» zehatz bat egon zen: «Indar politiko handi guzien inposizio bat izan zen, klase zapaltzaileek egina, eta oraindik hor daude». Ortizen iduriko, gaur egun indarrean segitzen duen estrategiak eragozten du egia eta adiskidetze batzorde baten sorrera:«Nonbaitetik hastekotan, oraindik kalean libre diren 30 kriminal frankistak epaitzen hasi beharko da».

Diktadorearen fundazioa

Komisioa sortzeko ezintasuna azaltzeko, adierazgarriak diren adibide batzuk jarri dituzte. Jean Pierre Massias Baionako Unibertsitateko zuzenbide irakasle eta mahai inguruko antolatzaileak Espainiako Estatuaren potreta gordina egin du: «Madrilgo Herriko Etxeak karrika batzuen izen frankistak kendu nahi dituelarik, epaile batek bertan behera utzi du asmoa, Francisco Franco fundazioaren helegitearen ondoren». Publikoari begira bota du galdera: «Zer herrialdetan irudikatzen ahalko genuke Adolf Hitler fundazioa, edo Klaus Barbie eta Pol Potena?».

Justizia trantsizionala zein egia eta adiskidetze batzordea «guztiz zilegi» direla azpimarratu du Massiasek. «120.000 gorpu lurperatuta daude oraindik. Munduan inoiz ikusi gabeko egoera da. Milaka torturatu, haur desagertuak…».

Hala eta guztiz ere, lanean segitzeko borondate irmoa adierazi dute guziek. «Ez gaitezen pesimismoan erori», eskatu du Massiasek, eta jakiterat eman «Ipar zein Hego Euskal Herriko unibertsitate guziek» justizia trantsizionalaren inguruko lanketa amankomun bat hasiko dutela. Baionakoa izango da egoitza nagusia.

Biktimen lekukotza

Hego Amerikako egia eta adiskidetzeari buruzko batzordeen lana aztertu dute Baionan lau egunez, eta azken saioan Espainiako 1936ko gerran, ondorengo 40 urteko diktaduran eta euskal gatazkan biktimak izan direnen lekukotasunak izan dira. Komisioaren beharraz mintzatu dira.

Biktima horietako bat da Carlos Escartin. Francoren diktadura garaian FRAPeko militantea izategatik torturatu egin zuten. 20 urte zituen orduan Escartinek. Gordin begiratu dio bere egoerari: «Pribilegiatu bat naiz. Nire familia guzia hil zuten». Gogoan ditu oraindik espainiar polizia batek —Badajozko harakin ezizenekoak— erranak: «Gorri ustelak, zuek aginduko duzue noizbait, baina argi izan orduan ere polizia izango naizela».

Axun Lasak hartu du ondotik hitza. Haren anaia Joxean GALek bahitu eta hil zuen. Justuki, Baionako Unibertsitatetik berrehunen bat metrora harrapatu zuen GALek, 1983an. Hamabi urtez anaia gazteagoaren berri izan gabe egotea «antsietate handiz» bizi izan zuela adierazi du Axun Lasak. Alacanten (Herrialde Katalanak) azaldu ziren Joxean Lasa eta Joxi Zabala hilik; lurperatuta, tortura arrastoekin. Gaur ere instituzioen sostengua falta dutela esan du, nahiz eta nabarmendu «jendearena» izan zutela. «Baionako Udalera ere etorri ginen, baina inork ez zigun lagundu».

Maixabel Lasa ere izan da unibertsitateko saioan. ETAk hil zuen haren senarra: Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila, 2000n. «Gobernadore atipikoa» zela adierazi du Lasak. «Batik bat, euskalduna zelako, eta egin zuen lehen gauza Donostiko Antiguako komisaria ixtea izan zelako. Euskadiko egoerarekin biziki arranguratua zen. Behin esan zidan: 'ETAk hilko nau, edo Galindok'».

350 lagun bildu ziren atzoko mahai ingurua entzutzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna